INFO

Hamarka eragilek bat egin dute Palestinaren alde Baionan deituriko manifestazioarekin

‘Gazako sarraskia gelditu. Konponbidea eta Bakea Palestinarentzat’ lelopean larunbatean Baionan egingo den manifestaziora joateko deialdia babestu dute hamarka eragilek. Suprefeturak ez duela debekatuko 16.00etan Euskaldunen Plazatik abiatuko den martxa jakin dute antolatzaileek.

Urriaren 21ean Gernika-Palestina herritar ekimenak deituta manifestazioa egin zuten Donostian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Palestinarren aurka Israelgo Gobernua egiten ari den sarraskia salatzeko mobilizazioekin jarraituz, larunbatean mobilizazioa eginen da larunbatean Baionan. Aurrez, ostiral arratsaldean, Zuberoako BDS kanpainak deituta, elkarretaratze berria antolatu dute Maulen. 18.30tan jarri dute ordua Gurutxe Xuriaren plazan.

Orain arte debekuei muzin eginez eta Poliziaren zaintzapean burutu dituzte Urruñan eta Maulen, baita Baionan bi asteburuz jarraian antolatu dituzten ekimenak ere.

Lehena Kontseilu Sozialistak bultzatu zuen eta bigarrena Bilbon joan zen larunbatean eginiko mobilizazioaren ildotik antolatu zuten hainbat eragilek Lapurdiko hiriburuan.

Larunbatean, berriz, ‘Gazako sarraskia gelditu. Konponbidea eta Bakea Palestinarentzat’ aldarrikapena karrikara eramateko deia egin du oso bestelako eremutan jarduten duten herritarren taldeak. Suprefeturak martxa hori ez duela debekatuko jakin dute antolatzaileek.

Gernika-Palestina dinamikak zabalduriko bidetik, «jendarte zibileko kide garen heinean ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu» adierazi dute Euskaldunen Plazatik arratsaldek 16.00etan abiatuko den martxa horretara deituz plazaratu duten agirian.

35 herritarrek izenpetu zuten asteartean publiko egin zen manifestua.

Besteak beste, Manex Fuch antzerkigileak, Eñaut Etxeberria pilotariak, Panpi Sainte-Marie laborariak, Marie Cosnay idazleak, Marie Lagan, Mizel Zamora eta Jurgi Ekiza musikariek, Sandra Papon, Claire Lataillade eta Itziar Varela militante feministek, Mathieu Beloki bakegileak, Joana Halsouet arraunlariak, Guillaume Fauveau argazkilariak, Xebax Christy elkarte-militanteak edota Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakari den Paxkal Indok babestu dute deialdia.

30tik gora deitzaile berri

Izenpetzaile horiekin bat eginez, beste 30etik gora izenez osaturiko zerrenda publikoa egin dute ostegun honetan Baionako mobilizazioaren antolatzaileek.

Euskal Herriko Bai (EH Bai), Europe Ecologie-Berdeak, NPA, eta Gauche EcoSocialiste alderdietako hainbat hautetsik edo ordezkari agertzen dira sostengatzaile berrien artean. Baita eremu ezberdinetan militante gisara jarduten duten hainbat lagunek ere.

Hala, mobilizazioan izanen dira Françoise Gallois, Maite Etxeberria, Beñat Elkegaray, Arño Gastambide, Xabi Larre, Leire Larrasa eta David Hugla EH Baiko hautetsiak; Lysiann Brao, Nathalie Paroix eta Marie-Ange Thebaud EE-Berdeak taldeko hautetsiek babestuko dute deialdia, baita alderdi bereko Alize Leiziagezaharek eta Christophe Abellanok.

Ezker hexagonalarekin jarraituz, NPAko Thibaud Cattek eta Lysa Dudleyek bat egin dute deialdiarekin baita Evelyne Damestoy, Martine Mailfert eta Serge Nogues Gauche EcoSocialiste taldeko ordezkariek.

Hainbat sindikatutako ordezkari agertzen dira izenpetzaile berri horien artean, hala nola Peio Dufau, Eñaut Aramendi, Clement Pottier edo Argitxu Dufau.

Finean, Maite Goienetxe, Gilles Louis eta Jean-Claude Handy militanteak eta hainbat elkartetako kide, esaterako, Aldako Malika Peyrault, azaltzen dira martxa horren sostengatzaile gisara.

Frantzia Intsumituak, bestalde, agiri baten bidez manifestaziora joateko deia egin du baita ere.

Era berean, LAB eta Solidaires bezalako sindikatuek sare sozialen bidez protesta horrekin bat egiten dutela jakitera eman dute azken ordutan.

Pariseko Gobernuari oharra

Larunbatean Palestinaren aldeko sostengua eraskustea xede duen martxara deituz zabaldu duten agirian hainbat eskaera zehatz bere egin dituzte deitzaileek.

Lehenik eta behin, berehalako su etena eskatu dute, «eraso guztien bukaera eta bizia segurtatzeko».

Halaber, Gazaren setioarekin eta oro har Palestinako lurraldearen aurkako mehatxu ororekin bukatzea galdegin dute.

«Herritar palestinarrek zein israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela» nabarmendu ondoren, Palestinan Israelek burutzen duen kolonizazioaren amaiera eskatu dute.

Finean, «bake justu, egonkor eta iraunkorra» lortzeko bidean elkarrizketa prozesua plantan ematea eskatu dute.

Sinatzaileek gogor kritikatu dute frantziar Gobernuak Israelgo Gobernuari emandako erabateko sostengua, baita Palestinaren aldeko edozein elkartasun ekimen zigortzeko Parisek garatzen duen jazarpen politika.