INFO

Osakidetzaren «desegitea eta pribatizazioa» salatu dute Lakuako Osasun sailaren aurrean

Bilbon egindako elkarretaratzean, Bizkaiko osasun publikoaren aldeko plataformen koordinakundeko kideek azaroaren 11n bizkaitar hiriburuan, Donostian eta Gasteizen egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Bizkaiko osasun publikoaren aldeko plataformen koordinakundeko kideek elkarretaratzea egin dute. (Osasun publikoaren aldeko plataforma)

Bizkaiko osasun publikoaren aldeko plataformen koordinakundeko kideek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Lakuako Osasun sailaren aurrean, «Osakidetzaren desegitea eta pribatizazioa» salatzeko. Bertan, eraikinaren barrura ere sartzen saiatu dira, Bizkaiko Osasun Lurralde Ordezkariari eskaera bat helarazteko.

Era berean, azaroaren 11n Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Gaurko elkarretaratzean, Lakuak «hedabideen bidez egindako propaganda plan bat» salatu dute, «euskal herritarren eta osasun-arloko langileen ezinegona ukatuz». Kanpaina hau «nazkatuta dauden herritarrak nahasteko eta engainatzeko» dela iritzi du plataformak. Aldiz, adierazi dutenez, «herritarrok Osakidetzaren benetako egoera bizi dugu, eta enpresa eta interes pribatuen aldeko jokaerek pixkanaka Osakidetza desegiten dutela ikusten dugu».

Zentzu horretan, «iraunkortasunaz hitz egiten dutenean, murrizketak egiteaz» ari direla iritzi dute, eta «enplegua sortzeaz hitz egiten dutenean, enplegu publikoa suntsitzeaz ari dira, enpresa pribatuetan enplegu prekarioak sortzeko». «Hobekuntza teknologikoez hitz egiten dutenean, arreta prekarioaz eta eten digitala handitzeaz hitz egiten dute; lankidetza publiko-pribatuaz hitz egiten dutenean, osasun publikoa pribatizatzea esan nahi dute», gehitu dute.

Horren aurrean herritarrak «jasaten ari diren manipulazioaz ohartzen ari direla» baieztatu du plataformak. «Are gehiago murrizketen eta pribatizazioaren ondorioak beren haragitan bizitzen ari direnean; hala nola itxaron-zerrendak, EAGen itxierak, osasun zentroetako arreta ordutegien murrizketak, arreta presentziala lortzeko zailtasunak, lehen mailako arretaren kolapsoa eta ospitaleko larrialdi aseak, besteak beste».

Honela gizartearen «erantzun sendoa» eskatu dute eta iragarri dutenez mobilizatu egingo dira.  Azaroaren 11n EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan parte-hartzeko deia egin diete herritarrei, «osasun eredu guztiz publikoa aldarrikatzeko, diru publikoa osasun pribatura desbideratzeari uzteko, orain arte egin diren murrizketa guztiak lehengoratzeko eta kalitatezko osasun arreta duina eta unibertsala jasotzeko eskubidea errealitate izan dadin».