INFO

This browser does not support the video element.

Milaka lagun elkartu dira Bilbon euskararen aurkako erasoak salatzeko manifestazioan

Euskararen normalizazioaren aurkako sententziak salatzeko manifestazioak milaka lagun bildu ditu Bilbon. Euskararen aldeko akordio soziopolitiko bat aldarrikatu du Kontseiluak, «oldarraldiari aurre egiteko ez ezik, euskararen etorkizuneko erronka handiei erantzuteko».


Euskararen aurka epaitegietatik azkenaldian izan diren epaiak salatzeko, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatzeko eta herritarren eskubideak erdigunean jartzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioak milaka eta milaka lagun bildu ditu larunbat arratsalde honetan Bilbon, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean.

Udalaren arabera, 70.000 lagun izan dira mobilizazioan.

Manifestazioa hasi baino lehen, Euskalduna Jauregiaren inguruak jendez betetzen hasiak zirenean, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak «herrietatik ikusten ari garen mugimendua» nabarmendu du bereziki. Izan ere, «gure sorpresarako» Euskal Herriko toki desberdinetatik 50 autobus inguru antolatu dira. Eskisabelen hitzetan «hori bera da, guretzat, adostasun sozialaren adierazpena».

17.00ak pasata abiatu da manifestazioa Euskalduna Jauregitik. Pankarta Kontseiluko zuzendaritzakide eta bazkide diren erakundeetako ordezkariek eraman dute: Ana Urkizak (Eusko Ikaskuntzako lehendakaria), Patxi Uribarrenek (Karmeldarra eta Euskaltzaina), Leire Solozabalek (ARTEZeko ordezkaria), Intza Gurrutxagak (EHEko bozeramailea), Aize Otañok (AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea), Amagoia Mujikak (‘Berria’ko zuzendaria), Idurre Eskisabelek (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxerra Olanok (IKAko ordezkaria), Irati Iciarrek (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria), Elorri Arinek (Euskal Konfederazioko ordezkaria) eta Martin Aramendik (UEMAko lehendakaria).

Haien atzetik, mobilizazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileetako ordezkariak: EAJ (Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Aitor Esteban, Maria Eugenia Arrizabalaga...), EH Bildu (Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte...), Geroa Bai (Maria Solana eta Jabi Arakama) eta Sumar (Lander Martinez eta Andeka Larrea) alderdi politikoak eta ELA (Mitxel Lakunza, Pello Igeregi), LAB (Igor Arroyo eta Urko Aierbe), ESK (Javier Saenz eta Sergio Ortega), Steilas (Marije Echevarria eta Haize Arbide), CGT, CNT, Hiru (Patxi Agirre eta Jon Altuna), EHNE (Patxiku Irisarri) eta Etxalde (Amets Ladislao) sindikatuetako ordezkariak. Lanarteatik Amagoia Gurrutxaga izan da, eta pentsiodunen mugimendutik Arantza Urrezti, Karlos Etxebarria eta Mattina Etxebarria, besteak beste.

Erakundeen aldetik, Nafarroa eta Gasteizko Parlamentuetako buruak izan dira, Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria, hurrenez hurren, eta bi legebiltzarretako parlamentari ugari. Halaber, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza eta Bizkaiko Aldundiko bozeramaile Leixuri Arrizabalaga bertan izan dira, baita Bilbo eta Donostiako alkate Juan Mari Aburto eta Eneko Goia ere. Nafarroako Euskarabideko zuzendari Javier Arakamak ere ez du hitzordura huts egin.

Nazioarteko ordezkariak ere Bilbon ziren. Besteak beste, Estatu espainoleko beste hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen ordezkariak: galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Òmnium Cultural, Valentziako Escola Valenciana eta Acció Cultural del País Valenciá, Balearretatik Obra Cultural Balear eta asturieraren aldeko Xunta pola Defensa de la Lingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu-ko kideak.

«Hemen gaude, euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz» eta «euskarari erasorik ez» oihuek hartu dute Kale Nagusia, espaloiak jendez gainezka eta denak txaloka manifestazioak aurrera zihoala. Kale osoa bete du manifestazioak.

Manifestazioaren burua Plaza Biribilera heltzear zela, 18.00etan, oraindik jendea zegoen zain Euskaldunako irteera puntutik abiatzeko.

18.20 aldera iritsi da mobilizazioaren burua Bilboko udaletxe aurrera. Han, Ruper Ordorikaren emanaldiaren ondoren, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza.

Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean «hesi bat» osatzera joan direnei, «euskararekin bat egitera eta euskaraz bat izatera» batu diren guztiei.

Ruper Ordorikaren hitzak gogoratuz, «euskaldun izatea zein nekeza den» nabarmendu du eta, musikari berak utzitako beste mezu bat – «zaindu maite duzun hori»– aipatuta, gaurko euskaltzaleok «zerbait bagara, nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza» garela erantsi du.

«Oinarri zehatz bat duen zaintza sistema»tzat jo du «debeku eta nekezia guztien kontra milaka lagunek belaunaldiz belaunaldi euskararen aldek hautua» egin izana, baina, «Historia ez da laua, baizik eta txirikorda bihurri eta konplexua», eta «iraganeko eta gaindituak uste ditugun kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu». Horixe gertatu da, Eskisabelen esanetan, euskararen aurkako azken oldarraldiarekin, nahiz eta «uste genuen, gutxienez Euskal Herriko parte batean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean bagenituela berme batzuk euskararen normalizaziorako hizkuntz politikak aurrera eramateko».

Kontseiluko buruak nabarmendu du epaitegietatik iritsi diren sententzia horietako bakoitzak «kezka eta larritasuna» piztu dutela, izan ere, «ari gara ikusten nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa buru duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen, epai soka luzean... nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten, nola adostasun sozial eta politiko zabalen gainetik botere judiziala ari den esku hartzen, eta hizkuntz politika egiten».

Akordio soziopolitiko berria, oldarraldiari «hesia» jartzeko

«Bereziki mingarritzat» jo du epai horiek guztiak lotzen dituen «premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela», auzia «oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira».

Halaber, «bereziki larritzat» jo du hori guztia euskarak aurrera begira dituen erronkak «izugarriak» direnean gertatzea, «globalizazioaren aldaera muturrekoan eta bizimodua digitalizatu zaigun honetan», hizkuntzen harremana «aldatu egin baita: hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, hegemonikoago, gutxituak gero eta gutxituago».

Testuinguru horretan, erronka guztiei «behar bezala» aurre egiteko hizkuntz politiketan «jauzi bat egitea» ezinbestekoa dela nabarmendu du, «hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, ikus-entzunezko eta kultur ekoizpenerako baliabideetan, eremu sozioekonomikoaren lanketan...».

Hori guztia kontuan hartuta, Kontseiluak «ezinbestekoa» ikusten du akordio soziopolitiko berri bat, «oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena». «Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala», aldarrikatu du.

Akordio horretarako adostasunak bilatu eta lantzeko Kontseiluaren konpromisoa berretsi du Eskisabelek, «euskarak guztiok behar baikaitu». Ildo horretan, nabarmendu du, euskarari eta euskal komunitateari bizirik eusteko «oinarri sozial sendoa ezinbestekoa» da, «zoru sendo eta ziurra osatzeko», eta bereziki dei egin die erakunde eta indar politikoei akordio berri horretan «parte eta bultzatzaile izan daitezen, sen onez», duten «ardura eta gaitasunagatik».

Hitzartzearen ondoren, Eskisabel Kontseiluko bazkide nagusien ordezkariekin elkartu eta soka-dantza dantzatu dute, Iruñeko Duguna taldeak gidatuta. Honen bitartez, «talde lanaren irudikapen soila bezain indartsua» erakutsi nahi izan dute.

Bitartean, Ihintz Iriarte abeslariak Sustrai Colinak idatzitako bertsoak kantatu ditu, Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok kantua musikaz lagundu dutelarik.

Ekitldia amaitzeko, Bernat Etxepareren ‘Kontrapas’ abestia kantatu dute antolatzaile eta manifestazioan parte hartu dutenek. 19.00ak pasata ziren dagoeneko.