INFO

Ezustekoa emateko bi hautagai sendo dira Garai eta Zabaleta

Master Cupeko Lau eta Erdiko txapelketa hasiko da igande honetan. Hamasei pilotari ariko dira txapela nork jantziko. Arrizabala eta Aldai dira faborito nagusiak, baina zenbait hautagai daude ezustea eman dezaketenak. Horietako bi dira Garai eta Zabaleta. Helburu dute «jokoz ondo aritzea».

Goiuri Zabaleta San Fermin txapelketako finaleko tanto bat ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Amaia Aldai-Olatz Arrizabalaga finala saihesteko bi hautagai sendo dira Leire Garai (Gasteiz, 2003) eta Goiuri Zabaleta (Leitza, 2009). Aldarte onean daude biak: gasteiztarra Hiru Hiriburuak binakako txapelketako txapeldunordea izan zen, Irati Zabalarekin batera; eta leitzarrak San Fermineko binakako txapelketa irabazi zuen, Enara Gaminderekin, Arrizabalaga eta Oses 17-22 mendean hartuta –iazko Master Cupeko binakako txapelketa azken horiek irabazi zuten–.

Igande honetan hasi eta abenduaren 17an amaituko den txapelketan ezustekoa ematen saiatuko dira biak. Nafarrak bide luzeagoa izango du kaiolako finalera iristeko, final-zortzirenetan sartzeko kanporaketa jokatu behar baitu Miriam Arraizaren aurka, hurrengo igandean.

Aurkariaren inguruan galdetuta, leitzarrak nabarmendu du aurrelari «ona» dela, eta «jokatzen ere badakiela»; beraz, «partida gogorra» izango dela. Arabarra, berriz, final-zortzirenetan da, eta Arrate Bergara edo Beitiaren aurka jokatuko du hilaren 17an.

Bergararekin entrenatu da Garai aste honetan. «Beraien arteko partida nahiko orekatua izango da; huts gutxien egiten duenak irabaziko du. Atzelari bat aurrelari baten kontrako partida izango da. Beraz, gehien moldatzen dena joko horretara asko izango du irabazia. Oraingoz, ez nuke pronostiko argirik emango».

Garai: «Oso gustura geratu nintzen [Hiru Hiriburuak finalean], uste dut duela asko ez nuela hain ondo jokatzen; bai defentsan, bai erasoan»

Garairi eta Zabaletari Lau eta Erdikoa gehien gustatzen zaien modalitateetako bat da. Nafarrak badaki «oraindik» oso gaztea dela –14 urte besterik ez ditu–, eta indarra «falta» zaiola, baina uste du kaiolako txapelketan egin dezakeela «min gehien».

«Ongi sentitzen naiz, badakit partida gogorrak tokatzen zaizkidala, baina jokoarekin banago eta gauzak ondo ateratzen bazaizkit, txapelketan aurrera egiteko, behintzat, ikusten naiz», adierazi du Zabaletak.

Bide beretik, Garaik ere «ondo» ikusten du bere burua, eta atzean utzi du udan izandako eskuko mina: «Udan nahiko txarto ibili naiz eskuetatik. Pixka bat sufritu egin dut, baina orain ondo nago; gogotsu entrenatzen, eta ilusioz. Orain txapelketa ugari dauzkagu Lau eta Erdikoak. Nire helburua izango da ondo iristea bai fisikoki, bai mentalki, nire ehuneko ehuna emateko».

Binakakoan, emaitzak alde

Zabaletak eta Garaik esan dezakete, binakakoan bada ere, Arrizabalaga mendean hartzea lortu dutela, eta leitzarraren kasuan, baita Aldai ere. Udako San Fermin txapelketan Zabaletak, Gaminderekin batera, Garai-Zabala bikoteari irabazi zieten.

Hori «sekulakoa» izan zela nabarmendu du 14 urteko pilotariak, eta finalean Arrizabalaga-Oses garaitzea, «ezustekoa» izan zela: «Finalean atera ginen atzean hobekien jokatzera. Irabaztera? Ikusten genuen posible zela, baina oso zaila izango zela ere. Partida oso gogorra izan zen, eta ezusteko handia izan zen Olatzen eta Amaiaren kontra irabaztea».

Garaik ere, Arrizabalaga-Erasun bikotea gailentzea lortu zuen Hiru Hiriburuak txapelketako finalerdian, Zabala bikote zuela. Finalean, ordea, ezin izan zuten Aldai-Bergararekin.

«Egin genuena inork ez zuen espero. Finalerdietan Olatzi [Arrizabalaga] eta Erasuni irabazita, pronostikoa gure kontra zegoen erabat. Jendeak ez zuen espero guk irabaztea. Oso gustura geratu nintzen, uste dut duela asko ez nuela hain ondo jokatzen, bai defentsan, bai erasoan. Finalean, hasieran nahiko urduri hasi ginen, pilota ere asko ateratzen zen, eta hasieran pixka bat pilotalekuari neurria hartu ezinik ibili ginen. 22-20 egin genuen, eta, behintzat, gertu geratu ginen. Lanak eman genizkien», esan du arabarrak.

Gasteiztarrak final-zortzirenak gainditzea lortzen badu, final-laurdenetan Arrizabalaga izango du aurkari. Horren harira, Garaik adierazi du Lau eta Erdikoan aldagai asko sartzen direla: «Frontoi batzuk beste batzuk baino biziagoak dira, pilotak ere bai... ikusi beharko da. Badakit zaila dudala, baina ez da ezinezkoa. Orain joko mailaz ondo nago, konfiantzaz, eta sorpresa emateko gai sentitzen naiz. Bera [Arrizabalaga] faboritoa da, eta nik ez dut ezer galtzeko; dena ematera aterako naiz».

Leitzarrak ez dio koadroari erreparatu ere egin. Kanporaketa pasatzen badu, final-zortzirenetan Madalen Etxegarai eta final-laurdenetan Gaminde izango ditu. «Gutxienez ez zaizkit Amaia eta Olatz tokatu», esan du Zabaletak, eta, gaineratu, hala eta guztiz ere, «aurkari gogorrak» izango direla.

«Gaminde atzelaria da eta Lau eta Erdian agian ez da oso eroso sentitzen, baina hala ere badaki dejada bat botatzen, eta ezkerra ederki eramaten du. Madalen [Etxegarai] aurrelari oso fina da, eta pilota mugitzen daki», nabarmendu du nafarrak.

Aurreko koadroetan, abilak

Aurkarien jokatzeko moduaz gain, haien jokoaz ere mintzatu dira Garai eta Zabaleta. Gasteiztarrak adierazi du aurrean tantoak bukatzea gustatzen zaiola. Leitzarrak, bere aldetik, esan du gehienbat dejadak botatzea eta tantoa nahastea gustatzen zaiola: «Indarrean ez naiz asko izanen, baina uste dut nire jokoa hau dela: pilota nahastea, mugitzea, dejadak egitea... denetarik pixka bat».

Buruz buruko txapelketan duten helburuaz galdetuta, Garaik adierazi du xedea irabaztea dela, baina, emaitzez harago, joko mailaz gustura egotea izango dela: «Jokoz ondo aritu nahi dut, bai gorputzez, bai mentalki. Ahalik urrunen iristen banaiz, hobeto».

Zabaleta: «Indarrean ez naiz asko izanen, baina uste dut nire jokoa hau dela: pilota nahastea, mugitzea, dejadak egitea...»

Zabaletak ez du ikusten bere burua «oso faborito», eta adierazi du helburua ez dela izango irabaztea, baizik eta ikustea «hor dagoela»: «Gutxienez joko onarekin ibili nahi dut. Lehenengo partida irabaztea, bai, esango nuke helburutzat dudala».

Hortik aurrerakoa, onerako dena, ongietorria izango da, ezta? «Hori da, uste dut zortea ere behar izaten dela horretarako», erantzun du leitzarrak.

Eta zein ikusten dute faborito nagusia Lau eta Erdiko txapela irabazteko? Horretan ez dute bat egin; Garaik Arrizabalaga ikusten duelako, eta Zabaletak Aldai.

«Olatz ikusten dut faborito nagusia. Oso ondo dabil eta kantxan demostratzen ari da. Gero beti dago Amaia. Ikusi beharko da ere Enara Gaminde nola aritzen den; indar asko du eta min egin dezake. Goiuri [Zabaleta] ere ikusi beharko da nola moldatzen den Lau eta Erdikoan. Uste dut hautagai asko daudela sorpresa emateko», adierazi du arabarrak.

Nafarrak Aldia ikusten du faborito nagusi, iaz txapeldun gelditu zelako. «Aurten Amaia ikusten dut faborito, Amaia eta Olatz. Baita Leire [Garai] ere. Momentu ederrean daude hirurak. Gehien bat Amaia eta gero Olatz eta Leire».