«Gaztelaniaren defentsak ez du oinarri juridikorik»
Buruak eta bihotzak aginduta bat egin zuen Iñigo Urrutia legelariak larunbateko Kontseiluaren manifestazioarekin. Epaitegietan euskararen aurkako ideologizazio bat eman dela uste du eta egoera larria dela nabarmendu du. Politikoki ekiteko beharra azpimarratu du, jauzi kualitatiboak eman daitezen.
This browser does not support the audio element.
70.000 herritar baino gehiagok aldarrikatu zuten larunbatean Bilbon euskaraz bizi nahi dutela eta euskararen kontrako oldarraldi judiziala eten nahi dutela. Iñigo Urrutia Zuzenbidean aditua ere han izan zen. Arduraz hartzeko egoera bat bizi dugula, bidegurutze batean gaudela eta zerbait egitea nahitaezkoa dela ikusten du. Nabarmendu duenez, haserrea azaltzeaz gain, mezu positibo bat gailendu zen martxa jendetsuan: «Euskara biziberritzeko jauzia eman behar dugu».
Euskararen aurkako oldarraldi judizial gisa definitzen ari gara epaitegietatik euskararen normalizazioaren kontra datozen ebazpenak. Baina, ikuspegi orokor batetik, zer da gertatzen ari dena? Zer da oldarraldi judiziala izendatu dugun hori?
Oldarraldi judizialaren atzean aldaketa ideologiko argi bat gertatzen ari da. Aldaketa horrek zenbait ideia ditu oinarrian. Adibidez, euskararen normalizazio prozesuan urrunegi joan garela. Horren isla izango litzateke euskara inposatzen den hizkuntzatzat hartzea eta gaztelania, berriz, defendatu behar den hizkuntzatzat. Baina gaztelania ez da hizkuntza hauskorra, ez du normalizaziorik behar eta, beraz, ez du oinarri juridikorik haren defentsak. Euskara da bultzada berezia behar duena. Epai hauek hizkuntza hauskorraren aldeko neurri positiboak jasotzen dituzten artikuluak deuseztatu dituzte, hizkuntza pribilejiatuaren alde. Zirt edo zart egiteko unea da eta manifestazioak oso argi utzi zuen euskal gizarteak nahi duela euskarak aurrera jarraitzea eta joera ideologiko hau bukatzea.
Goazen bertan behera gelditu diren artikuluetan sakontzera. Uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren 6.2 artikulua baliogabetu zuen. Zer zioen artikulu horrek eta nola eragin du ebazpenak?
Aipatzen didazun sententzia oso larria da. Udal Legearen 6.2 artikuluak euskarazko funtzionamendu normalari aterki juridikoa ematen zion. Bere garaian, espainiar Gobernuan zela, PPk Konstituzioaren kontrakotasun errekurtsoa iragarri zuen baina gero akordio batera heldu zen Jaurlaritzarekin eta bertan behera geratu zen errekurtso hura. PPk ulertu zuen euskararen funtzionamendu normala erabat konstituzionala dela. Urte batzuen ondoren, Voxen ekimenez, berriz ere auzitegira eraman da gaia eta EAEko Auzitegi Nagusia bera izan da Konstituzionalari errekurtsoa planteatu diona. Konstituzio Auzitegiak esan duena da euskara hutsezko funtzionamenduak bi hizkuntza ofizialen arteko oreka hausten duela eta, beraz, botere publikoek ez dutela bat bultzatzerik. Hor agertzen da Konstituzio Auzitegiarentzat gaztelania hutsezko funtzionamenduak ez duela arazorik; aldiz, euskara hutsezkoak bai.
Joan den urriaren 17an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udal Legearen dekretuaren 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osotasunean eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu zituen. Ez ditugu banan-bana aletuko, baina zein da horien funtsa?
Lehen kolpean burura datorkidana da EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela Voxen legitimazioa onartzeko inolako arazorik izan, nahiz eta ez duen zinegotzi bat ere autonomia erkidegoki inongo udalerritan. Dena dela, argumentazio erabat prebentiboa egin du auzitegiak, eta horretan oinarrituz hainbat artikulu deuseztatu ditu. 9.2 artikuluak dio udalek neurriak hartu behar dituztela euskararen normalizazioaren alde, gaitasun hori badutela eta horri ekin behar diotela. Artikuluak esaten ez duena auzitegiak berak interpretatzen du. Adibidez, gaztelania erabat baztertua gera daitekeela esanez. Ikuspegi juridikotik ez dauka oinarri sendorik, argumentu prebentiboekin ezin daiteke ezer deuseztatu.
27. artikuluak, berriz, jendea udaleko lehiatilara hurbiltzen denean bertako langileak lehen hitza euskaraz egingo duela jasotzen du. Auzitegiak dio horrek euskararen aldeko lehentasun bat ezartzen duela eta ez dagoela hori egiterik. Sortzen den galdera da zer egin behar duen langileak norbait datorrenean: isilik geratu? Ez du logikarik.
Ikuspegi juridiko batetik oso-oso sententzia ahulak dira, eta euskararen aldeko normalizazio prozesua blokeatzen dute, ez dagoelako euskararen aldeko neurri positiborik hartzerik.
Uztaileko ebazpenean bi epaile kontra agertu ziren, koofizialtasun erregimenarekin bat ez zetorrela argudiatuz eta doktrina aldaketa larria eman zitekeela ohartaraziz. Euskararen ofizialtasuna ezbaian jartzen ari da ebazpen hauekin?
Hain zuzen ere hori ondorioztatzera darama sententziak berak. Euskarazko barne funtzionamendua zilegi izan da orain arte eta sententzia berri honekin ematen du hori mugatzen dela. Boto partikular bat planteatu zen, gehiengoaren iritziarekin bat ez datorrena, bi magistratuk sinatua. Oso argi esan zuten Konstituzio Auzitegiaren gehiengoaren iritzia ez datorrela bat auzitegiak momentu horren aurretik erabilitako doktrinarekin. Auzitegi honek orain arte esan du udal funtzionamendua izan daitekeela euskaraz arazorik gabe hiritarraren hizkuntza aukeratzeko eskubidea errespetatzen bada. Gainera, azaltzen dute artikulu horrek ez duela lehentasunik ezartzen baizik eta euskara hizkuntza normala, naturala izan daitekeela beste hainbat udalerritan gaztelania izan daitekeen bezala, betiere hizkuntza eskubideak errespetatuta. Oso boto partikular interesgarria da, ezbaian jartzen duelako auzitegiaren iritzi berri hau eta jurisprudentzia beste bide batetik joan daitekeela eta lehengora buelta daitekeela erakusten duelako.
Espainiako konstituzioaren kontrako legeak direla argudiatu dute auzitegiek. Hala da?
Konstituzioa ez da neutroa hizkuntza ofizialen tratamenduari dagokionez: gaztelaniaren aldeko desoreka argi bat ezartzen du. Esaten du hizkuntza propioak ofizialak izango direla gaztelaniarekin batera autonomia erkidegoetako lurraldean, baina gaztelaniaren aldeko posizio bat agertzen du, adieraziz hiritar guztiek gaztelania ezagutzeko betebeharra dutela. Nola interpretatu da hori? Jende guztiak gaztelania ezagutzeko beharra duenez, administrazioek gaztelaniaz funtziona dezakete; aldiz ez dagoenez halako betebeharrik beste hizkuntza ofizialei begira, ez daukate hori egiterik. Hala ere, gaztelania ezagutzeko beharra eta euskara erabiltzeko eskubidea parez pare jartzen badira, gailendu behar duen printzipioa bigarrena da: botere publiko batek ezin du pertsona bat gaztelania erabiltzera behartu. Legearen eta Konstituzioaren arabera hala izan beharko litzateke, baina ikusten dugu zenbait sektoretan hori ez dela bermatzen EAEn, horietako bat da botere judiziala bera. Bertan, berez euskara ofiziala izanik, arazo ikaragarriak daude hizkuntza honetan harremanak izateko eta itzultzaileak jarri behar dira. Konstituzioak eskatzen duena da, batetik, hizkuntza propioen aldeko neurri positiboak hartu behar direla eta, bigarrenik, botere publiko guztiak egokitu behar direla euskararen ofizialtasunera. Oraindik urruti gaude hortik.
Euskarak aurrera egin behar du, erabilera normaldu behar da, baina blokeatuta gaude, edozein neurri positibo Konstituzioaren kontrakotzat hartzen delako. Nik uste dut beste irakurketa bat eman beharko litzaiokeela Konstituzioari.
Euskalgintzaren Kontseiluak salatu izan du hizkuntza politikak botere judizialaren esku gelditzen ari direla. Bere eskumena al da hori?
Elementu ideologikoak garrantzi berezia hartu du hizkuntza gaietan. Planteamendu politiko berriak behar ditugu. Euskararen gaia erabat arlo erreserbatu modura tratatu beharko litzateke, autonomia erkidegoak izan beharko luke azken hitza euskararen trataerari dagokionez, betiere hizkuntza eskubideak errespetatuz. Konstituzioaren izenean euskararen normalizazioa blokeatzen bada, ez dago aurrerabiderik. Lagun batek esaten zidan manifestazioan euskara galbidetik 20-30 urtera dagoela eta erabateko biziberritzetik 200 urtera. Ikuspegi juridikotik blokeatuz gero arriskuak ikaragarri handiak dira. Elementu ideologikoa atzean dago eta horren kontziente izanik aurrera begira ikuspegi politikotik egin behar dira planteamenduak, eta arloz arlo jauzi kualitatiboak eman behar dira: administrazio publikoan, hezkuntzan, zerbitzuetan, komunikabideetan... Horrek eskatzen du adostasun berri batzuk eraikitzen joatea Euskal Herri osoan. Bestetik, maila politikoan, hausnarketa bat behar da. Estatuekin hitzarmenak berritu behar badira euskararen ardatzari lehentasuna eman beharko litzaioke, hori baita Euskal Herriaren elementu definigarria eta gobernuaren ardatza izan behar duena.
Lakuako Gobernuak erreklamatzeko 30 eguneko epea du, azaroaren 17an amaituko da. Hala egiteko borondatea zuela adierazi zuen Bingen Zupiriak. Zein ibilbide du horrek?
EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren kontrako errekurtsoak Espainiako Auzitegi Gorenean planteatu beharko lirateke. Ez dut zalantzarik jarri beharko liratekeela. Gainera, irabazteko arrazoi juridikoak badira. Adibidez, Auzitegi Nagusiak esan du kontratu bidez ematen diren zerbitzuetan ez dagoela hizkuntza klausula edo betebeharrik ezartzerik, baina ez du aipatu Madrilgo Auzitegi Gorenak berak zilegitzat hartu dituela kontratu publikoetan hizkuntza klausulak. Halere, esperientziak esaten digu errekurtso horiek sarbide zaila dutela, onarpena oso zorrotza da eta oso argi agertu behar da zer jurisprudentzia urratzen duen. Beraz, nahiz eta bide hori jorratu beharko den eta juridikoki argumentuak badauden aurrera ateratzeko, iruditzen zait beste plan bat ere izan behar dela: gure legeak aldatzea eta blindatzea. Horretarako itun politiko berri bat behar dugu.