INFO

Zaintza eredua iraultzeko beharra azpimarratu dute ELAk eta LABek bi txostenetan

Greba Orokor Feminista ate joka dela, ELAk eta LABek zaintza eredua aztertu eta ondorioak txosten banatan jaso dituzte. Gaur aurkeztu dituzte eta bat egiten dute puntu gehientsuetan, zaintza eredu publiko komunitarioaren beharrizanean, besteak beste.

Andre bat adineko emakume batekin, Donostia. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA eta LAB sindikatuek zaintza ereduaren inguruko txosten bana zabaldu dute astelehen honetan, antzeko ondorioak mahai gainean jarri dituztenak: Zaintza eredua errotik aldatu beharra dago, genero ikuspegia oinarri dela, publikoa eta komunitarioa izan dadin. Arrazoiak soberan daudela iritzita, langileriari azaroaren 30eko Greba Orokor Feministarekin bat egiteko deia egin diote.

ELAren izenean Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak eta Janire Landaluze Ikerketa Bulegoko kideak hartu dute hitza. LABen agerraldian Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Edurne Larrañaga Ipar Hegoa Fundazioko kideak hartu dute parte.

ELAk ondutako txostenak zein LABenak jakina zena baieztatzen duen datuak jarri dituzte mahai gainean: Ordaindu gabeko zaintza lan gehienak emakumezkoek egiten dituzte. LABen ‘Ikusmiran 14’ txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian etxeko lanera emanda dauden herritarren %87,97 dira emakumeak, hots, 164.328 andra.

Halaber, Larrañagak azaldu du ordaintzen ez diren zaintza lanen bidez, «kapitalak doako langileak eskuratu» dituela, eta soldata ordainduko balitzaie, 1.570 euroko 14 paga, EAEko 2024rako aurrekontu proiektuaren %24 izango litzatekeela.

ELAk ondorioztatu du gizon eta emakumeen arteko zaintza lanen banaketan desoreka handia dagoela oraindik ere, Landaluzek azaldu duenez: «Emakumeek batez beste 2,2 ordu gehiago egiten dituzte gizonek baino».

ELA: «Emakumeek batez beste 2,2 ordu gehiago egiten dituzte honetan, gizonek baino»

 

Era berean, ELAren txostenak salatu du sistemak ez dituela premiak asetzen, Gizarte Zerbitzuen Legeetan ez delako eskubidea aitortzen, besteak beste. Gainera, zaintza lana soldatapekoa den kasuetan «neurri handi batean abusu-egoerak jasaten dituzten emakume migratuek» hartzen dituzte haien gain. Horrez gain, Hego Euskal Herrian mendekotasun aitortua duten 220.000 pertsona daudela azaleratu dute, nahiz eta asko aitortu gabe eta, beraz, estatistika horretatik kanpo dauden. Horietatik «gehienak inolako estaldurarik gabe» daudela deitoratu dute.

Pribatizazioaren gaiari ere heldu dio ELAren txostenak, ondorioztatuz zerbitzu gehienak enpresa pribatuen esku daudela. Landaluzeren hitzetan: «EAEko zahar etxeen artean soilik %9,2k dute kudeaketa publikoa». Izan ere, gainontzekoen titulartasuna kasu guztietan pribatua ez bada ere, kudeaketaz enpresa pribatuak arduratzen dira.

Oskar Matxin Edesa | Foku

Eredu horrek, eragina dauka mendekotasun egoeran dauden eta zerbitzu horiek kontratu behar izaten dituzten pertsonei eskatzen dizkieten kuoten prezioan, Landaluzek azaldu duenez: «2.000 euro igo da hiru urtean».

Garestiak izanagatik ere, ELAk plazaratutako txotenak azaleratu du zerbitzuen kalitatea ez dela nahikoa, sindikatuko Ikerketa Bulegoko kidearen arabera: «Langile ratioak behar direnak baino askoz apalagoak dira, eta langileek ez daukate astirik arreta behar bezala emateko».

Egoera azaldutakoa izaki, ondorengo bost ezaugarriak izan beharko lituzke behar bezalako zaintza sistemak, ELAren aburuz: Publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea. Horretarako, Lakuntzak borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu du, zahar etxeetako langileen grebak adibide gisa jarriz.

Prekarietatea agerian, LABen txostenean

LABeko ordezkariek ‘Ikusmiran 14’ txostenean jasotako bost ondorioetatik bi nabarmendu dituzte prentsaurrean: Zaintzara emandako enplegua eta lan guztiak prekarioak direla, eta kapitalak zaintza lana eta enplegua baliatzen dituela aberastasuna metatzen jarraitzeko.

Azpimarratu dute, langile prekarizatua izanagatik ere, egiten duten lana Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinarekiko %25,75ko pisua duela, eraikuntza sektoreak sortzen duenaren %4,20a eta industria sektoreak sortzen duenaren %17,19a baino nahiko altuagoa.

Halaber, LABen txostenaren arabera, erreproduktibotzat hartzen diren lan ez ordainduak soldatapekoak balira, 3.611.929.440 euroko kostua izango luketela Hego Euskal Herrian.

Langabetuen %58,40 emakumea dela gogora ekarri du LABen ikerketak

 

Egoeraren izaera «estrukturala» ere azpimarratu du txostenak. Izan ere, langabetuen %58,40 emakumea da, erdia baino gehiago, alegia: «Langabezia emakumearen bizkar zamatzen ari dela ondoriozta dezakegu».

Andre langileen artean %23ak du behin behineko kontratua, tasa gizonena baino ia sei puntu altuagoa delarik. Gainera, goranzko joera duen datua dam emakumeen kontratu partzialak %1 igo baitira joan den urtetik hona. Halaber, emakumeen laurdenak du lanaldi partziala, gizonezkoen %10 baino ez denean lanaldi mota horretan lanean ari.

Soldata arrakala

LABen txostenak egiturazkotzat jo du, era berean, soldata arrakala, «urtez urte iraun eta handitzen ari dena». Eskuragarri izan dituzten azken datuan 2021ekoak ziren eta orduan, gizonen bataz besteko soldata emakumezkoena baino %17,76 altuagoa zen, «oso handia», sindikatuaren iritziz.

ELAk bezala, LABek ere salatu du azpikontratazioaren. bidez egiten den pribatizazioa. Larrañagak azaldu du etxez etxeko zerbitzuan, kasu, azpikontratazioa dela nagusi. Jakitera eman du tokian tokiko udalen zerbitzua kudeatzeko modu honek kalte egiten diola ekintza sindikalari: «Langileon antolaketa zein eskubideen aldeko borroka egiteko are zailtasun handiagoa dago». Halaber, gogora ekarri du KPIaren araberako soldata eguneraketak ez direla ohikoak sektorean.

Aritz Loiola | Foku

Horrez gain, Aranburuk azaldu du eredua «muturreraino» eramanda dagoela eta ez dela sostengatzen: «Jendarte osoaren kezka eta lehentasun izatera pasatzen ari da». Era berean, insituzioren «utzikeria» deitoratu du, eta egoera iraultzeko borondaterik ez agertzea leporatu die: «Kalean bultzatuko dugu zaintzan eman beharreko eraldaketa». Adierazi du zaintza eraldatu gabe, berdintasuna «erretorika hutsa» baino ez dela, gaia «azaleratzen eta politizatzen ez badugu».

Interpelazioak

Lakuntzak, bestalde, azaldu du azaroaren 30eko grebak «erakundeak interpelatu» behar dituela, «berebiziko garrantzia duen auzi politiko bat delako».

Mitxel Lakuntzak zein Garbiñe Aranburuk, bakoitzaren analisi eta proposamen xehetasunak xehetasun, dei egin dute datorren azaroaren 30eko Greba Orokor Feministarekin bat egitera, zaintzaren aferari duen garrantzia aitortuta.