INFO

Euskara planek enpresen lehiakortasuna indartu dezakete, Emunen ikerketa baten arabera

Nola kohesioa sendotuz, hala kudeaketa hobea bultzatuz, euskara planek ekarpena egiten diote enpresetako lehiakortasunari. Hala ondorioztatu du Emun aholkularitza taldea lau enpresekin garatzen ari den ikerketaren lehen faseak.

Olatz Olaso, Gehi ikerketaren taldeko kidea, lan-saio batean. (EMUN)

Euskara biziberritzetik harago, lan mundua euskalduntzetik harago, enpresen lehiakortasunean ere ekarpen positiboak dituzte euskara planek, Emun aholkularitza zerbitzua garatzen ari den Gehi ikerketaren lehen faseak ikusarazi duenez. Astearte arratsalde honetan aurkeztu dituzte Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobat kooperatibekin elkarlanean egiten ari diren azterketaren lehen emaitzak.

Enpresetan martxan jartzen diren euskara planek lehiakortasunari lotutako hamalau aldagaietan ekarpen positiboa egiten dute, zenbaitetan maila handiagoan eta besteetan txikiagoan, Emuneko eta Gehi ikerketa taldeko Olatz Olasok eta Onintza Legorburuk zehaztu dutenez.

Ondorio honetara iristeko, ikerketa taldeak aipatu lau enpresetako arduradun eta aholkulariekin elkarrizketak abiatu zituzten, kontrastatzeko euskara planek nola laguntzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen. Lehiakortasuna, zentzu zabalenean ulertuta, hau da, arlo ekonomikoa, arlo soziala eta ingurumena kontuan hartzen dituena, euskal enpresetako 80 ordezkari inguru batu dituen online aurkezpenean esplikatu dutenez.

Hala, esplikatu dute enpresetako gobernantza ereduan asko direla euskara planak eragin ditzakeen onurak. Besteak beste, enpresaren kudeaketa integrala indartzen duela esan dute eta horrek, aldi berean, kudeaketa sistema hobea dakarrela. Gainera, lantokietako «liderrak» euskararekiko modu eredugarrian jokatzeak langileen atxikimendua handitzen du, esan dutenez.

Bestalde, euskara planek langileen parte hartzea eskatzen duten heinean, enpresako «kohesioa» areagotzen dute eta, ondorioz, baita «inplikazioa» ere. Are, euskara planen eragina bezeroenganaino iritsi daitekeela esan dute Olasok eta Legorburuk, bezeroen begietara enpresa «iraunkorrago» bihur baitezakete, eta konfiantza areagotu.

Halaber, norberaren hizkuntzan lan egiteak langileen «gogobetetzea» nahiz «errotzea» areagotzen duela erakutsi du Gehi ikerketak eta, ondorioz, beraien «laneko ekarpena eta enpresaren lehiakortasuna» handitzen ditu, esan dute ikertzaileek. Euskara planen garapenean ardurak hartzeak gainera, beharginen garapen profesionala dakar, eta plana «modu ludiko eta kolektiboan» lantzen bada, honek laneko giroa hobetu dezake.

Olatz Olasok eta Onintza Legorburuk agertu dutenez, enpresa bat haren inguruko gizartearen garapenean inplikatuta egoteak, neurri batean, mesede egiten dio lehiakortasunari. Beraz, «zerbitzuak edo produktuak euskaraz eskaintzeak eta lana euskaraz egiteko aukera eskaintzeak euskararen biziberritzean ekarpena egiten dute eta horrela, gizartearekiko erantzule bihurtzen da enpresa», esplikatu dute.

Zentzu horretan, esan dute langileei lanean euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera bermatzeak hauen aukera berdintasuna indartzen duela eta horrek enpresak gizartearekiko duen erantzukizuna areagotzen duela.

Orain, esperimentazioa

Astearte honetan aurkeztutako ondorioak Gehi ikerketaren diagnostiko faseari dagozkionak dira. Orain, Emuneko kideak azterketaren bigarren aldian murgilduta daude; Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobat kooperatibekin esperimentazio fasean.

Datozen hilabeteetan, ondoko galderari erantzuten saiatuko dira: «Nola berritu eta aberastuko ditugu euskara planak enpresen lehiakortasunean ekarpen handiagoa egiteko?»

Horretarako, lau enpresetan sei hilabeteko interbentzioak eta erronkak diseinatu dituzte, euskara planen eta lehiakortasunaren elkar gurutzatzean zentratutakoak.