Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu du Gobernu espainolak
Gobernu espainolak Loiolako kuartelak 73,3 milioi euroren truke Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu du astearte honetan. Erabaki hau ez da ezustekoa, joan den astean Eneko Goia alkateak Madrilek argi berdea emango zuela aurreratu baitzuen. Akordioa duela hiru urte iragarria zen.
Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu du astearte honetan Gobernu espainolak egin duen Ministro Kontseiluak. Eneko Goiak erabaki hau emango zela aurreratu zuen joan den astean, Udalak trukean 73,3 milioi euro ordaindu beharko dituelarik.
Kuartel hauek desagertzea eskaera historikoa izan da Donostian. Prozesuaren azken zatia Gobernu espainolaren 2020.eko urteko aurrekontuen negoziazioan kokatzen da. Kontuak onartzeko ezinbesteko eskaera jarri zuen orduan EAJ-k. Dena den, ordutik hona bidea ez da erraza izan, Defentsa Ministeritzak Armada espainolarentzat Loiolako kuartelak beharrezkoak zirela adierazi zuelako. Militarrak Donostian mantentzearen aldeko aldarrikapen sutsua egin zuen Madrilek.
Tartean, Vox alderdiak helegitea aurkeztu zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak modu partzialean onartu zuen. Horren ondorioz, kuarteletako eraikin nagusiak (Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes izenekoak) ezin izango dira eraitsi ,monumentu historikoak direlakoan.
Udalak, dena den, Loiolako kuarteletan 1.500 etxebizitzatik gora eraiki nahi dute, auzo berri bat sortuz 17 hektarea eta erdi duen orubean. Horretarako, Plan Orokorra aldatu beharko da. «Lanean ari gara», adierazi zuen Nekane Arzallus zinegotziak Goiak joan den urtean akordioaren berri eman zuenean. Etxebizitzez gain, orubearen kota bi metro altxatuko da uholdeei aurre egiteko eta parke bat eta Loiolako Topoaren geltokira heltzeko zaldaina ere egingo da.
Goiak buruan dituen epeen arabera, hitzarmena urte amaitu baino lehen sinatzea espero da. Sei hilabete geroago eskriturak sinatuko dira. Honek ez du esan nahi ordurako militarrak Loiolatik kanpo egongo direnik, «berrantolatzeko» eta bertatik joateko lau urte beharko dituztelako.
Udaleko gobernu taldearen planen aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak etxebizitza publikoa eta babestuaren eskasia salatu izan dute.