INFO

Marieniako lurren geroari buruzko elkarrizketa irekitzeko eskatu dute ELBk eta Lurzaindiak

Bouygues taldeak Kanbon sustaturiko higiezinen egitasmoari aurre egitearren lau lagun atzeman zituzten astearte goizean Lapurdin. Ordu batzuetara aske gelditu baziren ere, polizia-operazioa salatu eta Kanboko Marieniako lurren gainean elkarrizketa abian emateko galdegin dute ELBk eta Lurzaindiak.

200 bat pertsonek elkarretaratzea egin zuten astearte iluntzean Kanbon, tartean goizean atxilotutako lagunak zeudela. (Patxi BELTZAIZ)

Filipe Laskarai, Janine Beyrie, Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu goizeko 6.00etan esnarazi zituen frantses Poliziak atzo, asteartean, eta Baionako komisariara eraman zituzten.

Ordu batzuk bertan atxilo izan ostean, aske gelditu ziren, martxoaren 12an egitekoa den auziaren zain.

Polizia-operazio horrek Kanbon Bouygues taldeak sustatzen duen Marieniako higiezienen egitasmoa ezarri du, beste behin ere, erdigunean.

94 bat etxebizitza egiteko asmoa du enpresak Kanboko Herriko Etxearen sostenguarekin.

Horietatik batzuk etxebizitza sozialak direla argudiatu du tokiko erakundeak laborantza lurra horiei bestelako erabilera bat emateko.

Ostia sarea Arbonako garaipenaren ostean eratu zen

Lau herritarren aurkako jazarpena salatzearekin batera espekulazioari aurre egiteko sorturiko Ostia plataforma horren baitan jarduten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak argi dute Marieniako auziari konponbidea emateko ordua dela eta horretarako «solasaldiak behar direla ireki».

Asteartean bertan, iluntzean, elkarretaratzea egin zuten Kanbon atxiloketak salatzeko eta, ildo beretik, higizinen egitasmo horren ondorioen gainean oharra egiteko.

‘Marienia ez hunki!’ aldarrikapena beste behin ere astindu zuten kanboarrek.

ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak agiri baten bidez oroitarazi dutenez, «gure bi egiturek lurren espekulazioaren kontra eraman zuten Arbonako okupazioaren biharamunean
sortu zen Ostia sarea».

2021. urtean, 79 egunez luzatu zen okupazioari esker Berrueta bidean kokaturiko etxaldea prezio espekulatiboan saltzeko operazioa geldiarazi zuten Arbonako okupazioa garatu zuten kolektiboek.

Ostia sarearen sorrera garaipen horrekin lotu ondoren kolektiboa «erregularki gurekin mobilizatzen da espekulazioa eta laborantxa lurren artifizializazioa salatzeko baita etxebizitza eskubideen defenditzeko ere» nabarmendu dute Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak.

Are, bi eragile horien esanetan, «Ostia sarearen militanteak baitezpadako sostenguak dira laborantxaren aldeko borrokentzat, Euskal Herrian baldintza duinetan bizi eta lan egitearen defendatzeko».

Oroitzearren, uda aitzin Senperen iragan zen beste okupazio batean auzolanean jardun zuten, beste behin ere, ELBk, Lurzaindiak eta Ostia sareko lagunek, kasu horretan Senperen bertan sorturiko kolektiboaren laguntza ukan zutela.

Kasu horretan, ordea, salmenta oztopatzea ez zuten lortu espekulazioaren aurkako kolektiboek. 1.300.000 eurotan saldu zuen jabeak Adams gozogile lohizundarrak erositako Olha etxea.

Hexagonoan abian diren beste borroken sostenguz

Euskal Herriko dinamikak soilik ez, Hexagonoan «azpiegitura suntsitzaileak eta alferrikakoak» salatzeko indarrean diren beste hainbat dinamika sostengatu ditu sareak.

Hala, Soulevements de la Terre babestu dute Emmanuel Macronen Gobernuak kolektibo hori legez kanpo uzteko saiakeren aurrean eta, berriki, A69 autobidea luzatzeko proiektuari aurre egiten dioten Okzitaniako elkartei sostengua helarazi diete.

«Gogorki salatzen dugu gure sareko militanteak beldurrarazi eta erreprimitzeko helburua duten
polizia interbentzio horien bortizkeria, era berean enpresa pribatu handi baten maketa bat defendatzeko frantses autoritateek plantan ezarritako errepresio medioen desproportzioa deitoratzen dugula», adierazi dute ohar horretan ELBk eta Lurzaindiak.

«Ilegalki etxebizitzak laborantxa lurren gainean eraiki nahi dituen multinazioal baten aurrean begiak hesteko» Estatuak harturiko jokabidearekin alderatu dute espekulazioaren aurka borrokatzen duten eragileen aurka Poliziak buruturiko operazioa.

Ildo beretik, «Gobernuak bere baliabideak interes pribatuaren mesedetan ezartzeko
hautua egin duela ondare kolektiboek jasandako erasoen kontra jokatu ordez» salatu dute bi eragile horiek.

Izan ere, laborantza lurren defentsan jarduten duten aipaturiko eragileek oharrarazi dutenez «lurra eta etxebizitza eskubideak aspaldian bultzatutako borrokak dira Euskal Herrian eta ez dira konponduko goizaldean militanteen etxeetan eginiko polizia interbentzioekin».

Horrendako, aske utzi ondoren «lau atxilotuen berehalako kargugabetzea» galdegin dute ELBk eta Lurzaindiak, era berean «Marieniako lurren geroari buruzko solasaldien idekitzea» eskatu dutela.