INFO

Audiogidak lau hizkuntzatan eskaintzen dituzte Biarritzen, ez ordea euskaraz

Joan zen udaz geroztik Biarritzera bertaratzen diren turistek audiogidak baliatu ditzakete hiriaren bisita egiteko. Lau hizkuntzatan jaso dezakete informazioa: frantsesez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz. Zergatik ez euskaraz? Turismo bulegoaren arabera, «jende gutxik eskatzen duelako».

Biarritzeko Turismo bulegoaren atarian mugikorrean infomazioa jasotzeko aukeraren berri ematen du frantsesez, ingelesez eta gazteleniaz idatzitako afixak. (Guillaume FAUVEAU)

2021ean elkarlanerako akordioa izenpetu zuten Donostiako eta Biarritzeko udalek. Horren kari, lau bat lan eremutan auzolanean sakontzeko nahikeria azaldu zuten Maider Arosteguy eta Eneko Goia buru duten herriko etxeek.

Elkarlanerako domeinuen artean, «nola ez, euskara dago» nabarmendu zuen Gipuzkoako hiriburua eta Lapurdiko kostako hiriaren arteko akordio horren sinadura gauzatu zenean Biarritzeko auzapezak.

Bi urte beranduago, nola azaldu joan zen udaz geroztik Biarritzek plantan eman duen audiogiden zerbitzuak eskaintzarik ez egitea bisitari euskaldunentzat?

Frantsesez, ingelesez, alemanez eta gaztelaniaz hiriari buruzko azalpenak jasotzeko aukera izanen da, ez ordea euskaraz.

«Ez da deskuidu bat izan, harrera zerbitzuan izan dugun bizipenaren ondorioa baizik», azaldu du Turismo Bulegoko arduraduna den Genevieve Fontainek.

‘Mediabask’ astekariaren Anaiz Aguirre-Olhagaray kazetariarekin mintzo, audiogiden gaineko eskaintzak jendeak eginiko eskaerari erantzuten diola azaldu du Fontainek, eta «gaur egun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskaera aski ez dagoela» gehitu du.

Euskaldunek frantsesa edo gaztelenia ulertzen dutenez...

Turismo alorreko ardura duen auzapezordeak antzeko azalpena eman du. Hala, frantsesez gain «eskaera gehien biltzen duten beste hiru hizkuntzetan» audiogidak proposatzea deliberatu dutela azaldu du.

«Oso turista gutxik galdetzen digute informazioa euskaraz», nabarmendu du Richard Tardits-ek.

Udal arduradunaren arabera eskarazko informazioa gutxitan eskatzeko «arrazoia sinplea da oso: euskaldunek frantsesa edo gaztelania hitz egiten badakite».

Turismo Bulegoko buruak argudiatu du audiogiden zerbitzua esperimentazio fase batean sartu dela.  Hala, 2024. urtean zehar test moduko bat egingo dute eta horren ostean «hizkuntzen erabilpenari buruz informazio zehatzagoa izango dutela» adierazi du.

Ez du baztertzen «hizkuntza bat edo beste gehitzea» baina berehala horrek aldaketa martxan emateko izango lukeen kostua aintzat hartu beharko litzatekeela ohartarazi du.

Nola jakin zer harrera izango luke zerbitzuak gaur gaurkoz inolako eskaintzarik ez bada euskaraz?

«Egia esan, eskaintza eginez gero horrek ahalbidetuko luke hobeto neurtzea ea audiogidak euskaraz eskaintzea beharrezkoa den ala ez», aitortu du Richard Tardits-ek.

«Zerbitzua euskaraz jasotzeko eskaera emendatuz gero, agian emango genuke», gaineratu du hautetsiak.

Hizkuntza politika ausartagoa plantan emateko borondate eza leporatzen zaio sarritan Maider Arosteguy auzapezari.

Oposizioan jarduten duten hautetsi bik, Jean-Baptiste Dussaussois-Larraldek et Guillaume Barucq-ek, behin baino gehiagotan kritikak helarazi dizkiote udal Gobernuari.

Audiogiden aferari buruz galdetuta, Euskal Herrian Vert et Solidaire zerrendako ordezkaria den Lysiann Braok Biarritzeko Herriko Etxean hizkuntza politikoa dagoenik ere zalantzan jarri du.