INFO

Sormena, irudimena eta zaborra, Gazako biztanleen bizirauteko giltza

Bi emakume shrak palestinar ogi tradizionala prestatzen, Rafah hirian. (Said KHATIB | AFP)

Urik, elektrizitaterik eta erregairik gabe, Israelgo Armadaren erasoaldiaren ondorioz setioa pairatzen ari diren Gaza hegoaldeko palestinarrek irudimena, sormena eta zaborren hondarrak darabiltzate haien zoritxarreko egunerokotasunari normaltasun kutsuren bat eman nahian.

Rafah hiriko kalezulo estu batean, keak eta besoetako haurren negarrez inguratutako hogei bat emakume shrak palstinar ogi tradizionala prestatzen ari dira, zuzenean sutan jartzen den metalezko xafla obal baten gainean: pizza ore erraldoi bat bezalakoa da, baina oso fina eta maneiagarria.

Ez dute gustuagatik egiten, baizik eta okindegi askok Israelek ezarritako setioaren ondorioz erregai faltagatik itxi behar izan dutelako eta, horregatik, hain zuzen ere, emakumeek beren burua behartuta ikusi dute su hartu dezakeen edozein hondakin erabiltzera ogia prestatzeko: papera, aldizkariak eta kartoiak, baita botilak, poltsak edo plastiko zatiak ere, ke handia eta usain osasungaitza sortzen dutenak.

«Ez daukagu ezer, ez daukagu kartoirik, ezta tahinarik ere, ez dugu janaririk aurkitzen eta ez daukagu ogirik okindegietan», kexu da emakumeetako bat, hainbat umek inguratuta shrak bat oratzen duen bitartean.

NBEren palestinako errefuxiatuentzako agentziaren komisario orokorrak, Philippe Lazzarinik, Parisetik salatu du Israelen ekintza militarra «Gazako jendarteari zigor kolektiboa» ezartzen ari zaiola eta «su eten humanitario baten» eskakizuna berretsi du.

«Non dago munduko errukia? Gose gara», dio emakume palestinar berak. Eguna ogia egiten ematen duela errepikatu du, umeak gose direlako eta ez daukatelako dirurik.

Kexu da, halaber, hor bizi direlako, zikinkeriaz inguratuta, gaixotasunen mehatxupean eta bere haurrak zikin daudela ezin dituelako garbitu, uraren eskasia dela eta.

Olio begetala kotxeen motorrak elikatzeko

Ramzi Rashuan gidari lanetan ari da Rafahn oraindik ere badabilen auto bakanetariko batekin. Egin dezake erabiltzen duen erregaia Al Jial markakoa delako, sukaldatzeko olio begetala saltzen duen enpresarena. Rashuanek 70eko hamarkadan fabrikatzen hasi ziren bere Mercedes-Benz 240 D autoa martxan jartzeko erabiltzen du.

«Olioa jartzen diegu autoei ez daukagulako erregairik, ez dago ezer», dio gidariak, azalduz animaliek tiratzen ez dituzten eta badabiltzan kotxe bakarrak olio begetala onartzen dutenak direla.

Rashuanek depositua aldatu du eta aurreko aldean jarri du; bertan husten ari da Al Jial botila bat, autora itzuli eta bideari berriz ekiteko.

Astoek tiratzen dituzten gurdiak eta astoak eurak dira une honetan alternatiba bakarra, kontatu du gizon honek, eta ohartarazi auto berrienek ez dutela motorrean oliorik ez gasolina ez den beste produkturik onartzen.

Farmazia batek utzitako eguzki energia mugikorrak kargatzeko

«Hemen gaude, kanporatutakoz betetako zonalde batean eta guztiek dute beharrizana. Ez dago elektrizitaterik eta sorgailuak ez dabiltza», azaldu dio Anasek Efe agentziari, kable labirinto baten, entxufe eta luzagarri mordo baten eta mugikor eta kargagailu multzo baten aurrean jesarrita.

Kontatu du inguruko jendearen mugikorrak kargatzeko darabilten energia farmazia baten eguzki paneletatik datorrela, eta esker ona agertu die ekipoa muntatzeko kable bat utzi izanagatik.

«Ehun eta ehun eta berrogeita hamar telefono bitartean kargatzen ditugu egunero», dio Ananek, eta zehaztu du ez dagoela bestelako aukerarik eta hori dela kanporatuek eta auzoko jendeak mugikorrak «zertxobait» kargatu ahal izateko duten aukera bakarra.