INFO

Gauza batzuk ez dira aldatu


Barbara Rey ikusi dut dokumental batean duela 35-40 urteko indarkeria matxista gertaera bat deskribatzen. Bikote ohiak bizitza birrindu zion eta beldurra sartu zion hezurretaraino. Bere puskak lurretik jaso eta berreraikitzen ari zela, egun batean indar nahikoa sentitu zuen seme-alaben bila eskolara joateko. Han gertatu zen erasoa. Haurrak seko ikaratu ziren aitaren autoa eskolaren aurrean ikusi zutenean. Aitak, Angel Cristok, urruntze agindua zuen eta legez ezin zuen han egon. Emakumea ez zen libratu astindu eder batzuk jasotzetik, eskolako atarian, beste gurasoen eta haurren begien aurrean. Bere seme-alabak hortzekin defendatu zituen . «Inork ez zuen ezer egin guri laguntzeko. Inork ez. Denek beste aldera begiratu zuten», kontatu du Reyk.

Gauza batzuk aldatu dira. Pentsatu nahi dut gaur egunean ama horrek ez zuela bakardade hori sentituko, hainbeste begirada gainean dituenaren bakardade mingarri hori. Pentsatu nahi dut feminismoak hamarkada luzez egin duen lana igartzen dela, jendartea ez dela lo geratzen indarkeria matxistaren aurrean. Hori sinistu nahi dut.

Baina badira aldatu ez diren gauzak. Barbara Rey-ri hori gertatu zitzaionean mutiko bat zenak bere semea besoetan hartu eta amildegi batetik behera salto egin du. Ama bati mina emateko modurik eraginkorrenetakoa seme-alabak akabatzea dela ez da gaur goizekoa, aspaldi asmatu zuen matxismoak sufrimendu modu hori. Mina eragiteko estrategia errepikatu egiten da eta, ondorioz, amak eta seme-alabak ikusteko, maitatzeko eta bizitzeko modua errepikatzen da, ezta?

Seme-alabak bikotearen barruan ulertzen dira, partekatzen den objektu bat balira bezala. Ez dakit aitak maite dituen edo ez, baina maitasun horren gainetik dago amari mina egiteko nahia, bizitza guztirako min amaigabea. Aitatasuna bizitzeko moduek ere zer pentsatua ematen dute.

Baina hori guztia ez da berria, aspaldikoa da, eta oraindik ere gertatzen bada, esan nahi du matxismo krudelena baimentzen duen zimenduen gainean ari garela gure herria eraikitzen. Gauza batzuk ez dira aldatu, hori da arazoa. •