INFO

Soto eta Illarregi, koska bat goitik Agoizko saioan

Julio Sotok lortu du finalerako txartel zuzena 543,5 punturekin Agoizko finalaurrekoan. Jarraian geratu dira Xabat Illarregi (529,5), Julen Zelaieta (458), Ekain Alegre (457,5), Urko Gartzia (445) eta Idoia Granizo (409,5).

Julio_Soto (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Agoizko kiroldegian jokatu da gaur arratsaldean Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Puntuek kontatu dute Julio Soto (543,5) eta Xabat Illarregi (529,5) goitik ibili direla. Eta halaxe ibili dira biak, hitzetan fin eta ideietan mamitsu, bertso makineria olioztatuta dutela erakutsiz. Sotok zuzeneko txartela lortu du finalerako eta Illarregik ere pauso segurua eman du haruntz.

Julio Soto gailendu da gaur Agoitzen jokatu den bigarren finalaurrekoan. Ariketa guztietan fin-fin aritu da eta ganbarakoan sinadura propioko lana osatu du. Hartara, jokoan zen finalerako zuzeneko txartela beretzat izan da. Sotok erakutsi du ondo entrenatuta dituela hitzak, begiradak eta ideiak.

Zortziko handian Julen Zelaietarekin abiatu da. Berdintasun teknikarien paperean, hitzaldi oso interesgarria antolatu arren, bi pertsona bakarrik bertaratu dira. Sotok zuzen heldu dio gaiari berak gustuko duen erpinetik. «Jokin Azpiazu ekarri dugu lehen izan zena Donostin / ze gizontasun berriek ere badute zenbait itokin / baina pentsatzen ariko dira Mikel, Unax, Unai, Jokin/ berdintasunak zerikusirik ez duela gizonokin».

Puntukako ariketan berriz ere jo du goia, Xabat Illarregirekin. Egia esan biak koska bat goitik aritu dira saio osoan eta puntukakoan arratsaldeko une ederrenetakoa goratu dute. Gaiaren arabera kuadrillakoak ziren, asteburu pasa joanak. Eta sex tuper bat egitea pentsatu zuten. Sexualitateaz modu askean, eraikitzailean, gozoan, dibertigarrian aritu dira eta lezioa eman dute. Oso une berezia sortu dute bi bertsolariek.

Eta berriz ganbarakoan luzitu da Julio Soto. Hauxe zuten gaia: Kantua entzun duzunean momentu goxo hura etorri zaizu burura. Gorritiarrak autoan kokatu du bere burua, irratia entzuten. Ave Maria abestia entzutean etorri zaio burura abuela Maria. Hauxe, bigarren perla; «Agian ulergaitza da gaur pasa zaidan kasoa / beti beltz ikusten dugu joandako arbasoa/ larogeita hamalau urte eta heriok lazoa/ geroztik egin zen lurpe, zeru edo itsasoa / mundutik joan nahi zula ez enaiz hain inozoa / ordea abuztu hartan ze gauza kuriosoa / kantu honekin ez baitzen izan triste ta osoa/ despedida izan leike sarri gauza bat goxoa». Azkenean 543,5 puntu bildu ditu eta finalean izango da. Sotok badu eskarmentua eta oso une onean iritsiko da Iruñeko hitzordura.

Xabat Illarregi, bikain

Puntutan bigarren Xabat Illarregi leitzarra izan da. Agoizko saioan lehen biek dezenteko koska atera diote hirugarren geratu den Julen Zelaietari. Puntuek kontatu dutena nahiko garbi sumatu da plazan.

Zortziko nagusian sendo hasi da Illarregi. Urko Gartziarekin josi du ariketa, hildakoak makillatzen dituzten profesionalen azalean. Illarregik lehen bertsotik erakutsi du lanera zetorrela eta argitasunez. Hauxe, hirugarrena; «Ez da erraza familiarrak daude urduri ta gartsu / baina gu ere hil behar gara Urko egidazu kasu / zuk ni edota nik zu agian hemen baikaude ni ta zu/ ni banaiz lehen hiltzen den hori guapo ipini nazazu».

Zortziko txikian ere goitik jarraitu du. Ariketa horretan Idoia Granizorekin. Adin nagusikoen egoitzako langilea zen Granizo eta Illarregi harrapatu du sukaldean ezkutuan txokolatea jaten.

Granizo txukun ibili da ariketa honetan. Saioa oso lotuta hasi du, baina asmatu du zenbait unetan tentsioa askatu eta arrasto propioa uzten. Hauxe bota dio zortziko nagusian Illarregiri: «Ongi pentsatzen jarriz ideia ona zen / eta hasia zara merienda prestatzen / baina trantzean nago hasi naiz pentsatzen/ guk ez ote zaitugun nahikoa goxatzen». Eta Illarregiren erantzuna; «deitzen nauzu kuttuna eta deitu Xabat / dieta zuzen baten ta ni sartu naiz trat / azukrerik ta gatzik gabea erabat / Behobian irteteko asmorik ez daukat».  

Puntutan hirugarrena Julen Zelaieta izan da, Nafarroako txapelketan eskarmentu handia duen bertsolaria. Saioari erori gabe eutsi dio, baina akaso distira falta izan zaio. Atzoko 458 puntuekin zaila dauka finalean egotea.

Zortziko txikian Urko Gartziarekin aritu da eta lortu dute bien artean plaza berotzea. Gartziak magia ikuskizun bat zeukan eta Zelaieta laguna ikustera joan zen. Espero gabe jende artetik boluntario atera zuen Gartziak. Hauxe, Zelaietarena: «Funtzioa daukat ta gela nahi dut bete / etorriko al zinake tira badaiteke / nigana etorri zara boluntario eske / laguna zinen baina orain ez hainbeste».

Ekain Alegre puntu erdira geratu da, laugarren. Ideietan fresko aritu da eta lortu du ertz propioak marraztea eta urduritasunari neurria hartzea.  

Bosgarrena Urko Gartzia izan da. Agurrean aitortu duenez «etxean jokatu» du gaur, senideak dituelako Agoitzetik gertu eta bere zaleak dezente nabarmendu dira plazan. Berotasuna ez zaio falta izan. Hamarreko txikian Sotorekin aritu da, baserri batean bizi den bikote nagusi baten paperean. Sotok herrigunera joan nahi zuen eta Gartziak, ez. Hauxe kantatu du bigarrenean: «...teila hautsi azpian sentitzen naiz salbu/ herrigunean neri ez zait ezer galdu».

Azken finalaurrekoa azaroaren 19an, Lesakan.