INFO

Jon Ander Peñak hirugarren postua eskuratu du Jaka gainditu ondoren (19-22)

Markagailuan 6 eta 15 aurreratu da Peña, baina partida hemeretzira berdintzea lortu du Jakak. Tolosako aurrelariak garaipena lortu du azken hiru tantoak irabazita.

Jon Ander Peñak Jaka gainditu du Zumarragan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Ander Peña 2023ko Lau eta Erdiko txapelketako podiumera igoko da datorren igandean. 19 eta 22 gainditu du Erik Jaka Zumarragako frontoian gaur arratsaldean jokaturiko partidan.

Hasieran berdintasuna izan da nagusi bi pelotarien artean. Hala ere, Jon Ander Peñak tartea irekitzea lortu du bosgarren tantutik aurrera. 6 eta 15 irabazten jarri da markagailuan Tolosako aurrelaria, baina Jakak ez du amore eman eta norgehiagoka iraultzeko zorian izan da.

Lizartzakoak min egin dio sakearen bidez Peñari eta hemeretzira berdintzea lortu du partida. Bolada onari erreparatuta bazirudien garaipena eskura zeukala Jakak, baina tolosarrak lasaitasuna berreskuratu du eta azken hiru tantoak irabazi ditu.

Ohoreaz gain, txapelketa hirugarren postuan amaitzeak, hurrengo urtean final laurdenetako sailkatze fasean txapelduna ekiditzea ekarriko dio Peñari. Aldi berean, aurtengo finalisten batek uko egin behar badu lesio baten ondorioz, berak ordezkatuko luke finalean.

Altuna sorbaldeko arazoekin egon da azken asteetan, baina joan den asteburuan finalerdia jokatu zuen Jakaren aurka.

Hurrengo igandean, azaroak 19, ospatuko da Lau eta Erdiko txapelketako finala Bilboko Bizkaia frontoian. Zortzigarren finala izango da Jokin Altunarentzat lau eta erdikoan eta lehenengoa Peio Etxeberriarentzat.