INFO

‘Naturarekin dantzan’ jarri nahi ditu haurrak Ene Kantak-ek bere bideo berrian

Natura ardatz hartuta, natura eta berarekin ikasteko ematen dizkigun aukerak abesti bilakatu ditu haurrentzako musika eta dantza euskaraz lantzen dituen Ene Kantak ekimenak. 17 kantez osatutako bederatzigarren lan honetako lehen bideoa kaleratu dute dagoeneko.


«Bertako produktuak kontsumitu! Baratze ederrak ditugu, zelai izugarriak eta ekoizle zoragarri mordoa. Zaindu zure elikadura eta zure ingurunea», esaldi hauek laburbildu dezakete Ene Kantak kaleratutako bederatzigarren lanaren xedea. Bideoa haien Youtubeko kanalean ikusi daiteke.

Aritz Ganboaren hitzekin eta Nerea Urbizuren musikarekin, Atarrabiako talde honen disko berriak, natura ardatz hartuta, natura eta berarekin ikasteko ematen dizkigun aukerak abesti bilakatu ditu: «Arnas garbia, lehen sektorearekin lotutako bizitza, txangoa, txaluparen gainean… Eta ezin dira animaliak falta: arkakusoa, olagarroa edo enara esaterako. 17 abesti horietan sorpresak ere aurkituko dituzu –diote–, gau beltzerako kanta, bazkaltzera joateko deia, irudimenari egindakoa, magoei eskainitakoa, errespetua lantzekoa…».

Jada ia hamarkada bat pasa a Ene Kantak ekimena sortu zenetik. Musika, dantza, euskara eta irudia ardatz hartuta, eta euskarari bultzada emateko, jende ospetsuaren parte-hartzea lotu dute hainbatetan. Ikuskizunak ere prestatu dituzte, eta ETB3an larunbatero saioa dute.

Gonbidatuen artean, musikariak, bertsolariak, kirolariak, artistak edo idazleak izan dituzte. Zerrenda luze-luzea da, baina hauek dira horietako batzuk: Telleria anaiak, Nerea Balda, Kristina eta Xabi Solano, Gorka Urbizu, Julio Soto, Nerea Erbiti, Ruper Ordorika, Oinatz Bengoetxea, Irati Goikoetxea, Abel Barriola, Pirritx eta Porrotx…