INFO

Glavistako kapitalean sartzea proposatu dio ELAk Lakuari, enpresa berriz abiarazteko

Glavista berriz martxan jartzeko eta jasotako 2,5 milioi euroko diru-laguntzak defendatzeko, ELA sindikatuak enpresaren kapitalean sartzea proposatu dio Lakuako Gobernuari. Epaitegiaren oniritzia dauka, baina inbertitzaile berriaren eta Guardianen arteko akordioa behar du enpresak.

Lakuari aurkeztutako txostenari buruz ELAk eskainitako prentsaurrekoaren irudia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Joan den azaroaren 2an Glavistako enpresa batzordeak Lakuako Gobernuarekin egindako bilera batean, ELA sindikatuak 200 langile inguru dituen enpresa berriz abiarazteko neurriak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen. Bertan, Glavistaren kapitalean sartzeko eskatu dio Lakuari.

Glavistako langileek azken hilabeteotan egindako zenbait mobilizaziok irailaren 30ean plantilla osoa kaleratzeko ezarritako EEE bat salatu dute. Esate baterako, urriaren hasieran itxialdia egin zuten fabrikan, Laudion zehar ibili zen manifestazio jendetsu batekin amaitu zena.

Orain, astearte honetan Bilbon egindako agerraldi batean azaldu dutenez, kontrol publikoa izateko eta enpresak orain arte jasotako 2,5 milioi euroko diru-laguntzak defendatzeko helburuarekin planteatu dute proposamena.

Hala ere, martxan jartzea bideragarria izan dadin, «ezinbestekoa» da multinazionalaren eta proiektuan inbertitzeko prest dagoen enpresaren (Newco Anime Opco) arteko akordioa lortzea. Ildo horretan, fabrika kokatuta dagoen lurrak eta instalazioa desjabetzea ere beharrezko jo du, gaur egun Guardianenak baitira.

Diseinatutako bideragarritasun planak konkurtso administrazioaren eta enpresaren espedientea esleitu zaion merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia jaso du. «Enpresaren bideragarritasuna erakusten duen funtsezko datua da, eta eragile guztiak behartzen ditu, Eusko Jaurlaritzatik hasita, erakutsi den irtenbide errealista batekin konprometitzera», nabarmendu du ELAk.