INFO

Jagoba Arrasatek hunkituta jaso du Bostekoa saria, euskararekiko duen konpromisoagatik

«Euskaldun eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazan», azpimarratu dute ekitaldian.

Jagoba Arrasate, Bostekoa saria jasotzen. (Iñaki ALDATZ)

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak hunkiturik jaso du IKF Fundazioak asteazken arratsalde honetan eman dion Bostekoa saria, bizkaitarrak euskararekiko erakusten duen konpromisoarengatik. Solasa, bideoa, bertsoa eta musika izan dituen ekitaldia Iruñeko Civicanen egin da eta, giro paregabe batean, aretoa gainezka egon da.

Civican bete duten osasunazale euskaldunek txalo zaparrada batekin jaso dute Arrasate aretora sartzean. Aurretik, Berriatuko entrenatzaileari buruzko bideo bat ikusi dute, hura oso ongi ezagutzen duten Oier Sanjurjo, Aimar Oroz eta beste batzuen testigantzekin.

Ekitaldiaren zati nagusia Reyes Ilintxetaren eta Jagoba Arrasatearen arteko solasaldia izan da. Futbolaz ez ezik, bizitzako beste hainbat kontuz mintzatu dira, solasaldiaren helburua bizkaitarraren nortasunean sakontzea baitzen. Fundazioak sariaren berri ematen azpimarratutakoa gogoratu du Ilintxetak: «Jagoba pertsona estimatua eta errespetatua da. Gizon umil eta normala, hortik gutxi duen futbolaren munduan. Euskaldun eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazan, zalez inguraturik…».

Haren gustuko doinu batzuk ere entzun ditu, Xabi Olano piano jolearen eskutik. Elkarrizketa amaiturik, IKFko presidente Kike Diez de Ulzurrunek bostekoa saria eman dio Jagoba Arrasateri: Idoia Leatxe Olagüe iruindarrak eginiko eskultura-lan bat. Arrasate hain bertsozalea izanik, bertsoekin amaitzeko beste modu egokiagorik ez zegoen. Bittori Elizalde bertsolari gaztearen hiru bertso hunkigarrik Berriatukoaren izaera islatu dute. Azken hitza, noski, Jagobarena izan da. Hunkiturik, eskerrak eman dizkio fundazioari eta bertaratu diren guztiei. Osasunaren eta euskararen arteko harremanaz mintzatu da, hizkuntzaren aldeko jarrera barne-barnean daramala azpimarratuz.

Jendearen beste txalo zaparradarekin amaitu da ekitaldia. Aretotik ateratzean, osasunazale euskaldun gehienak bat zetozen: «A ze tipo jatorra eta normala mundu horretan ibiltzeko. Osasunarentzat hau bezalako entrenatzailerik ez dago! Urte parrasta eginen ahal du gure artean!».