Premier Leagueko zenbait taldeez galdetzean, Oyarzabalen erantzuna: «Realean zoriontsua naiz»
Espainiako selekzioarekin prentsaurrekoa eman du gaur eibartarrak, eta Txipreko kazetari batek galdetu dio ea ez duen jokatu nahi Arsenalen, Manchester Cityn edo Liverpoolen; Realeko kapitainak argi eta garbi erantzun du: «Txikitatik nago hemen, familia hemen dago... Gutxi gehiago eska dezaket».
Mikel Oyarzabal ideiak oso argi dituen pertsona bat da, eta argitasun hori behin eta berriro erakusten du egiten dituen adierazpenetan. Gaur Espainiako selekzioarekin eman duen prentsaurrekoan Txileko kazetari batek galdetu dio ea ez duen jokatu nahi Arsenalen, Manchester Cityn edo Liverpoolen, eta eibartarrak argi eta garbi erantzun du bera «gustura» dagoela Realean.
«Txikitatik realzalea izan naiz, eta txikitatik nago bertan. Uste dut klubeko egoera asko aldatu dela etorri nintzenetik gaur arte. Kluba hazten ari da, eta klubarekin batera jokalariak ere hazten ari gara. Realera iritsi nintzenetik dena onuragarria izan da niretzat, eta oso pozik nago; bizi naizen lekuan, gertuko jendeaz inguratuta nago, nire familia ere hementxe dago... Gutxi gehiago eska dezaket».
Realeko kapitainak hankak lurrean ditu, eta modu oso bertsuan erantzun dio beste kazetari baten galderari. «Zer pentsatzen duzu Imanolek azken prentsaurrekoan adierazi zuenaz? Alegia, uste duzu Realeko gehiago joan beharko liratekeela Espainiako selekziora?».
Oyarzabalek adierazi du Imanolek hori esan duela «hala sentitzen duelako», eta berak galderari erantzunda, nabarmendu du «positiboa» dela Realeko bost jokalari egotea deialdi honetan –Oyarzabal bera, Mikel Merino, Robin Le Normand, Martin Zubimendi eta Alex Remiro–.
Haren ustez, horrek erakusten du Donostiako klubean gauzak «ondo egiten ari direla, kluba hazten ari dela, eta batez ere, kanpoko jendeak balioa ematen diola kluba egiten ari den lanari, baita jokalariak bakarka egiten ari direnari ere».
Talde txuri-urdinarekin Oyarzabalek bere alderdi golegilea berreskuratu du, eta ate aurrean oso fin dabil azkenaldian. Hamahiru jardunaldietan zazpi gol eskuratu ditu ligan.