INFO

Martxa jendetsua egin dute haurrek merezi duten ikastola aldarrikatzeko Beskoitzen

«Ikastola herri eskola» aldarrikapena haizeratu dute, gaur goizean, Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deituriko deialdiari erantzunez Beskoitzera bertaratu diren 2.500 lagunek. Ikastola berria eraikitzeko ezartzen dituen trabak altxatzea eskatu diote Herriko Etxeari.

Pilota plazan hasiera eta amaiera izan duen martxak jende anitz bildu du (Guillaume FAUVEAU)

Seaskak eman dituen datuen arabera, 2.500 lagun bildu dira, gaur goizean, Beskoitzen, Fabienne Ayensa auzapezak Lapurdiko herrian ikastola berria eraikitzeko ezartzen dituen trabak altxatzea galdegiteko eginiko mobilizazioan.

Pilota plazatik hasi eta herriko karriken gaindi igaro ostean toki berean amaitu den martxari bide ireki diote joaldunek.

Horren gibelean, Seaskako eta Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak bata bestearen ondoan eman dira, Beskoitzeko ikastolako gurasoekin batera. Auzolanean mobilizazioa zabaldu duen banderola eraman dute.

Haien atzean jende anitz bildu da 2014 urtean dozena erdi bat ikastolekin abiatu zen ikastolak eraikin berriaren premia dagoela agerian jartzeko, baita «euskararen geroa Beskoitzetik pasatzen dela» oroitarazteko ere.

Aurten 52 ikasle ditu Beskoitze ikastolak. Garapen ederra izan du azken urtetan. Hori dela eta, garaian Herriko Etxean utzitako eraikina aspaldi txiki gelditu zen.

Etengabe emendatzen ari den eskaerari erantzuteko prefabrikatuekin bete behar izan dute ikastolaren kanpoko eremua. Gauzak horrela, jolas tokirik ez dago.

Nehork gutxi ukatu dezake ikastola berria eraikitzeko premia. Alta, badira bi urtetik honat, ikastolako arduradunen eta udal ordezkarien arteko solasaldiak ez atzera ez aurrera daude.

Erantzuna Herriko Etxeari

Gaur Beskoitzeko karrikak euskararen aldeko aldarriaz bete dituen mobilizazioaren bezperan bere webgunearen bidez oharra plazaratu zuen Herriko Etxeak.

Hirigintza eta segurtasunaren irizpideak aipatuz ikastola berria eraikitzeko baimena ukatzeko arrazoiak berretsi ditu frantsesez udatzitzako ohar horren bidez tokiko erakundeak.

Hala eta guztiz ere «giro lasaiago  batean elkarrizketak abiatzeko» prestutasuna adierazi du Herriko Etxeak idatzi horren bukaeran.

Hain zuzen, azkeneko hitz horri helduta, martxa abiatu aitzin «borondate politika badago, oztopo teknikoei irtenbidea xerkatzeko prest gara», adierazi dio NAIZi Peio Joraruria Seaskako lehendakariak.

Pilota plazara bueltan «haurrei harrera duina ziurtatu arte» borrokan jarraitzeko nahikeria baieztatu dute hitza hartu duten Beskoitzeko ikastolako gurasoek.

Peio Jorajuriak «txalo bero bat» galdetu du Beskoitzeko familientzat, «ikastola txikia biziaraztea zaila bada, zer esanik ez Herriko Etxeak trabak jartzen baditu».

Ondoren salatu duenez, «bada urteak Fabienne Ayensa eta bere taldekideek ikastolaren ibilmoldea trabatzeko neurriak hartzen dituztela, herriko gela hutsak ez dizkigutela prestatu nahi, prefabrikatuak gehitzeko trabak ezartzen dizkigute».

«Herriko Etxeak elkorrarena egiten segi dezake, baina guk aterabide bat atzeman arte segituko dugu lanean» oharrarazi du, hala eta guztiz ere, Seaskako lehendakariak.

Nekane Artolak, bere aldetik, sinesgaitzat jo du XXI. garre mendean «botere publikoek euskararen aldeko hizkuntza politika bat egin nahi dutela esatea, hiztun kopurua garatzeko inolako politikarik ezarri gabe, eta herrigintzatik sortzen diren ekimenak gisa honetan zangopilatzen dituztelarik».

«Euskararen kontrako erasoen aitzinean, elkartasuna da gure indarra, eta gaur ere hala erakutsi duzue» adierazi die pilota plaza betetzen zuten herritarrei Artolak.

Ikastolako gurasoek ezarritako ostatuan mokau bat hartzeko parada ukan dute manifestazioaren ostean gaur Beskoitzera hamaika txoko ezberdinetatik heldutako lagunak.

Indarrak bildu eta bihartik aurrera haien haurrek merezi duten ikastola izan dezaten borroka egiten jarraitu beharko dutelako gaur euskalzaleen sostengu beroa jaso duten beskoiztarrek.