INFO

Santurtzitik Bilbora zuzenean joango da Jone Uria

Jone Uria Albizurik irabazi du Santurtziko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa, alde handiarekin gainera, 631 puntu eskuratu ditu. Bigarren, Txaber Altubek egin du 576 punturekin.

Jone Uriak Bilboko finalerako bigarren aulkia eskuratu du. (Oskar Matxin | FOKU)

Santurtzira iritsi da larunbat arratsalde honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Serantes kultur aretoa bertsozalez lepo zegoen, eta kantuan zebiltzanak ere gogoz antzeman dira, nahiz eta agian pasa den astean baino gehiago kostatu den saioan sartzen. Jone Uriak eskuratu du finalerako zuzeneko txartela 631 punturekin, bigarren egin du Txaber Altubek (576 puntu), eta hurrenez hurren geratu dira: Aitor Bizkarra (574,5), Unai Mendiburu (565), Mikel Goiriena (557) eta Bittor Altube (498,5)

Bertsoa amaieratik pentsatzen hasten omen da, eta akaso horregatik edo saioan aurrera joan ahala bertsolariak zein zaleak berotu direlako, baina ganbarako ariketan borobildu da saioa. Puntu erantzunetan fin ibili dira oro har bertsolari guztiak, eta ganbarako gaiari hiru bertsorekin erantzun behar izan diote. Barruan gordeta daukazuna ateratzen hasi zara, badakizu gauzak aldatuko direla, zuten gaia. Uria izan da gaiak emandako bi heldulekuei egokien erantzun diena, psikologoarenera joan da, eta lehen bertsoan horra iristeko bidea deskribatu du: «Hor gabiltza errepide/ presazko eta belztutan/ dena izan nahian patrikan/ dena izan nahian eskutan/ gozamenarekin eta/ estresarekin disputan/ nik azken aldian poza/ nunbait izan dut gomutan/ goizero iratzartzen naiz/ begi zulolekin burrukan/ nahiz ta normala da esan/ nire baitara batzutan/ azkenean hemen nago/ milaka hitz mingain puntan/ hainbeste izutzen nauen/ psikologoko kontsultan». Eta hirugarrenarekin findu du: «nire barrua askatu/ diodalako gaur ozen/ ez metafora ez aitzaki/ egi gordin egi zuzen/ hortarako etorri bainaiz/ gauzak aldatu daitezen».

Mendibururekin ere, psikologoaren ataria bisitatu dugu, baina kasu honetan droga uztearen beharra antzeman duen drogazalearen gorputzetik, «ez da erraza izango baina/ saiatzeak merezu du» esanez amaitu du. Bizkarrak osatutako istorioan ere bikote drogazalea zegoen tarteko, bigarrenean irudi bat deskribatu du, «zure bizia konpondu behar/ dozula nabil esaten/ ta zu piti bat liatu guran/ ta umea negar baten».

Langile eredu ezberdinak

Hamarreko txikian gai mamitsuak landu dituzte, bakoitzak bere begiradatik. Bittor Altube semeari supermerkatu erraldoi batean lana eskaini diote, baina baldintza txarretan; eta Bizkarra aitarai kontatu dio bere egoera, aitak urte luzez industrian lan egindakoa da. «...ta nik ipini hainbat puretaren pose/ ze lan gura dozue/ lortzerik zeoze/ gero sindikatuta/ be ez bazagoze», kantatu du Bizkarrak, eta Altubek erantzun orain artean jarraituko dutela, aitaren eta amaren etxeko babesean.

Zortziko txikian Txaber Altube eta Mendiburuk osatu dute behin baino gehiagotan bertso plazan zein edozein etxetan gertatutako egoera. Mendiburu semeak parrandatik bueltan etxeko atea ireki eta Txaber gurasoa topatu du esna, «gabon» esan dio. Altubek atea zabaltzen ordu bete tardatu duela aurpegiratu dio, eta semeak erantzun horrenbestetan parrandazale ona zela eta hamaika aldarri egin zituenez sarri, sukaldera joan eta bi gin tonik ateratzeko eskatu. Sukaldean itxi du ofizia Altubek, «Behin nola ein nuen zu/ sortzeko aukera/ amak esaten zuen/ txakur bat hobe da/ bihar bueltauko zera/ zeroren onera/ har zazu cola cao bat/ ta zoaz ohera».

Zortziko handiarekin hasi dituzte lan puntuagarriak, Uria eta Goiriena urte luzez sortzaile lanetan aritutakoak, Uriak Goirienari aitortu zion luzaroan ezingo duela horrela jarraitu. Goirienak musikarien gorputzean jarri ditu eta erreferentziekin jolas egin du: «… urteetan hortxe ibili gara/ mantra berdina esaten/ badakigu musikak euskadin/ ez du dirurik ematen». Uriak aldatzea ere zilegi dela defendatuz animoak eman dizkio lagunari.

Amaierako agurrean, bere zortzi finalaurrekoen erradiografia egin digu Uriak, eta ezin txalotuagoa izan den aldarri batekin amaitu du: «...nahiz gehiegitan aparte utzi/ gora Baraka, biba Santurtzi/ bueno a ver, esque basta ya/ hau ere bada Bizkaia».

Sailkapena

1. Jone Uria (631puntu)

2. Txaber Altube (576 puntu)

3. Aitor Bizkarra (574,5 puntu)

4. Unai Mendiburu (565 puntu)

5. Mikel Goiriena (557 puntu)

6. Bittor Altube (498,5 puntu)