INFO

Mikel Zuazabeitia hil da, GARAren sustatzaileetako bat

GARAren sustatzaileetako bat izandako Mikel Zuazabeitia zendu da, 92 urte zituela. Bihar arratsaldean emango diote azken agurra, Aretxabaleta jaioterrian.

Mikel Zuazabeitia, ezkerrean, 2014an. (Gorka RUBIO | FOKU)

92rekin hil da igande honetan Mikel Zuazabeitia, GARA egunkariaren sorreran aktiboki gehien lagundu zuenetako bat. Aretxabaletan jaioa, apaiza izan zen hainbat urtez eta Hondarribian bizi izan zen. Apaiza zela Zamorako espetxean preso izan zuten eta 2021eko ‘Apaiz Kartzela’ dokumentalean kontatu zituen han jasandakoak. Egin itxi zutenean GARA sustatzearen ardura bere gain hartu zutenetako bat izan zen eta orduan bizi izandakoak gogora ekarri zituen 2014an eskainitako elkarrizketa batean.

Duela bederatzi urteko solasaldi horretan azaldu zuen Eginen itxierak jendearen haserrea piztu zuela, berehalako erantzuna eraginez. Horri esker, herriz herri sareak sortzen joan ziren, «aramu-sare bat bezala». Herri bakoitzean talde bat eta haren arduraduna zeuden, koordinazio lanaz eta hitzaldiak emateaz arduratzen zirenak.

Zuazabeitia bera Gipuzkoako 32 herritan izan zen eta elkarrizketan gogora ekarri zuenez, denetan galdetu zioten Eginen langileen etorkizunari buruz. Zer erantzun ez zekiela geratzen zela aitortu zuen, berak ere ez zeukalako informazio hori.

Kontatu zuen Donostiako Errekalde auzoan pabiloi handi samar bat erosi zutela eta han gorde zituztela publizitate euskarriak, hala nola, kamisetak. Baietz fundazioa sortu zuten eta lortutako dirua libretetarako erabili zuten. Zuazabeitiak bazeuzkan oraindik ere bi gordeta etxean, elkarrizketa eskaini zuen unean.

Bihar emango diote azken agurra Mikel Zuazabeitiari, Aretxabaletako Jasokundeko Ama Eliza Parrokian, arratsaldeko 19.00etan.