INFO

Udarregi bertsolaria eta Remigio Mendiburu eskultorea batu ditu ‘Txulotik’ liburuak

Ixabel Agirresarobe ipuin-kontalariak eta Iñaki Martiarena ‘Mattin’ ilustratzaileak ‘Txulotik’ liburua argitaratu dute: Udarregi bertsolaria eta Remigio Mendiburu eskultorea dira protagonistak.

‘Txulotik’ liburuaren aurkezpena, Udarregiren eskulturaren alboan. (USURBILGO UDALA)

Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako eskultura, Usurbilen bisita daitekeena, du ardatz Ixabel Agirresarobe ipuin-kontalariak eta Iñaki Martiarena ‘Mattin’ ilustratzaileak ondu duten ‘Txulotik’ liburuak. Usurbildo Udalak kultur sormenerako banatzen duen dirulaguntzari esker osatu dute liburua eta Denonartean argitaletxearekin argitaratu dute.

«Remigio Mendiburu eskulturagileak artelan bat egiteko proposamena jaso du: Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura bat egin behar du. Artista sormen prozesuan murgildu da, bete-betean. Prozesu horretan, Udarregirekin elkarrizketa izango du. Bertsolaria ezagutuko du: bere tristurak, pozak, nekeak, etab», zehazten du liburuaren sinopsiak, eta kontakizuna «umorez eta goxotasunez josita» datorrela ere nabarmentzen du.

‘Txulotik’ liburuaren sortzaileek astelehen honetan Usurbilen egin den aurkezpenean azaldu dutenez, bi helburu nagusi ditu liburu honek. Batetik, ondare materiala eta ez materiala ezagutarazi eta transmititzea: «Belaunaldi berriek gure bi artista hauek eta euren jardun aparta ezagutu dezaten nahi dugu: izan ere, testuinguru zailean aritu ziren biak ala biak», azaldu dute aurkezpenean. Bestetik, ahozko herri literatura hitzez eta irudiz hornitu nahi izan dute.

Azaldu dutenez, sormen prozesua hitzetik abiatu bazen ere, irudiak hartu zuen garrantzia ondoren. Kolore paleta ausarta eta marra lodiak dira nagusi Mattinen irudietan, aurrera egiteko grinaren eta barruko indarra askatzearen erakusle: Agirresaroberen hitzen freskurarekin, irakurleak aise jarraitu ahal izango du bien artean osatutako kontakizuna. «Zuloaren bestaldean zer ote dagoen kuxkuxeatzera gonbidatzen dugu irakurlea», bota dute erronka.

Udalaren aldetik, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak parte hartu du aurkezpenean, eta Agirresarobek eta Mattinek egindako «lan ederra» nabarmendu du. Solaberrietaren ustez, gainera, Usurbilgo ondarearen transmisiorako ere baliagarria izango da. «Dudarik gabe, gure ondarea Usurbildik kanpo zabaldu eta ezagutarazteko trena bikaina izango da: Udarregi bertsolaria, bere omenez Mendiburuk egindako eskultura, eta, bide batez, baita Mendiburu bera ere».

Gaineratu duenez, horixe da, halaber, 650 Usurbil Bizi proiektuaren oinarrietako bat ere: «Gure herriaren baloreak eta identitatea bultzatzea da proiektu horren helburuetako bat».