INFO

Bizkaiak osasun arloko zentro logistiko berria izango du

Foru Aldundiak Iurretako EITBren egoitza zaharra eskaini dio Osakidetzari, bertan 29.000 metro kuadroko logistika eta biltegiratze zentro handia atontzeko, baita I+G+B garatzeko bulegoak ere.

Iurretako EITBren egoitza hutsik dago 2007an Bilbora lekualdatu zenetik. Aurreikuspenak betetzen badira, 2026rako zabalik egongo da Osakidetzaren biltegi berria. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Hamasei urte dira EITBren egoitza Iurretatik Bilbora lekualdatu zela. Geroztik, A-8ko ordainlekuen ondoan dagoen eraikuntza erabilpenik gabe egon da eta orain, instalakuntzen jabe den Bizkaiko Foru Aldundiak Osakidetzari eskaini dio, 40 urtetarako, bertan osasun arloko zentro logistiko berria jartzeko.

Guztira, eskainitako azpiegiturak 29.000 metro koadroko partzela bat eta 22.000 metroko aldameneko beste bat hartzen ditu (berdeguneei eta sarbideei dagokiena). Helburua da material sanitarioa eta ez-sanitarioa kudeatuko dituen logistika eta biltegiratze zentro berri batera bideratzea, baita osasunaren esparruan I+G+Bren inguruko jarduerara ere.

«Osakidetzako erakunde sanitarioek, 15 ospitalek eta 324 osasun-zentrok, gehi osasun mentaleko sareak (lau ospitale gehiago, 23 eguneko ospitale eta 41 osasun-zentro) material sanitario eta ez-sanitarioen eskaera handia sortzen dute, eta erakundeak berak dira material horiek  eskuratzen dituztenak», azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Osakidetzaren asmoa, erosketa horietako asko zentralizatzea eta horiek biltegiratzeko eta banatzeko plataforma logistiko bat sortzea dela gaineratu du, Osakidetzaren erosketa-bolumena urtean 500 milioi ingurukoa dela zehaztuz.

Ekimen honen bidez, bestalde, «erosketa-prozesuak arrazionalizatzeaz gain», erakundeak zeregin horietatik «askatu» nahi ditu Osakidetzak, eta gaur egun biltegiek okupatzen dituzten espazioak osasun-jarduerara edo jarduera horri laguntzera bideratu.

Apirilean sinatutako akordioaren ondoren, onartua izateko administrazio-izapideak egingo dira, eta, ondoren, dagozkion lizitazioak prestatuko dira. Horrela, plataforma logistiko berria 2026an zerbitzua ematen hastea espero da.

Zentro horrek sor ditzakeen zuzeneko lanpostuak 200 inguru izango direla aurreikusi du Sagardui sailburuak, plataforma logistiko horrentzat zerbitzua eskaini dezaketen enpresetakoak kontuan hartu gabe.

Zenbait sindikatuk, ordea, «zerbitzuen pribatizazioa» ikusten dute ekimen horretan eta logistikaren zentralizazioak lanpostuen galera ekarriko duen beldur agertu dira.

Gaia Eusko Legebiltzarrera iritsi zen maiatzean eta EH Bilduk operazioaren xehetasunak eta lanpostuetan izango duen eragina azaltzeko eskatu zion Sagardui sailburuari.

Bere agerraldian, Gotzone Sagarduik «lanpostu bakar bat ere» ez dela galduko ziurtatu zuen. Bere hitzetan, gaur egun, «enpresa pribatuek» ekoizten dituzte materialak, eta Osakidetzak osasun-erakundeetan dituen «24 biltegietara bidaltzen dituzte». Operazio horrekin, ez dira «hainbeste saltoki handi beharko», stockaren zati handi bat Iurretatik kudeatuko baita. Nolanahi ere, zentro horietako langileek plataforma logistiko berritik iristen dena kudeatuko dutela nabarmendu nahi izan zuen.

Sailburuak berretsi zuen proiektuak «materialen fluxua optimizatuko» duela, eta ESI-etan erabiltzen diren produktuak «homogeneizatu», baita horien truke ordaintzen dituzten «prezioak» ere.

Euskal Osasun Zerbitzuak «urtean 500 milioi inguruko erosketa-bolumena mugitzen du», esan zuen, eta erakunde bakoitzak «lehiaketak deitu eta erositako materialen etengabeko sarrera planifikatu behar izatea ez dela eraginkorra».