‘Harri, Orri, Arkatz’, mundu zabalean egin den eskalada krokisen erakusketa osoena
Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorza egileek Mendi Film Jaialdiaren kolaborazioarekin atzo, ostiralean, Bilboko Aztarnategian ekimen hori aurkeztu zuten.
Maiz gertatzen da, eta zaila egiten da azalpen bat ematea. Etxean bertan, Euskal Herrian, mendiarekin lotutako ekarpen handiei ez zaie behar duten garrantzia eta zabalkundea ematen. Baina badirudi egoera hori, pixkaka bada ere, aldatzen ari dela.
‘Harri, Orri, Arkatz’ erakusketari hori gertatu zaio. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteko kide Eli Azurmendik, Juancar Sanzek eta Rafa Elorzak eskalada krokisei berezko lekua eman diete. Erakusketa hori eskaladako eta mendiko krokisetako artelan ilustratuz osatua dago, eta mundu osoko egileen ekarpenak ditu. Laburbilduta: nazioartean gaiari buruz inoiz egin den erakusketarik handiena da. Osoa, zabala eta biribila.
Hiru egile horiek mendiko kultura, eskalada eta krokisak elkar uztartu dituzte, eta, atzo, ostiralean, Mendi Film Jaialdiarekin elkarlanean ‘Harri, Orri, Arkatz’ Bilboko Aztarnategian aurkeztu zuten. Ekitaldi horretan makina bat lagun bildu ziren erakusketaren egileak babestera eta lan hori bertatik bertara ikustera. Eragile instituzionalak, alpinista eta eskalatzaile historikoak, mendi federazioetako ordezkariak, krokis egileak…
Ekarpen handia
‘Harri, Orri, Arkatz’ erakusketak duela lau urte lehen urratsak egin zituen. Egileak ‘Expocroquis’ izenarekin martxan jarri ziren, baina ohartu ziren ‘harrobi’ handia zutela aurrean eskalada krokisen inguruan erakusketa askoz ere zabalagoa eta osatuagoa egiteko.
Horretarako, egundoko lana egin dute. Euskal Herrian zein nazioartean ate asko jo dituzte, eta, protagonistok inaugurazio ekitaldian baieztatu zuten bezala, oso harrera ona izan dute: «Jo ditugun ate guztiak zabaldu dizkigute. Hori oso motibagarria izan da lanean aritzeko. Gure ingurumariko izen propioak aipatzekotan, Armand Ballart, Oscar Masso, Christian Ravier edo Chema Agustin azpimarratu behar ditugu. Eta nazioartean: Elio Orlandi, Clay Wadman, Jeremy Collins edo Rhiannon Klee. Kolaboratu duten guztiekin oso eskertuta gaude».
Oro har, erakusketa horrek hamahiru panel eta bederatzi beira-arasa ditu. Eta horietan guztietan hainbat gai eta kokaleku ezberdin jasotzen dira: eskalada krokisen sorrera, pirineismoa, Europako Mendiak, Yosemite, Patagonia, arte paraleloak…
Azurmendik, Sanzek eta Elorzak ekarpen handi hori egiteaz gain, beste bat, neurri berekoa, kaleratu berri dute. Erakusketaren aberastasunaren laguntzarekin ‘El arte en el croquis de escalada’ liburua argitaratu berri dute. Erakusketaren eskema ia berdina du, eta lau kapitulu gehitu dizkiote. Eduki horiek krokisa ulertzeko modu ezberdinak errepasatzen dituzte; arlo funtzionaletik arlo artistikora, arkatzetik eta paperetik hasi eta ordenagailu programetaraino. Eta, jakina, haien balio estetikoa azpimarratzen dute.