Elkarretaratzea Iruñeko Udaletxearen aurrean «haurrek bizitza euskaraz egin dezaten»
Iruñeko Euskalgintzak elkarretaratzea egin du Udaletxearen aurrean hurrengo ikasturtean Printzearen Harresia, Mendillorri eta Donibaneko haur eskolak euskaraz izan daitezen eskatzeko.
«Hamaikagarrenez Iruñeko auzoetan Haur Eskolak Euskaraz egon daitezen eskatzen duen taldea gara. Hamaikagarrenez eskatzen diogu udalari, gure aldarriari jaramonik egiten ez diolako eta hamaikagarrenez elkartuko gara gure haurrek bizitza euskaraz egin dezaten».
Hala adierazi du Iruñeko Euskalgintzak igande honetan hiriko Udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean.
Bertan taldeko kideek salatu dutenez, «urteak dira jada euskarak ia lekurik ez duela 0-3 etapan. Urteak diogu 80. hamarkadatik hona egoera ez delako aldatu; hau da, duela 30 urte bezala jarraitzen dugu, haur eskola bakarra dugu murgiltze ereduan Iruña osoarentzat».
«Jakin badakigu eskaintzak, gaur gaurkoz, ez duela eskaera betetzen eta horregatik, gaurkoan aldarri zehatza mahaigaineratzera gatoz: datorren ikasturtean Donibane, Mendillorri eta Printzearen Harresi Udal Haur Eskolak murgiltze ereduan (euskara hutsean) bilakatzea», nabarmendu dute.
«Hizkuntza eskubideak bermatu daitezen eskatzen diogu Iruñeko udalari», gaineratu dute, eta «bazterkeriarekin bukatu dezala», exijitu dute. Udal Gobernuari eskatu diote zabal dezan «Euskaraz hezituak izateko eskubidea auzoz auzo eta herriz herri».
«Eman diezaiogun haizea euskarari!», nabarmendu dute Iruñeko Euskalgintza taldeko kideek.