INFO

This browser does not support the video element.

‘Gernikako arbola’ Euskal Herriaren ereserkia dela aldarrikatu dute Urretxun

‘Gernikako arbola’ euskal ereserkia dela aldarrikatu dute gaur Urretxun, kantak dituen erro historikoak eta nazio mailan izan duen zabalkundea azpimarratuz. Kultura arloko 800 lagunek babesten duten manifestua plazaratu dute.


Jose Mari Iparragirrek sortutako ‘Gernikako arbola’ Euskal Herriaren ereserkia dela aldarrikatzeko deia ozen entzun da egunotan egilearen sorterria den Urretxun. Gaur bertan, hainbat ekitaldi egin dute Gipuzkoako udalerrian, kanta Euskal Herriko himnoa bilakatzeko proposamena nabarmentzeko.

Izan ere, «Ebrotik Adurrera» kantatu izan den abesti horren 170. urteurrena ospatzen da aurten, eta gogora ekarri dute kantaren inguruko hainbat datu. Proposamenaren bultzatzaileen artean, Jose Mari Esparza dago, eta azpimarratu zuenez, «karlistak, liberalek, errepublikanoek, sozialistek, komunistek eta ezker abertzaleak kantatu dute ‘Gernikako arbola’, eta horrek agerian uzten du «ereserkia zeharkakoa, integratzailea eta internazionalista» dela.

Nazio ikuspegitik, gogoratu zuen Esparzak dokumentatuta dagoela Erribera osoan, Tutera, Ablitas, Monteagundo, Tafalla edo Olite bezalako herrietan kantatua izan den abestia dela.

Kultura arloko 800 lagunek babestu duten manifestua izan da eguneko beste protagonista nagusia. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatziriko testuan, ‘Gernikako Arbola’ abestiaren ibilbide historikoa nabarmentzen dute. «Euskaldunen ereserki nazional gisa, sarritan jaso da diskografia historikoan, literaturan, prentsan eta munduko entziklopedietan, eta askotan herrien arteko askatasunaren eta bakearen nazioarteko sinbolo gisa jarri da», azpimarratzen duenez.