INFO

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen errealitatea, ikergai

Azaroaren 3an egin zen Donostian ikerketaren aurkezpena. (BURU OSASUNA EUSKADI)

Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek eta euren senideek osatutako elkarteen euskal federazioak, bere azken azterlana aurkeztu zuen azaroaren 3an Donostian. EAEn buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen errealitateari buruz zehaztasunez informatzea da ikerketaren helburu nagusia.

Lan mardula da, 96 orrikoa, eta aipatutako helburu nagusi horrekin batera, bigarren mailako beste batzuk ere baditu. Osasun mentala duten pertsonez arduratzen diren senitartekoen profila zehaztu, zaintza lan horrek beraiengan duen eragina ezagutu, familien kezka nagusiak identifikatu, familien egoera hobetu dezaketen neurriak proposatu, eta familia horiei eduki ditzaketen laguntzen mapa osatu bat eskaini nahi die, adibidez.

Horretarako, teknika eta iturri desberdinak erabili dituzte. Alde batetik, datu estatistikoen bilketa lana dago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatearen argazki zehatz bat egiteko balio duena; baina bestetik, zaintzaz arduratzen diren familiekin izandako harreman zuzena ere bai, 261 senitartekok parte hartu duten inkesta bat eta 50 senitartekotik gora bilduz egin diren lau talde-eztabaida.

Familientzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzu desberdinen katalogo ahalik eta osatuena egiten ere saiatu da ikerketa (58 zenbatu dituzte zehazki), eta EAEn nahiz inguruko beste lurralde batzuetan aplikatzen diren jokabide egokien zerrenda bat ere proposatu dute (11, guztira).

Ezusteko gutxi profilean

Azterlanak argi erakusten du osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kopurua gora egiten ari dela. Eustat-ek argitaratutako datuen arabera, 2017tik 2020ra bitartean %228,2 hazi zen portaera edo emozio nahasmenduen ondorioz artatutako pertsonen kopurua, eta denbora epe berean, %158,3 egin zuen gora eskizofrenia zutenenak. Beste datu batzuk aipatzearren, 2022an 174 pertsona hil ziren EAEn bere buruaz beste eginda, eta 227.775 etxebizitzatan dago gutxienez pertsona bat osasun mentaleko arazoekin.

Diagnostikoen artean, eskizofrenia da gaixotasunik ohikoena (%36,7), eta nortasun-nahasmendua dago bigarren lekuan (%21,5). Atzeraxeago, nahasmendu-bipolarra (%11,2) eta depresioa (%6,8). Gainera, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen %23,4k lanerako ezintasun iraunkorra du, eta %18,2 langabezian dago edo lan bila dabil. Beste datu bat: ia hamarretik zortzik (%78,4) tratamendu farmakologikoa jarraitzen dute.

Zaintzaileei dagokienez, inkestan parte hartu duten pertsonen lautik hiru emakumeak dira (%74,8) eta hamarretik zortzi 50 urtetik gorakoa (%78,8). Kasuen %60,2an ama da zaintzaz arduratzen dena, baina zaintzailea anai-arrebaren bat izaten den kasuetan, ia beti arreba edo ahizpa izaten da (%78,3), ardura emakumearengan erortzen dela argi erakutsiz.

Batera bizitzearen eragina

Baina ikerlan honen berritasun aipagarrienetako bat da zaintzaz arduratzen diren senitartekoen sentimenduak ere biltzen dituela, eta zaintza lan horrek beraien bizitzan duen eragina deskribatzen eta neurtzen saiatzen dela. Adibidez, galdeketan parte hartu duten senitartekoen %60k onartzen du zaintza lan horrek gatazkak sortu dituela familiaren barnean (eztabaidak, urruntzeak...), eta kasuen %30ean gatazka serioagoak izan direla (bikote banaketak, familian haserreak...).

Higadura emozionala eta bakardade sentsazioa dira zaintzaileek aipatzen dituzten beste eragin batzuk, eta baita erlazio pertsonalei edo aisialdiari eskainitako denboraren galera ere. Zenbakietara joz, %40k dio lagunak galdu dituela edo haiengandik urrundu dela. Eta badago faktore bat galera horietan eragin nabarmena duela: zaintzailea eta gaixoa batera bizi diren ala ez.

Donostian egindako aurkezpen ekitaldiaren une bat (BURU OSASUNA EUSKADI)

Adibidez, aisialdiari eskaintzen dion denborarekin pozik ez dauden zaintzaileen kopurua nabarmen handiagoa da (%53,9) arazoak dituen pertsonarekin bizi direnen artean, batera bizi ez direnen artean baino (%36,3). Zaintzaileen %60 inguru kezkatuta agertzen da bere osasun emozionalarekin, batez ere elkarbizitza dagoen kasuetan, eta estresa edo neke sentsazioaz galdetzen denean ere emaitzak okerragoak dira batera bizi diren zaintzaileen artean (%52,1-%39,8 estresaren kasuan, %50-%35,6, nekeaz galdetu denean).

Askotan aipatzen ez den errealitate bat ere islatzen du ikerketak: hots, zaintzailea gaixotu egin daitekeela zaintza lanaren ondorioz. Galdetutako zaintzaileen %40 inguruk dio tratamendu psikologiko edo farmakologikoren bat jarraitzen duela, eta erdiek onartu dute behin gutxienez laguntza espezializatua, psikologikoa edo psikiatrikoa, eskatu behar izan dutela zaintza lanak sortu dien eragin emozionalaren ondorioz.

Eragin ekonomikoa eta laborala

Zaintzak familientzat suposatzen duen zama ekonomikoa ere aztertzen du Buru Osasuna Euskadiren ikerketak. Kostu ekonomiko hori hilabeteko 100 eta 300 euroren artean zenbatzen du inkestan parte hartu duten familien %43,4k, eta 300 eta 500 euroren artean, %26,5ek. Zaintza horretara hilabetean 500 euro baino gehiago bideratzen dituztela esan zuen %15ak.

Kostua altuagoa da osasun mentaleko arazoa duena gaztea baldin bada (30 urtetik behera), eta diru hori tratamenduetara bideratzen da batez ere (%54,8), sendagaietara eta espezialistekin izandako hitzorduetara. Bigarren lekuan agertzen da zaintza behar duen pertsonak erabilitako zerbitzuen ordainketa (%24,7), eta hirugarren postuan, pertsona horrek dituen zorrei aurre egin beharra (%20,5).

Zaintzaileen lan jarduera ere nabarmen baldintzatua geratzen da kasu askotan. %21,3k onartzen du zaintza lanaren eraginez familiako kideren batek bere lan jardunaldia murriztu behar izan duela, eta %17,4k, kideren batek lana utzi behar izan duela. Kasu gehienetan, emakumea da bere lan jarduna moldatu behar izan duena.

Ondorio eta proposamenak

Datu sorta hori eskuan, ikerketaren egileek hainbat proposamen plazaratu dituzte osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen zaintza lanaz arduratzen diren familien egoera hobetu dezaketenak.

Osasungintzari dagokionez, diote garrantzitsua dela tratamenduetan familiaren beharrak ere aintzat hartzea, zaintzaileek ere tratamendu psikologikoa jasotzeko erraztasunak ematea, adibidez. Familiari emandako atentzioa hobetzea eta familien elkarteak ezagutaraztea ere aipatzen dira.

Familiei eskaini beharreko laguntzen arloan, orokorrean baliabide material nahiz ekonomiko gehiago eskaintzeko beharra azpimarratzen da, zaintzaileen lana eramangarriagoa egiteko. Gaixoen autonomia bultzatuko duten programak martxan jartzea, informazio eta prebentzio kanpainak areagotzea eta familiek dituzten kezka eta galderei erantzuteko bideak sortzea dira zerrendatutako beste eskaera batzuk.

Eta, azkenik, arlo orokorrago batean, jendartean osasun mentalari buruzko sentsibilizazioa handitzeko beharra ikusten dute, horrekin batera familien egoerari ikusgarritasuna emanez eta elkarteek egiten duten lana babestuz.

 

Mari Jose Cano: «Familiek egiten duten zaintza lana oso isilpekoa izaten da, eta garrantzitsua da ikusaraztea»

Buru Osasuna Euskadiko gerentea da Mari Jose Cano. Egiten duten lanaren eta ikerketaren nondik norakoen berri eman digu.

Zer lan egiten du Buru Osasuna Euskadi Federazioak?

Buru Osasuna Euskadi federazio bat da eta bertan biltzen dira Euskadiko buru osasuneko gaixotasunak dituzten pertsonen eta senideen elkarteak. Gipuzkoan Agifes da, Bizkaian Avifes, Araban Asafes eta Laudio inguruan, Aialako bailaran, Asasam. Gaixotasuna duten pertsonak babesteko elkarteak dira, eta baita haien familiak babesteko ere. Zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzte: etxebizitzak laguntzarekin, bizitza independentea bultzatzeko zerbitzua, arreta psikologikoa... Eta zehazki familiei dagokienez, elkar laguntza programak lantzen dituzte, eta familientzako eskolak. Gaixotasuna duten pertsonekin harremanak nola sortu, egoera jakinak nola kudeatu, estres egoerak adibidez... Familiei babeș integral bat eskaintzen saiatzen gara.

Nola sortu zen ikerketa egiteko aukera? Zer behar ikusten zenuten?

Elkarteek familiekin egiten dute lan egunero, eta ikusten dituzte haien beharrak. Baina uste genuen komeni zela behar horiek ongi egituratzea, sakon aztertzea, paper gainean zehaztea. Horregatik heldu genion proiektu honi, egunerokoan osasun mentaleko arazoak dituzten senideak zaindu behar dituzten familia horiengan pentsatuz.

Nabarmenduko nuke, alde batetik, ezagunak ditugun hainbat errealitate baieztatzera datorrela ikerketa. Emakumeak direla zaintzaile gehienak, adibidez.

Egunero ikusten dugun errealitatea da, baina datuz datu aztertzen hasten zarenean, ikuspegi osoago bat ematen dizu. Zaintza lanetan, orokorrean hartuta, emakumeak gehiengo zabala dira, eta ikerketa zehatz honen kasuan ikusten da zaintza lana emakumeak hartzen duela bere gain, gehienbat amak izaten direla, eta epe luzeko zaintzak izaten direla. Ikerketan bost urtetik gorako epea aipatzen da, hortik gora jada denbora tarte luzetzat hartu daitekeelako zaintzarena, baina izan daitezke 20 edo gehiago ere, kasuaren arabera. Askotan gaixotasuna antzematen denetik ardura hori hartzeko gaitasuna galdu arte luzatzen da. Zentzu horretan, adinekoen zaintzarekin alderatuz, desberdina da, bizitzaren epe jakin bati dagokiolako.

Eta bestetik, egunerokoan ezkutuan geratzen diren errealitateak mahai gainean jartzen dituela esango nuke, zaintza lanen ondorioz familietan gerta daitezkeen haserreak edo zaintzaileek izan ditzaketen osasun arazoak.

Oso faktore garrantzitsuak dira familien ikuspegitik. Eguneroko zaintza lan horrek eragina du familien elkarbizitzan, zaintzaileen bizitza sozialean edo aisialdian, esaterako. Ikerketak azaleratzen du hamar familiatik hirutan elkarbizitza arazoak dituztela, familia hausteraino irits daitezkeenak. Bikoteen kasuan, banaketa batez hitz egiten egon gaitezke, adibidez, edo beste mota bateko eztabaidez. Eta lagunartea galtzeko arriskua ere aipatzen da ikerketan. Zaintzaileen %40k ardura horren ondorioz lagunak galdu dituela onartzen du. Pertsonen bizi kalitatean oso elementu garrantzitsua da hori, eta horrek osasunean eragina du. Osasun emozionala deitzen diogun horretan, hamarretik seik dio orekari eustea kosta egiten zaiola. Are gehiago, kasuen %12an gaixotasuna duen pertsonaren senitartekoren batek ere buru osasuneko arazoak ditu. Eta hemen ere berriz aipatu behar da, arazo horiek sufritzen dituztenak batez ere emakumeak direla, zaintzaren ardura haiek hartzen dutelako.

Amaieran, gomendio zerrenda luzea egiten du ikerketak. Alde batetik, epe motzean hartu daitezkeen neurri konkretuak aipatzen dira, eta bestetik, familien egoera hobetu dezaketen jarraibide orokorrago batzuk. Ikerketa honek zer ondorio praktiko izatea gustatuko litzaizuke?

Batez ere familien egoera bistaratzea. Egiten duten lana oso isilpekoa izaten da askotan, eta garrantzitsua da lan hori ezagutzea eta ikusaraztea. Zaintza lanez hitz egiten dugunean, askotan adineko pertsonena etortzen zaigu burura, baina beste errealitate batzuk ere badirela gogoratu behar da. Eta zaintzaile horien bizi kalitatea hobetzen saiatu behar dugu, norabide horretan aipatzen diren neurri batzuk egingarriak iruditzen zaizkidalako. Familiekin egindako lanketatik atera diren ideiak dira, gainera.

Laburbilduz, esan liteke osasungintzan familia eta zaintzaileak ere kontuan hartzea litzatekeela ideia, prozesuaren etapa desberdinetan?

Bai. Azken batean, kontuan hartzea familia soluzioaren zati bat izan daitekeela. Eta gaixotasuna duen pertsona egoki artatzeko arreta integral batek izan dezakeen garrantzia, familia ere kontuan izango duena, batez ere elkarbizitza ematen den kasu horietan.