INFO

Oposizioko talde guztiek osoko zuzenketa egin diete Lakuako Gobernuaren aurrekontuei

Gasteizko Legebiltzarreko oposizio osoak erabaki du Lakuako Gobernuaren 2024ko aurrekontuei zuzenketa aurkeztea. Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, koalizioak holan erabaki du aurrekontuek «ez diotelako ziklo aldaketari erantzuten».

Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramailea, asteazken honetan egindako prentsaurrekoan. (EH BILDU)

Gasteizko Legebiltzarreko oposizioak osoko zuzenketa egingo die 2024ko aurrekontuei, XII. legegintzaldiko azkenak. Erregistroan alegazioak aurkezteko epea amaitzeko 24 ordu baino gutxiago falta direnean, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP, Ciudadanos eta Vox taldeek baieztatu dute kontuak Ekonomia eta Ogasuneko Sailari itzultzea eskatuko dutela.

Egoera horrekin eta aurtengo aurrekontuekin gertatu den bezala, 2024koak EAJren eta PSE-EEren babes bakarrarekin aterako dira aurrera; izan ere, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute, baina ez dute lortu beste ezein alderdirekin adostea hurrengo urteko kontuak, hauteskunde autonomikoek markatutakoak. Bi alderdiek oposizioaren gaitzespena jaso ez zuten legegintzaldiko urte bakarra 2022an izan zen, EH Bildu abstenitu zenean.

Oposizioaren kritikak

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio aurrekontu proiektuari, «ez diolako erantzuten momentu historiko honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian dagoen ziklo aldaketari», Nerea Kortajarena biltzarkideak azaldu duenez.

«Trantsizio handien garai batean bizi gara, eraldaketa prozesu handiak gertatzen ari dira (energetikoa, demografikoa, teknologikoa) eta horren ondorioz datozkigun eszenatokiek ez dute zerikusi handirik izango gaur dugun egoerarekin; aldaketa handiak datoz, eta aurrekontuak aldaketa horiei begira ipini behar genituen, begirada estrategiko horrekin. Gaur inork ez du ukatzen ziklo aldaketa batean gaudela, eta, beraz, ziklo aldaketa baterako aurrekontuak behar genituen; jauzi kualitatibo bat emateko eta politika publikoak berrantolatzeko balio beharko zuten, trantsizio estrategiko horiek eskatzen dituzten eszenatokiak sortzen hasteko», adierazi du Kortajarenak.

Horren ordez, «anbiziorik gabeko aurrekontu batzuk aurkeztuz, betikoa egiten jarraitzea proposatzea» egotzi dio EAJ-PSE Gobernuari: «Egiturazko arazoak metatzen ari dira, Osakidetzan, adibidez, oso nabarmenak direnak, baina aurrekontuen bidez planteatzen duten erantzuna betikoa da, azalekoa. Ez dio arazo horien muinari heltzen eta, hortaz, errotik konpondu gabe uzten ditu».

Halaber, EH Bilduko bozeramaileak «akordio batera iristeko aukerak esploratzeari uko egitea» ere leporatu dio Lakuari. «Argi dago Gobernuak ez duela akordio bat nahi izan, prozesua hasi ere egin gabe bukatutzat eman zuelako, oposizioarekin hitz egiteari uko eginez».

Kortajarenaren aburuz, «erabaki horrekin Jaurlaritzak berriz erakutsi du ez dela momentua irakurtzen jakiten ari, ez duela ulertzen trantsizio handien garai honetan gobernantza kolaboratiboa ezinbestekoa dela. EAJk eta PSEk, aldiz, txikira jokatzen jarraitzen dute, ez dute ulertu arazoak estrukturalak direnean eta erantzunak ere estrukturalak izan behar direnean, handira jokatzeko unea dela, konplizitate zabalak eraiki behar direla, gainerako alderdiekin ez ezik, gizartearekin berarekin ere. EH Bildun horrela ulertzen genituen datorren urteko aurrekontuak, norabide horretan tresna bat izan beharko zutelakoan».

Hori guztia kontuan hartuta, koalizio independentistak osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Horrekin batera, 61 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 181 milioi euro mugitzen dituztenak, eta beste hiru zuzenketa egin dizkio aurrekontuen legearen artikulatuari, gerakinak erabilita beste horrenbeste diru mobilizatzea ahalbidetuko luketenak bere esanetan.

Jakinarazi dutenez, zuzenketa partzialek lau ardatz nagusi dituzte: «Zerbitzu publikoak indartzea, fokua batez ere Osakidetzan jarrita, bere gainbehera gelditzea lehentasunezkoa delako, egungo egoera irauli eta osasun sistema publikoa indartzeko»; «bizitzaren garestitzearen ondorioak arintzea», «trantsizio energetikoa» eta «euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzea».

Itxikeria EP-IUren ustez

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk ere osoko zuzenketa egin die kontuei, Gobernuaren itxikeria salatuz. «Ez dugu uste, zintzoki, zentzugabekeria denik proposatzea osasun zentro guztiek mediku bat izatea beti eta udalerri guztiek eskola publiko bat izatea», esan du Miren Gorrotxategi taldearen bozeramaileak.

«Jaurlaritzak gure proposamen asko baztertu zituen, proposamen politikoak zirela esanez, Jaurlaritzaren aurrekontuak neutralak balira bezala eta herritarren beharrei erantzuteko orduan ikuspegi politiko bati erantzungo ez baliote bezala», gehitu du Gorrotxategik.

Proposamen «neurrigabeak», Lakuaren arabera

Datorren urterako kontuak 15.025,4 milioi eurokoak dira, aurten baino 774,7 gehiago, hau da, %5,4ko igoera, eta abenduaren 22ko osoko bilkuran onartuko dira. Bilera errondan alderdi nagusiek Pedro Azpiazuri helarazi zizkioten proposamenak sailburuak «neurrigabetzat» jo zituen eta «hauteskunde kutsua» zutela esan zuen.