‘Araguaney lorea’, Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» murgiltzen zarenean
1961ean, Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelarra hil egin zen, Brigada Politico Social zenaren eskuetan jasandako torturen eraginez. Albisteak ez zuen oihartzunik izan eta neska hura ahanzturak lurperatuta geldituko zen ‘Araguaney lorea’ (Ataramiñe) nobelako protagonista bihurtu izan ez balitz.
Durangoko Azokarako, urtero legez, nobela bat –zirraragarri eta gogorra oraingoan– eta 2024ko egutegi bat kaleratu ditu Ataramiñe argitaletxek. Argitaletxe berezia da Ataramiñe, euskal preso eta errepresaliatuen lanak kaleratzeaz gain, kartzelatan literatura sustatzea duelako xede. 2002tik, 48 liburu argitaratu ditu.
Azkena bereziki gordina dela aitortu du Jokin Urain idazleak Bilboko Biran egin den aurkezpenean. Urainek editore lanak egin ditu Martin de Aranezio (goitizena da) ‘Araguaney lorea’ liburuarentzat: «Lazgarria da. Autoreak gogorra egin zitzaiola idaztea esaten zuen, eta liburuaren edizioa egitea ere gordina izan da. Benetan gordina eta benetan beharrezkoa gaur egun. Ez da aurten torturaren inguruan aterako den liburu bakarra, Xabier Mendigurenek ‘Oso latza izan da’, Joxe Arregiren inguruko liburua atera duelako, eta nik uste dut badela garaia torturak benetan izan duen pisua eta Estatu baten eskuan izan duen krudelkeria hori agerian ipintzeko. Horri haizea emateko garaia da».
Arantza Eziolaza Galanek liburuarentzat atondutako azalean, malkoz eta sufrimenduz betetako emakumeen begi batzuk ditugu aurrez aurre. Eskuetan Venezuelako zuhaitz nazionalaren loreak ditu; araguaney loreak, alegia. Azalean agertzen dena Maria Mercedes Antxeta da, Martin de Aranezio sinatzen duen egilearen eleberriaren protagonista. Martin de Aranezio ez da egilearen benetako izena eta «ez da kasualitatea ere Ataramiñek argitaratutako azken bi liburuak goitizenarekin sinatuta joatea», Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko partaideak, aipatu zuen legez.
Albisterik ez, aztarnarik ez, aitorpenik ez
‘Araguaney lorea’ nobelak torturaren gai gordina jartzen du mahai gainean orain gutxira arte estalita, ahaztuta, aitorpenik gabe egon den kasu bat azaleratuz. Benetan gertatu zen istorio bat fikzionatu egiten du egileak, irakurlea protagonistaren azalean jar dadin. «Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua», aitortzen du hitzaurrean. «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da», gehitzen du. Ez du inolako informaziorik aurkitu ez Venezuelan ez Estatu espainiarreko artxibo ofizialetan, kasua ez baita existitzen.
Maria Mercedes Antxetak jasotako torturen eta bere bizitzako azken gertaerak kontatzen ditu eleberriak. 1961eko udan, uztailaren 18ko urteurrenaren karira, Donostian izan ziren istiluetan hainbat atxilotu egon ziren. Hain artean zegoen Maria Mercedes Antxeta: 1936ko gerrako euskal errefuxiatuen alaba eta Venezuelan jaioa, iritsi berria zen Donostiara, aitaren aberria ezagutzera. Han, zoritxarrez, atxilotu egin zuten.
Meliton Manzanasen Brigada Politico-Social tristeki ospetsu eta beltzaren eskuetan egon zen sei egunez. Tortura gordinenak, basatienak, jasan zituen. Bitartean, neskaren berri ez zutenez, Venezuelan zeuden senideek salaketa jarri eta Enbaxada ere mugitu zen. Sei egunen buruan komisariatik atera zuten eta, hegazkin batean sartu. Venezuelara eraman zuten eta 40 egunen buruan hil zen Maria Mercedes Antxeta, sei egunetan jasandako torturen ondorioz.
Nobelan plano desberdinak batzen ditu egileak: ETAren sorrerako garai haiek, frankismoko komisaldegietan bizi zen giroa, Venezuelako giro sozio-politikoa... Garrantzitsuena, protagonistaren bizipenak. Ez zaio erraza egin, egileak ez duelako aurkitu protagonistaren senideen aztarnarik, eta bere garaian ere oso salaketa gutxi edo berri gutxi egon zirelako. Caracaseko ‘El Nacional’ egunkaria izan zen Maria Mercedes Antxetak jasandako torturak salatu zituen komunikabide bakarra.
Beraz, torturatu baten azalean jar gaitezen, Euskal Herrian egon diren torturatuen testigantza eta salaketa errealetan oinarritu da egilea. «Milaka torturatu daude aitortuak Euskal Herrian bertan, eta ez dira bat edo bi, baina ez da nahikoa hori zenbakietan jartzea. Horri eman behar zaio konsistentzia bat eta hori egiteko modua da kasu errealak ateratzea eta horren salaketa egitea behin eta berriz, errekonozimendu bat izan arte, beraiek esan arte zer egin duten eta nola egiten zuten, eta zeintzuen babesarekin egiten zuten. Autoreak esaten duen bezala, tortura ez da aintzinako gauza, baizik oraintsu arte inolako kulpabilitate publikorik gabe, inpunitate askoz eta askoren eta askoren laguntza isilarekin, egin duten eta praktikatu duten gauza bat. Bada garaia bultzada bat publikoki emateko», Jokin Urainen esanetan.