INFO

Ekimen ugari iragarri du Sarek abendurako, U13ko manifestazioaren atarian

‘Konnponbiderako giltzak’ dinamikak goia joko du hurrengo urtarrilaren 13an Bilbon, baina aurretik ere ekimen andana jakinarazi du Sarek: ekitaldia Durangon, elkarretaratzeak eta manifestazioak, Basauri zein Martutenetik mobilizazioak...

Sareko kideak, Gasteizen egin duten agerraldian. (Sare)

Urtero presoen eskubiden alde egiten den manifestazio erraldoiak Bilboko kaleak hartuko ditu urtarrilaren 13an, jada aurkeztua den ‘Konponbiderako giltzak’ dinamikaren barruan, baina herri eta hiriburuetara ere helduko da gogoeta hau, Sarek ostiral honetan jakinarazi duenez.

Hitzordu zehatzak zerrendatu ditu: abenduaren 9an, kultur ekitaldia izango da Durangoko Landakon, 13.00etan; abenduaren 20an, elkarretaratzeak, gehiengo sindikalak antolatuta, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen; hilaren 23an, Martuteneko espetxetik manifestazioa, 12.00etan; egun bat geroago, manifestazioa Gasteizen, Ahateen Iturritik abiaturik, 19.00etan; abenduaren 29an, elkarretaratze ezberdinak Nafarroan zehar; hilaren 30an, Basauriko kartzelatik martxa, 12.30tan; eta azkenik, Bilboko manifestazio handia, urtarrilaren 13an 17.00etan La Castillatik irtenda.

«Beste urte batez mezu bat bidali nahi diogu euskal gizarte osoari, giza eskubideen defentsa helburutzat hartu nahi duten emakume eta gizon guztiei, edozein dela ere haien ideologia eta atxikipen politikoa –nabarmendu dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak–. Zeren ez baikara hizketan ari helburu politiko eta alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara».

Sareren ustez, «euskal gizarteak berak hartu behar du bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna».

Bide horretan, «etengabeko konfrontazioan aritzeak ez duela batere logikarik», oroitarazi dute Atxak eta Azkarragak: «Ulertezina da iraganean pentsatutako lege eta jarrerei eustea, horrek ez duela euskal gizartearen egungo errealitatearekin inolako zerikusik».

%2,85 edo %60

«Presoen espetxe ibilbidea ezin da oraindik erabaki bertatik 400 kilometrora –berretsi dute. Ezin da eta ez da erabaki behar. Ez da demokratikoa, ezta logikoa ere, Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalek aurka egitea behin eta berriz Euskal Herriko espetxeetako Tratamendu Batzordeen erabakiei eta trabatzea pertsona horiek etxera itzultzeko bidea, are gutxiago kontuan hartuta preso horietako askok 20 urte baino gehiago eman dituztela askatasunik gabe eta, kartzelan egindako denboraren arabera, eskubidea dutela baldintzapeko askatasunean edo erregimen irekian egoteko».

Datu adierazgarri bat eman dute: «EAEko Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako
Justizia Sailak onartutako 387 gradu-progresioetatik, Fiskaltzak 10 errekurritu ditu, hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak %60 errekurritu du».

«Berriz diogu sistema juridikoan eta espetxe sisteman aurreikusita daudela zigorrak betetzeko beste aukera batzuk, kartzeletako hormetatik kanpokoak, euskal presoen kasuan aplikatu behar direnak», erantsi dute Sareko ordezkariek.