Lucas Eguibarrek brontze batekin ireki du denboraldia Les Deux Alpeetako proban
Basque Teameko snowboarderra hemeretzigarren aldiz igo da Munduko Kopa bateko podiumera Les Deux Alpeetako proban. Alvaro Romerok, aldiz, 43. postuan bukatu du.
Lucas Eguibarrek aurreko denboraldia amaitu zuen modu bikain berean hasi du oraingoa. Basque Teameko kirolariak iaz ere erakutsi zuen, erregulartasun harrigarria duela, eta bigarren postua bereganatuta Munduko Kopako sailkapen nagusian, denboraldi honetan ere hau indartsu itzuli dela. Izan ere, hirugarren tokian amaitu du Les Deux Alpeetako proban eta gaurkoarekin, 19 podium sinatu ditu Munduko Snowboardcross Kopan.
2022an laugarren postua lortu zuen Frantziako estazioan eta aurten denboraldi hasiera on hori hobetu du. Argi hitz egin zuen Munduko Kopako lehen hitzorduari ekin aurretik. Fisikoki, mentalki eta taktikoki bere unerik onenean zegoela eta bere asmoa hasieratik irabaztera irtetea zela ziurtatu zuen. Hala izan da.
«Hasieratik ari naiz estutzen. Ondo egon naizen urte askotan, beti amaitu dut Kristalezko Globoa lortzeko borrokan. Iaz azken urteetako garrantzitsuena izan zen. Beste denboraldi batean hirugarren amaitu nuen, eta beste bitan laugarren. Hasieratik denboraldi ona eginez Globoagatik borrokatzeko aukera asko ditugula uste dut», adierazi zuen Lucas Eguibarrek lasterketaren aurretik.
Meteorologiak proba igande honetara atzeratu du; jardunaldi berean sailkatze txanda eta lasterketa jokatu behar izan dituzte. Sailkapen saioan donostiarrak hirugarren denborarik onena egin du (1:03.86), eta Alvaro Romerok 43. postuan bukatu du (1:06.83).
Eguibar, beraz, final-hamaseirenetan sartu da, eta bere lehen txanda horretan lehen postuan bukatu du, Huw Nightingale britainiarraren, Guillaume Herpin frantziarraren eta Matteo Menconi italiarraren aurretik.
Final-laurdenetan gipuzkoarrak esfortzu handiagoa egin behar izan du. Bigarren postuan abiatu da, hurrengo bi tarteetan hirugarrenera pasatuz eta amaiera irauliz finalerdietara bigarren postuan sartzeko, Merlin Surget frantziarraren atzetik.
"Luki" finalerdian jarraitzaileak azken unera arte zain izan ditu, azken bi tarte kronometratuetan laugarren postuan geratu baita. Ibilbidearen azken zatian bigarreneraino igo eta final handira iristea lortu du, Kalle Koblet suitzarrarekin batera.
Azken urteotan sailkapenetako postu onenak betetzen ari diren izen handientzat erreserbatuta egon da finala: Eliot Grondin, Alessandro Haemmerle, Kalle Koblet eta Lucas Eguibar. Gipuzkoarrak aurrea hartu du portilloia irekitzean, baina gero hirugarren postura jaitsi da eta horri eutsi dio amaierara arte. Urrea Grondin kanadarrak eskuratu du, zilarra, Haemmerle austriarrak, eta brontzea, Eguibarrek.