INFO

Gipuzkoako Lidl supermerkatuetako langileek grebara joko dute abenduaren 7an eta 9an

Abenduaren 7 eta 9an Gipuzkoako Lidl supermerkatuetako langileek greba egingo dute lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. LAB sindikatuak salatu duenez, langileek behin eta berriro eskaerak helarazten saiatu arren, arduradunek «entzungor» egin diete.

Lidl supermerkatu kateko denda bat. (LAB)

Gipuzkoako Lidl supermerkatuetako langileen ordezkari den LAB sindikatuak salatu dutenez, zuzendaritzak «entzungor» egin die haien eskaerei eta, horregatik, grebara joko dute abenduaren 7 eta 9an.

Egungo lan baldintzak hobetu nahi dituzte, eta hainbat puntu eskatzen dituzte: Gipuzkoako Industria eta Elikadurako hitzarmenean dauden kategoria altuagoetarako ekiparazioa; garraio plusa lantokitik 2 kilometro baino gehiagora bizi diren langileentzat; prestakuntza plusa; langileek %10eko deskontua izatea supermerkatuan; eszedentziaren eta lanaldiaren murrizketaren iraupena seme-alabak 14 urte izan arte luzatzea; udako larunbat arratsaldeek, maiatzetik irailera, aparteko orduen balioa izatea; eta abenduaren 24an eta 31an 15.00etan amaitzea lanaldia.

«Langileak dira denda aurrera ateratzen dutenak, arazoak daudenean egoera konpontzen dutenak, bezeroaren aurrean aurpegia ematen dutenak, lankideei lagundu asmoz egin beharko ez lituzketen lanak egiten dituztenak…. Eta ordainetan ez dute ezertxo ere jasotzen. Beren lanari esker aberasten diren bitartean, langileen baldintzek berdin jarraitzen dute edo, are, okerrera egin dute. Geroz eta presio gehiago, lan karga handiagoa...», dio LABek.

Sindikatuak nabarmendu duenez, onean saiatu dira eskakizun hauek helarazten, baina ez dute zuzendaritzaren erantzun zehatzik jaso. «Inoiz ezertara iristen ez diren hitzak jaso ditugu beti, denboran elkarrizketak luzatu bai, baina baldintzak hobetzeko benetako asmo zintzorik ez baitago. Langileak ez daude itxaroteko edo beste fede ariketa bat egiteko prest. Nekatu dira heltzen ez diren erabakien esperoan egoteaz», gaineratu dute. Hori dela eta, grebara joko dute langileek abenduaren 7an eta 9an.