INFO

Ia 1,9 milioi dira Gazan desplazatutakoak eta %60tik gora NBEren instalazioetan daude

Dagoeneko ia 1,9 milioi desplazatu daude Gazan, urriaren 7az geroztik izandako Israelen erasoen ondorioz. Haietatik 1,2 milioi inguru Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren egoitzetan daude babestuta.

Palestinarrak UNRWAren laguntza jasotzen. (Said KHATIB | AFP)

1,9 milioi pertsona inguruk alde egin behar izan dute beren etxeetatik Gazan Israelen erasoaldi militarra hasi zenetik, eta horietatik 1,2 milioi inguru Ekialde Hurbileko errefuxiatu palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) instalazioetan ari dira babesten, hots, desplazatuen %60 baino gehiago.

Gazako biztanleriaren %80 desplazatuta dago orain, UNRWAk berak zabaldutako datuen arabera. Agentzia horren 111 langile hil dira Israelek urriaren 7az geroztik egindako erasoetan.

Zazpi eguneko su etenaren ostean, bonbardaketak joan den ostiralean hasi ziren berriro, eta datozen egunetan biktima kopuruak gora egiten jarraituko duela aurreikusi dute erakundeek. UNRWAk 117 eraso zenbatu ditu bere 85 instalaziotan urriaren 7tik; toki horietan babestuta zeuden 218 pertsona inguru hil dira erasoetan.

Erakundearen egoitzak gainezka daude, batez ere Gazako hegoaldean, herritar gehienek hara egin baitute ihes, nahiz eta Israelgo Armadak lurreko erasoaldia alde honetara ere zabaldu duen. Une honetan UNRWAk hartu dituen desplazatuetako ia milioi bat hegoaldeko 99 zentrotan daude.

«Egunak daramatzagu jan gabe, jasotzen dugun janari apurra ez da nahikoa, eta nire seme-alabei ematen diet», salatu du ama alargun batek; hiru seme-alabekin dago babesleku horietako batean. «Ura lortzea ere oso zaila da, eta nire semeak beherakoa izan du ur zikina edateagatik», gaineratu du, erakundeak berak partekatutako testigantzan.

«Sufrimendu maila onartezina»

Mirjana Spoljaric Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko (CICR) presidenteak Gazara egindako bisitaren hasieran adierazi duenez, «giza sufrimenduaren maila onartezina da» Palestinako enklabe horretan; izan ere, «zibilek ez dute leku segururik»..

Erakundea funtsezkoa izan da bahituak askatzeko, eta Spoljaricek esan du zubiak eraiki nahi dituela «egoera arintzeko». Gainera, berretsi du «alde guztiek» zibilak errespetatu eta Nazioarteko Zuzenbidea bete behar dutela.