OMEk eta 40 milioi osasun profesionalek klima konpromisoak betetzeko eskatu diete gobernuei
Asteburu honetan COP28 bilkuran klima larrialdia izan dute mintzagai, eta 123 herrialdek ‘Klima eta Osasuna’ izandatutako adierazpena sinatu dute. Osasunaren Mundu Erakundeak arloko profesionalekin batera gobernuei eskatu diete «jada hartutako konpromisoak» bete ditzaten.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta 40 milioi osasun profesionalek baino gehiagok mundu osoko gobernuei eskatu diete bete ditzatela klima aldaketari dagokionez «dagoeneko hartu dituzten konpromisoak, Parisko Akordioan jasotako erregai fosilen pixkanakako ezabaketa bizkortzeko eta etorkizun osasungarriagoa, bidezkoagoa eta gizadiarentzat berdeagoa izateko anbizioa areagotzeko».
Igande honetan COP28 erakundeak klimarekin eta osasunarekin lotutako arazoen inguruan Dubain egin duen jardunaldian, «ekintza klimatikoa erdigunean jartzearen beharra» azpimarratu dute. Guztira 123 herrialdek sinatu dute COP28ren ‘Klima eta Osasuna’ adierazpena. Sinatzaileen artean daude Estatu Batuak, Europar Batasuna edota Japonia bezalako potentzian, baina munduko bi nazio populatuenak ez daude: Txina eta India. Adierazpen horren bidez, klima aldaketak pertsonen osasunean dituen ondorioak arintzeko emisioak eta kutsadura murriztu behar direla onartzen da.
«Osasunak eta klima aldaketak planteatzen dituzten premiazko erronken aurrean, osasun-profesionalak bat eginda daude osasun-emaitzak hobetzeko eta krisi klimatikoei aurre egiteko ahalegin guztietan», adierazi du OMEko zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesus doktoreak, COP28an. «Horrek mundu osasungarriagoa eta erresilienteagoa sortzen laguntzen digu, datozen belaunaldientzat», gaineratu du.
Osasunaren Erakunde Panamerikarreko zuzendariorde Rhonda Sealey-Thomasek aldiz, gobernuei laguntza eskatu zien beren osasun sistemak gaixotasun berrietara edo gaixotasun horien gorakadara egokitzeko. Bide horretan, «elkartasun printzipioen» pean lan egin behar dela uste du, herrialde guztiek euren artean lagunduz aurrerapenak lortzeko.
Klima hondamendiak
OMEk gogorarazi duenez, 2023. urtea klimarekin lotutako hondamendien «gorakada kezkagarriaren» lekuko izan da, baso suteak, bero boladak eta lehorteak barne, eta horrek populazioen lekualdaketak, nekazaritza galerak eta airearen kutsadura handiagoa eragin ditu Halaber, egungo klima krisiak nabarmen handitu du heriotza eragin dezaketen gaixotasunak izateko arriskua, hala nola kolera, malaria eta dengea.
«Osasun sistema indartsuak eta erresilienteak ezinbestekoak dira herritarrak klima aldaketak osasunean eragiten dituen inpaktu negatiboetatik babesteko. Klimarekiko erresilienteak diren eta karbono-isuri txikiak dituzten osasun sistemak eraikitzea, egungo eta etorkizuneko bizitzetarako babes gisa, tokiko, nazioko eta mundu osoko klima ekintzaren eta finantzaketaren lehentasunetako bat da», ohartarazi dute OMEtik.
Adierazi dute atzoko adierazpenak «osasunerako ekintza klimatikoaren presaren ulermen partekatua» islatzen duela eta «guztiontzako osasungarriagoa eta erresilienteagoa izango den etorkizun baten aldeko konpromiso globalaren itxaropena» sortzen duela.
Planetaren osasuna eta gizakien osasuna
Bestalde, OMEk azpimarratu duenez, «planeta osasuntsuago batekiko konpromisoak klimari erresilienteak diren osasun sistemak eta ekimen iraunkorrak babesten dituzten mekanismoak finantzatzeko konpromisoa eskatzen du». «Funtsezkoa da ekintzaren premia eztabaidatzea, baina baita finantza konpromisoak erronkaren eskalaren mailan egongo direla bermatzea ere», gaineratu dute.
Horrela, osasunaren sektoreak, gaur egun munduko finantzaketa klimatikoaren ehuneko 0,5 baino jasotzen ez duenak, «baliabideen hazkunde nabarmena eskatzen du». «Laguntza finantzarioa handitzea justifikatuta ez ezik, ezinbestekoa ere bada abian dauden krisi sanitarioei eraginkortasunez aurre egiteko, eta mundu mailako egoera sanitarioa eboluzionatzen ari da», gaineratu dute.