INFO

Fenerbahçe eta Gottingen, Europako aste gogor bati ekiteko prest euskal saskibaloi taldeak

Costello gabe jokatu beharko dute Euroligako aste bikoitz hau Saski Baskoniak, Fenerbahçe eta Izar Gorriaren aurka, orkatila bihurritu baitzuen Badalonan. Bilbao Basketek, berriz, FIBA Eurocupeko bigarrez faseko ligaxkari ekingo dio, final-laurdeneak helburu eta Valentziako garaipenagatik pozarren.

Aste honetako partidetan ezingio du jokatu Matt Costellok ortakilan min hartu eta gero. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Gero jasoko duzue klubaren informazioa, baina jakizue Mattek –Costellok– ezingo duela jokatu». Bada, asteazken gauean, Fenerbahçeren aurka 20.30etan, Matt Costello gabe jokatu beharko du Saski Baskoniak asteon jokatu beharreko hiru neurketetatik aurrenekoa. Joan den domekan Joventuten kantxan galtzea nahikoa ezusteko petrala izan bazen, are eta okerragoa izan zen partidaren azken segunduetan pibot estatubatuarrak orkatila okertu izana.

Dusko Ivanovicek aurrez esan bezala, klubak berak konfirmatu du eskuineko orkatilan «bihurritua» duelako ezingo duela «hurrengo neurketetan jokatu». Hala, ez Fenerbahçe, ez Belgradeko Izar Gorria ostiralean ezta Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferen aurka ere nekez jokatu ahal izango du gasteiztarren pibot eraginkorrenak. Joventuten aurka, adibidez, Markus Howarden faltan –honek bai jokatuko du– Matt Costello bera izan zen Baskoniaren saskiratzaile onena, 14 punturekin. Costelloren beraren hiruko batek jarri zituen aurretik Ivanovicenak partida amaitzeko minutu eta erdi falta zela, 69-70, nahiz eta azkenean talde katalanak irabazi.

Hurrengo bost neurketak etxean jokatuko ditu Saski Baskoniak eta tira, horrek nolabait leundu lezake Costello lako jokalari baten falta, baina arazoak ere gehituko dizkio Dusko Ivanovici honek, ohi duen moduan, arazoei irribarrez erantzun arren.

«Ikusiko dugu zeinek jokatzen duen Matten ordez. Taldeko beste hamabi jokalariak jokatzeko prest daude; Euroligako partida bat jokatzeko prest, alegia. Nire ardura da hamabi horietatik zeintzuk eta noiz kantxaratzea. Gainera, lesioak kirolaren zati dira eta horiek nozitzea gauza normala da, eta talde honen berezko izaera da sufrimendu orori aurre egiten jakitea», adierazi du.

Egia da uneotan Saski Baskoniak hamabi lagun dituela jokatzeko moduan, halakoren baten Khalifa Diop eta Nico Mannion bizkarreko lesioetatik sendatu direlako. Baina egia da, halaber, Diopen kasuan oso minutu gutxi jokatu dituela senda-agiria jasota ere. Orain arte Dusko Ivanovicek Matt Costelloren hautua egin du pibot titularra izateko eta Maik Kotsar estoniarra izan da bere ordezkoa gehienetan. Costellok Eurologan 22 minutu pasatxo jokatzen ditu batez beste, zeinetan 7,9 puntu, 4 errebote eta 1,6 asistentzia lortzen dituen. Maik Kotsarrek, berriz, 18 minutu eskas jokatzen ditu, 5,7 puntu, 2,7 errebote eta 1,5 asistentzia lortuz batez beste.

Khalifa Diop, berriz, errotazioan murgilduta zegoen, Joan Peñarroyaren aginduetara, bizkarreko minak hasi zitzaizkionean. Pablo Lasoren Municheko Bayernen aurka galdu ostean Senegalgo pibota ez zen gehiago kantxaratu azaroaren 15ean Bartzelonaren aurka azken bi minutuak jokatu zituen arte. Ordutik aurrera, berriz, minuturik ez Valentzia Baskten aurka bi minutu eskas jokatu arte. ACB Ligan ere, antzera; Dusko Ivanovicen aginduetara partida bakarrean hartu du parte: azaroaren 19an Valentzia Basketen aurka, eta orduan ere bi minutu pasatxo baino ez zituen izan.

Beraz, Senegalgo jokalariak martxan doan tren baten sartu beharko du minutu gehiago eta jarraitutasun handiagorik nahiko badu. Ikusi egin behar fisikoki nola dagoen Diop bost egunetan hiru partidatan minutu dexente izateko eta ikusi egin behar ere Saski Baskoniaren jokoak aldaketarik duen.

Izan ere Costellok uztaipean ez ezik, hiruko jaurtiketen bitartez ere eraginkor izaten badaki, nahiz eta tarteka hiruko larregi botatzen dituen. Kotsar eta Diopek printzipioz ez dute hirukorik bota ere egiten eta lauzpabost metroz atzetik ez dira eraginkorrak. Egia da hala ere defentsa lanean Costellok baino ahalmen handiagoa dutela, Khalifa Diopek batez ere, bere 2,15 metroak oso arin mugitzen baititu sasoi betean dagoenean. Kasu horietan kapaz da defentsan aldaketa eginda saskitik zortzi metro ingurura irten eta uztaipera garaiz itzultzeko ere, baina noski, sasoi puntu horretan balego, Ivanovicek berak aukera emango ziokeen honezkero.

Beraz, barruko jokoarekin proba ezberdinak egin beharko ditu Saski Baskoniako entrenatzaileak, nahiz eta ez den oso zalea. Nolanahi, ia ziurtzat jo liteke minuturik gehienak Kotsar, Sedekerskis eta Monekeren artean banatuko dituztela, baita tarte batzuetan Sedekerskisek eta Monekek bien artean osatuko dutela ere barneko jokoa.

Nikos Rogkavopoulos hegaleko greziarrak ere miniturik izan lezake, giharretako lesio bati buelta eman ostean. Badalonan aulkian laga zuen Ivanovicek eta ezin da jakin Fenerbahçeren aurka minuturik izango duen ala ez. Baina bost egunean hiru partida jokatu behar izanda, harritzekoa izango lizateke neurketa horietan guztietan orotara minutu bakar bat bera ere ez jokatzea hegaleko gazteak.

Real Madrilen borreroa

Saski Baskoniaren aurkaria, Fenerbahçe, Euroligako sailkapen nagusian zortzigarren postuan dago, gasteiztarrekin berdinduta, 6-5 balantzea aldean. Dimitris Itoudisek gidatzen duen taldeak ere barruko jokoan baja garrantzitsuak ditu, Motley eta Papagianis erraldoia ez baitaude jokatzeko moduan –horrez gain, Raul Neto Gipuzkoa Basketeko jokalari ohia ere denbora luzerako min hartuta dute, Munduko Txapelketan lesionatu eta gero–. Nolanahi, pasa den astean Real Madril luzapenean 100-99 gainditzeko gai izan ziren; madrildarrei aurten Europan irabaztea lortu duen aiurreneko taldea, hain zuzen, Yam Madar eskolta israeldarrak sartutako hiruko bati esker. Garaipen hau eskuratu aurretik, lau partida jarraian galdu zituen talde turkiarrak.

«Bete-beteko aurkaria da. Maila handikoa, uztaipean bezala, urrutitik ondo jokatzen duten jokalariak ditu, batez ere blokeo eta jarraipena egiteko orduan», iritzi dio Dusko Ivanovicek. Hala ere, barruko jokoan dituen mugak ikusita, Nick Calathes, Wilbekin eta Marko Guduricek gidatu beharko dute Dimitris Itoudisen taldea eta barrutik akaso Jonathan Motleyk laguntza beharko du. Metecan Birsen, Nathan Sestina edo Nigel Hayes-Davis berak nahikoa lan izango dute uztaipean. Zein talderen mugel pisatuko duten gehiago ikusi behar.

Bilbao Basket Eurocupeko bigarren fasean

SaskiBaskoniaren partida 20.30etan hasiko bada, Surne Bilbao Basketek 19.00etan ekingo dio FIBA Eurocupeko bigarren faseko ligaxkari. K multzoan daude bilbotarrak Gottingen talde alemaniarra, Portugalgo Oporto eta Bulgariako Balkan Botevgrad taldeekin batera. Final-laurdenetara sailkatzea da hurrengo helburua eta horgtarako ligaxka honetan multzoko aurreneko bi postuetan sailkatu behar da.

«Hurrengo kanporaketara iristea da gure xedea. Aurreneko postuan lortuko bagenu, hainbat hobe», onartu du Jaume Ponsarnauk neurketa bezperan eman duen prentsaurrekoan.

Ohiko irribarrea galdu gabe azaltzeaz gain, aspaldiko partez lasaitu handi xamarra hartuta azaldu du Tarregako entrenatzailea, pasa den domekan Valentzia Basketen aurka ACB Ligan zuen sei porroteko bolada txar hori behin eta betiko itxi zuelako, eta baita bere jokalariak ere.

«Unicajaren aurka hain gaizki jokatu eta gero –43 puntu baino ez zituzten saskiratu bilbotarrek–, motibazio handia genuen Valentzian partida on bat jokatzeko. Lortu genuen, bolada txar hori amaitu genuen ere eta tira, orain sentsazioak askoz hobeak dira», gehitu du, bere aldetik, Melwin Pantzar jokalari suediarrak, ACB Ligako azken jardunaldiko MVP sariaren jabeak. Nolabaiteko euforiak jota, «FIBA Eurocup tapelketa irabaztea da gure helburua», bota du antolatzaileak, nahiz eta gero Jaume Ponsarnauk beroaldi hori apur bat hozteko ahalegina egin.

Gottingen taldeari so, Jaume Ponsarnauk aurkarien hiruko jaurtiketei jarri die arreta. «Puntu asko sartzen duen taldea da eta, beraz, erasoan hiruko jaurtiketak sartzeko abilezia hori nolabait mugatu beharko dugu, baina guk ere puntu askoa sartzea ahaztu gabe, Gottingenek oso berea baitu puntu askorekin amaitzea partida bakoitza», azpimarratu du.