INFO

LABek salatu du EAJk atea itxi diola hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

EAJk eta PSEk EAEko Hezkuntza Lege berria osatzeko prozesuari «itxiera kontserbadorea inposatu» dutela salatu du LABek astearte goizean egindako agerraldian. Legearen zein prozesuaren balorazioa egin eta langileen lan baldintza duinen alde borrokan jarraituko dutela esan dute.

LABek agerraldia eta elkarretaratzea egin ditu Hezkuntza Legearekin bat egiten ez duela salatzeko. (Jagoba Manterola | FOKU)

Astearte goizean agerraldia egin du LAB sindikatuak Gatseizko Parlamentuaren aurrean, EAEko Hezkuntza Legearen inguruko bere balorazioa mahaigaineratzeko. LABek «ezezko borobila» ematen diola Hezkuntza Lege honi azpimarratu dute eta EAJk atea itxi diola hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari gaineratu dute.

Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema eraikitzeko eta burujabetzan sakontzeko beharrezko dituen lege propioei muzin egin dietela salatu du LABek, «Madrildik ezarritako sistema duelan satonduz eta belaunaldi berriak euskalduntzeko egiturazko neurriak arautu ordez, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduei helduz».

Hezkuntza Legeari hiru eginbehar nagusi eskatzen zizkiotela nabarmendu dute, eta ez dituela betetzen. Batetik, segregazioa eta diglosia bezalako egiturazko arazoei aurre egitea; bigarrenik Euskal Herria aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma egiturazko bilakatzea; eta hirugarrenik, hezkuntza eredu berri baterako trantsizioa abian jartzea, ituntzen unibertsalari mugak jarriz eta sare publiko bakar deszentralizaturako bidea irekiz. Horretarako, ekainean zein legea osatzeko prozesuan zehar egindako ekarpenak kontuan ez hartu izana kritikatu dute.

«Segregazioari aurre egiteko zenbait neurri positibo kenduta, onartuko duten Legeak egiturazko aldaketei atea itzi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu», adierazi dute, eta horren adibide zehatzak aipatu dituzte: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala. Eta aldi berean, aipatutako eskakizunei «muzin egin» eta EAJ zein.  PSE «itundutako ikastetxeen finantziazioa indartzen» ari direla salatu dute.

Langileen baldintzak hobetzeko negoziaketak

Legeak hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak bermatuko ez baditu ere, Hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko erdietsitako akordioaren garapena ez duela mugatzen adierazi dute: « Eremu laboralean Hezkuntza Sailak, LABek eta Interinok taldeak egindako akordioari dagokionez, aipatutako akordioa negoziazio mahai bakoitzean zehaztu eta garatu dadin Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du LABek, greba eta mobilizazioetara jotzeko aukera baztertu gabe».

Sukaldari eta garbitzaileen eremuan lehen lorpen garrantzitsuak eskuratu dituztela aurreratu dute, eta beste mahaietan, aldiz, negoziazioak irekita daudela. Jangela ereduaren inguruko azterketa eta erabaki berriak beharrezkoak direla errepikatu dute agerraldian. Eta azken asteetan azpikontratazioaren ondorio larriak agerian geratu direla azaldu dute: «Gure haurren osasunarekin jolasean ari dira eta gutxi batzuek negozioa egiten duten bitartean — oso larria dena—gainera, hezkuntzak, jangelako langileei, horretarako prestakuntza nahikorik izan gabe eta ratioak aldatu gabe, funtzio berriak inposatzen dizkie. Horregatik guztiagatik, egoera salatu eta jangelen aferari lehenbailehen heltzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari».