INFO

Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak jokatuko dute belaunaldi talka itxura izango duen finala

14 urteko pilotariak 22-19 irabazi dio Leire Garairi eta beste finalerdian, Aldaik, espero zena baino errazago, 22-3 gailendu zaio Miriam Arrillagari.

Zabaleta, pilota astintzeko prest Garairen aurrean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Amaia Aldai, azken bi urtetako txapeldun eta egungo erreferentziarik handienetakoa, eta Goiuri Zabaleta, 14 urterekin kirol honen etorkizuna eskuetan dirudien pilotaria, arituko dira abenduaren 17an Durangon jokatuko den belaunaldi talka itxura hartuko duen Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketaren final handian. Dimakoak eta leitzarrak 22-3 eta 22-19 irabazi diete Miriam Arrillaga eta Leire Garairi goraino bete den (450 pertsona) Abadiñoko Matienako pilotaleku bilduan, giro ederrean.

Hasiera-hasieratik Goiuri Zabaleta 7-0 aurreratu da, baina egia esateko, lehen finalerdia ikusgarria, gogorra eta oso orekatua irten da. Erakutsia zuen aurretik Zabaletak tantoak amaitzeko sekulako abilezia duela, baina asteazken honetan bestelako dohain handiak ere badituela berretsi du, partida borobila jokatuz. Batez ere, 14 urterekin sinestezina dirudien patxada erakutsi du, pilotakada bakoitza zentzuz joaz.

Hala, partida luzatzeak Leire Garairi mesede egin ziezaiokeela zirudien arren, leitzarrak ez du beldurrik izan tantoak landu eta luzatzeko eta, eskuin fresko batekin, gasteiztarra laugarren koadroaren buelta horretan izan du.

Gauzak horrela, partidaren lehen erdi luzean alde erosoak kudeatu ditu aurrelari nafarrak, 10-17 ere aurreratu delarik. Errazena amore ematea bazen ere, Leire Garai ez da lehenengoan amore ematen duen horietakoa eta lanean jarraitu du. Ahal izan duenean aurrera pauso bat eman du eta, airez eta sakearekin asmatuta, Zabaletari mina egitea lortu du. Fisikoki ere asko gogortu den partidari hobeto erantzun dio arabarrak eta, lanari esker, markagailua asko orekatzea lortu du. Behetik gora etorrita, tanto bakarrera gerturatzea lortu du 19-20koan. Gauzak estuen zirenean, tanto oso luze eta borrokatu batean leitzarrak sakea berreskuratu eta merezitako garaipena eskuratu du.

Aldai, espero baino askoz errazago

Oso bestelakoa izan da bigarren finalerdia eta bertan Amaia Aldai txapelduna gainetik pasa zaio Miriam Arrillagari (22-3). Txapeldunak asko jokatu du, bereziki sakearekin sekulako triskantza egin dio dimarrak, denera 10 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin eta uste baino askoz garaipen errazagoa eskuratu du.

Miriam Arrillagak, bere aldetik, ez du bere maila ematerik izan, nahiz eta piloteoan aritu diren aukera gutxitan, kolpez aurkaria baino gutxiago ez dela erakutsi duen. Sasoian eta ilusioarekin heldu da aginagarra Abadiñora, lehen tantoetan aurkaria estutzea ere lortu du tarteka, baina tarteka behar izaten den zorte puntu hori ere ez du alde izan, tantoak gorri izan dira eta erabat amildu da.

Txokoan egindako dejada bikain batekin lortu du bere lehen tantoa atzelari gipuzkoarrak (15-1), baina Amaia Aldaik ez dio inolako erreakziorako aukerarik eman eta espero baino errazago eraman du finalerako txartela aurrelari arratiarrak.