INFO

Urdaibai, Txingudi, Gasteiz... 63 egitasmoren berri eman du Lakuak COP28 gailurrean

Abian diren 63 proiektu zerrendatu eta azaldu ditu Lakuako Gobernuak COP28 gailurraren testinguruan, Dubain. Regions4 nazioarteko sareko burua da EAE gaur egun, eta mundu osoko eskualdeei laguntzen die ekintza klimatikoaren inguruan, ohar batean jakinarazi duenez.

Adolfo Uriarte, Lakuako Natura Ondarearen eta Aldaketa Klimatikorako zuzendaria, Dubain. (Irekia)

Lakuako Gobernuak «naturan oinarritutako irtenbideei» buruzko ekitaldi bat gidatu du Regions4 eskualde gobernuen sarearekin batera eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunarekin lankidetzan, klima aldaketara egokitzeko tresna gisa. Klima Aldaketari buruzko 2023ko NBEren Konferentziaren (COP28) baitan gertatu da, Dubain.

Egun, Regions4 nazioarteko sareko burua da EAE, eta mundu osoko eskualdeei laguntzen die ekintza klimatikoari buruzko konpromisoak eta egokitzeko planak areagotzen, Lakuatik jakinarazi dutenez.

'Aldaketaren katalizatzaileak: nazioz azpiko lidergoa naturan oinarritutako irtenbide berritzaileen aplikazioan' izenburuko ekitaldian, Quebec, Minas Gerais (Brasil), Kalifornia Beherea (Mexiko), Kalifornia (AEB) eta Kataluniako buruzagi eta arduradun politikoak bildu dira, Lakuako Natura Ondarearen eta Aldaketa Klimatikorako zuzendari Adolfo Uriarterekin batera.

Denek defendatu dute klimaren eta biodibertsitatearen nazioarteko agendak lurralde mailan lerrokatzea, planetak duen krisi bikoitzari aurre egiteko, aldi berean etorkizun jasangarria eta oparoa pertsona guztientzat eraikitzeko.

Naturan oinarritutako irtenbide berritzaileak funtsezkoak dira klima aldaketari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko, eta COP28 topaketan kasu zehatzak aurkeztu dira, erreplikatu ahal izateko eta bi krisialdiei aurre egiteko.

Naturan oinarritutako irtenbideen kontzeptua nahiko berria da, eta naturak gizartearen eta ingurumenaren erronkei irtenbidea emateko erabiltzen dituen jarduerei egiten die erreferentzia. Babesa edo kontserbazioa baino esku hartze zabalagoa da. Naturan oinarritutako irtenbide horiek arazo edo erronka zehatzetarako alternatibak ematen dituzte, eta jasangarriak izateaz gain, kasu gehienetan errentagarriak, malguak eta erabilera anitzekoak ere badira, arazo jakin bati erantzuteaz gain, onura ugari sortzen baitituzte.

«Testuinguru horretan, dei egiten dugu tokiko mailan ezarritako naturan oinarritutako irtenbideak aintzatetsi eta finantza aldetik babestu daitezen, krisi klimatikoari zein biodibertsitateari aurre egiteko ekintza bizkortzeko, eta zuzenean lagun diezaieten nazioarteko akordioei, hala nola Parisko Akordioari eta Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenari», adierazi du Adolfo Uriartek ekitaldiaren inaugurazioan.

Bere iritziz, «irtenbide horiek klima aldaketara egokitzeko beharrezko gastua %25eraino murriztu lezakete, eta maila globalean 360.000 M€ inguru aurreztea ahalbidetu dezakete 2050era bitartean».

Nabarmendu duenez, «soluzio hauek egikaritzen lagunduko duten tresnez hornitzen joan gara, Klimatek programaren klima aldaketara egokitzeko proiektu berritzaileen bidez ezagutza sortzetik, tokiko berrikuntza klimatikorako laguntzen bidez ezartzen laguntzeraino, Udalsarea 2030ren bidez, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen bidez».

Proiektuak, udalerriekin elkarlanean

Lakuak praktika adierazgarrienak zerrendatu eta jaso ditu Ihobe sozietate publikoaren bidez, hiru ataletan antolatuta: ibaiak, kostaldeak eta hiriak. «Une honetan, 63 proiektu ditugu identifikatuta, eta naturan oinarritutako 135 irtenbide inguru daude euskal udalerrietan ezarrita. Udalerriak egiten ari diren lan ona aitortzeaz gain, ezinbestekoa da beste erakunde batzuei bide horretan laguntzea edo inspiratzea», adierazi du Uriartek.

Irtenbide horietako batzuek dira urak landare makrofitoekin araztea populazio sakabanatuentzat (Etxabarri Ibiña, Zigoitia), errekak birnaturalizatzea (Donostia eta URA agentziatik sustatzen ari diren ekimen ugari), hiriak berdeztatzea (Bilbo), biodibertsitatearen lotura babesten duten eraztun berdeak (Gasteiz eta Zarautz), hiri padurak berreskuratzea ibaietako eta kostaldeetako uholdeak saihesteko (Bakio) eta hiri inguruko eremuetako kostaldeko habitatak lehengoratzea (Urdaibai eta Txingudi), besteak beste.

«Naturan oinarritutako irtenbide horiek guztiak landa profilak dituzten 1.500 biztanleko udalerri txikietan, 15.000 biztanletik gorako udalerri ertainetan eta euskal hiriburuetan ezarri dira», zehaztu du.

Era berean, ekitaldian irtenbide horien finantzaketari buruzko gomendioak eta esperientziak partekatu dira. EAEren kasuan, Uriartek adierazi duenez, «orain arte administrazio publikoak, eta batez ere eskualdeak eta toki erakundeak, aritu gara proiektu pilotuak eta frogagarriak garatzeko inbertsioak egiten. Baina esperientzia horiek erreplikatu ahal izateko, beste eragile batzuk ere jokoan sartzea behar dugu, hala nola finantza erakundeak edo ekimen pribatua, Europar Batasunaz gain».