INFO

Errusiako presidentetzarako martxoko bozetan hautagai izango dela baieztatu du Putinek

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ostiral honetan iragarri duenez, 2024ko martxoko hauteskundeetan berrautaketa bilatuko du, 2030era arte beste agintaldi bat egitea «beste aukerarik» ez zuela ikusten argudiatuta.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, militarrei kondekorazioak emateko ekitaldian. (Sergey GUNEYEV | AFP)

Errusiako presidente Vladimir Putinek ostiral honetan baieztatu du hautagai gisa errepikatuko duela datorren martxoko hauteskundeetan. Hipotesi hori ziurtzat jotzen zen, baina Kremlinetik ostiral honetara arte ez dute ofizial egin, hitzorduaren deialdi ofizialarekin batera.

71 urte ditue Putinek laugarren agintaldia du egungoa, baina Boris Yeltsinen erorketaz geroztik, beti izan du botere kargu bat nazio euroasiarrean, dela lehen ministro gisa (2008tik 2012ra), dela presidente gisa (2000tik 2008ra eta 2012tik gaur egunera).

«Ez dago beste aukerarik»

Militarrei kondekorazioak emateko zeremonia baten harira egin du iragarpena agintariak. «Beste une batean, jarrera desberdinak izan ditut gai honen inguruan. Baina ulertzen dut orain ez dagoela beste aukerarik. Errusiako presidente kargura aurkeztuko naiz», esan du zeremoniatik kanpo hainbat pertsonalitaterekin izandako elkarrizketa batean.

Federazioaren Kontseiluak, Parlamentuko Goi Ganberak, presidentetzarako hauteskundeak martxoaren 17rako deitu eta egun batera, Errusiako Hauteskunde Batzordeak ostiral honetan erabaki du bozketa-egunak hiru egunetara luzatzea, horrela hauteslekuak hilaren 15ean irekiko dira.

Bozetan Putinek ez du aurkari garrantzitsurik izango aurrez aurre.