INFO

Petrok Vera Grabe M-19ko gerrillari ohia izendatu du ELNrekin negoziatzeko buru

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Vera Grabe izendatu du Gobernuak ELNrekin duen negoziazio prozesuaren buru. Grabe ezaguna da Kolonbian, besteak beste, M-19 gerrilaren militante izanagatik. Elkarrizketa prozesuak lehendabizikoz izango du emakume bat buru.

Vera Grabe. (Wikimedia Commons)

Vera Grabe antropologo eta M-19ko gerrillari ohia izango da Kolonbiako Gobernuaren eta Askapen Nazionalerako Armadaren (ELN) arteko negoziazioen burua, Gustavo Petro presidenteak hala erabakita.

72 urteko dauzka Grabek eta Otty Patiño ordezkatuko du, joan den astean Bakerako Goi Komisario izendatu baitzuten, eta Latinoamerikako azken gerrilla handiarekin negoziatuko du. Mexikon bosgarren zikloan dago gaur egun negoziazioa.

Gobernuaren ordezkaritzetan emakumeak egon diren arren, lehen aldia izango da andra bat buru izango dena. Arlo guztietan justiziaren alde egindako borrokagatik ezaguna da. 20 urte pasatxorekin hasi zuen ibilbidea, 1974an Apirilaren 19ko Mugimenduaren (M-19) gerrillaren sorreran parte hartuta. Petro presidentea ere ibili zen gerrillan.

Grabek duela urtebete Petroren gobernuak berriz abiatu zituen elkarrizketen buru izateko zeregina izango du. Negoziazioa unerik kritikoenetako batean dago, etorkizunera begira erabakigarria izango dena.

Joan den hilaren amaieran, Gobernuko bake ordezkaritzak iragarri zuen bi taldeetako ordezkariak bilduko zirela «Luis Manuel Diaz jaunaren bahiketak sortutako krisia gainditzeko». Izan ere, Luis Diaz Liverpooleko futbolariaren aita 12 egunez egon zen bahituta ELNren esku.

Ildo berean, ELNk duela gutxi argitaratutako bi gutunetan adierazi zuen negoziazio-mahaiak une «kritikoa» bizi duela, eta horrek «orain arte partzialki sinatutako akordioen inplementazioari eta negoziazio-agendaren garapenari eragiten duela».

Aitzindaria

Gerrillako militante izan zen urteetan, kideek zein segurtasun indarrek ‘Mona’ ezizenez ezagutzen zuten Grabe, Kolonbian horrela deitzen baitzaie ile horiei. Militantzia horren ondorioz, hain zuzen, preso izan zuten 1979tik 1980ra bitartean.

M-19k armak utzi eta bake akordioa sinatu ondoren, 1990eko martxoaren 9an, Grabek politikara jauzi egin zuen eta Ordezkarien Ganberan eserleku bat irabazi zuen lehen gerrillari ohia izan zen.

Geroago, M-19 Aliantza Demokratikoko senataria izan zen 1991-1994 aldian, eta emakumeen aldeko ekimen aitzindariak bultzatu zituen. Politikatik diplomaziara igaro zen ondoren, Kolonbiak Espainian zuen enbaxadan agregatu gisa, eta gero unibertsitatera.

Azken urteotan bakearen eta justiziaren alde lan egiten aritu da Bakearen Behatokitik, eta eskolak eman ditu Hego Kolonbiako Unibertsitatean, Pedagogia eta Bakearen Kulturan katedraduna baita.