INFO

Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’, Bilbo eta Gasteizko zinema aretoetan

Iratxe Fresneda zinemagile eta NAIZ eta GARAko kolaboratzailearen ‘Tetuan’ (2022) film luze dokumentala estreinatuko da ostiral honetan bertan Bilbon eta Gasteizen. Jaialdien zirkuituan film honek hasitako ibilbide oparoaren ostean, orain zinema areto komertzialetara iritsi da.


60 FICX Xixon, Bilboko Zinebi, Donostiako Giza Eskubideen jaialdia, Nantes edo Peruko jaialdietan hautatua izan ostean, eta hainbat sari jaso ondoren –ikusentzunezkoen Lauaxeta saria edo Bilboko ‘Film Sozialak’ Nazioarteko Zinema Ikusezinean euskal ekoizpen onenaren saria, besteak beste–, Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’ Bilbo eta Gasteizera iritsiko da ostirala honetan. Zehazki, Bilboko Multicines 7 aretoan eta Gasteizko Florida zinematan ikus ahal izango da ostiral honetan, abenduaren 15ean.

Iratxe Fresnedaren hitzetan, bere hirugarren ez-fikziozko film luze hau zinemagile gisa duen roletik abiatuta sortu da: «Jakin-min pertsonala, bilaketa partekatua eraikitzeko desira zinematografikoa bihurtu da. Nire familiaren historia, historia kolektibo bihurtu da film honetan».

‘Irrintziaren Oihartzunak’ (2016) eta ‘Lurralde Hotzak’ (2018) filmekin hasitako ‘Erregistroaren Trilogia’ itxi du ‘Tetuan-ek. Filmak, jarraipena ematen dio Fresnedaren lanari, artxiboa, bidaia eta oroimena zeharkatuz. Irina Conca eta Mohamed Iacob bizitzaren abenturari buruzko istorio koral honetako protagonistetako bi dira.

‘Tetuan’ trilogia amaitzen duen filma da eta Euskal Herrian, Errumanian, Estatu frantsesean, Estatu espainiarrean, Saharako basamortuan eta Marokon filmatu zuten 2021eko neguan. Gentzane Martinez de Osabak, Iratxe Fresnedak eta Ohiane Iriartek ekoitzia, talde teknikoan Iratxe Fresnedaren ohiko kolaboratzaileak daude, hala nola Txelu Medina, Laurent Dufreche eta Raul Lopez (‘Loreak’, Goya  saria Handia filmagatik, 2018 ). Alex García de Bikuñak ekoizpena koordinatzeko lanak egin ditu Txelu Medinarekin batera.