INFO

Patxi Noblia, tokiko ekonomiaren aldeko ekintzaile abertzalea, zendu da

Militante abertzalea, Sokoa enpresaren sortzailea izan zen, baita Ipar Euskal Herriko ekonomia garatzea xede duen Herrikoa kreditu elkartearen sustatzaileetariko bat ere. 79 urte zituela zendu da Patxi Noblia.

Patxi Noblia Sokoa kooperatibaren sortzailetariko eszagunena zendu da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ipar Euskal Herriko ekonomiaren ekintzaile aitzindari bat joan da. Patxi Nobliak azken hatsa eman zuen abenduaren 15ean, ostiralarekin, 79 urte zituela.

Noblia Angelun 1944an sortu zen, txokolategileen familia burges batean. Komertzio eta Zuzenbideko ikasketak egin ondoren, hiru lurraldetan mugimendu abertzalea berpiztu zuen Enbata mugimenduarekin engaiatu zen.

1965. urtean mugimendu horren ordezkari iraunkorra bilakatu zen, Mintzoak atariak Nobliaren bizitza ibilbideari eskaini zion atalean entzun ahal denez.

Manzanas komisarioak torturatu zuen Noblia

Ez hain ezaguna den zerbait da tortura ere pairatu zuela Nobliak. Enbataren lehen urteetako dinamikaren testuinguruan, 1965ean Kristiane Etxaluz militante zuberotarra atxilotua izan zen Elizondon. Atxiloketak mobilizazio azkarra piztu eta frantziar Poliziak hamarka kide atxilotu zituen.

Kazeta.eus atariak argitaraturiko erreportajeak jaso zuenez, besteak beste, Jakes Abeberryk saihets bat hautsirik eta Ximun Haranek haragi-eten bat zuela tratu txarrak salatu zituzten epailearen aurrean.

Patxi Noblia berriz, mugan izan zen atxilotua eta Meliton Manzanasek berak torturatu zuen Donostiako komisarian.

Normandiatik Hendaiarat, enpresa munduan

1968an Pantxika Campandeguirekin ezkondu ondoren Normandiako txokolate denda baten zuzendaritza hartu zuen Nobliak.

Han harturiko eskarmentua baliatuko zuen kudeatzaile gisara Euskal Herrian garatu zuen egitasmorik ezagunena martxan emateko.

1970eko hamarkadaren amaieran, Patxi Noblia eta bere familia Euskal Herrira itzuli ziren.

Urte horren amaierab, Ziburuko Arintasuna hotelean Enbata mugimenduko lagun batzuekin bilkura eginik -artean Ramuntxo Camblong jeltzalea zegoen- eta Ipar Euskal Herriko ekonomia beren gain hartu nahian, Patxi Nobliak 1971ko apirilaren 26an Sokoa enpresa sortu zuen Hendaian.

Hamarkadaz hamarkada enpresa horren itzala handituz joan da. Bulego egoitzetako altzarien fabrikazioan espezializaturiko frantses Estatuan eta Europa mailan ekoizle ezagunetarikoena da gaur egun.

Sokoa enpresak hasieratik euskal iheslari politikoak kontratatu zituen.

1986an polizia operazio handia izan zen Hendaiako lantegian. ETAk ezkutuan zulo handi bat zuen bertan, arma eta informazio ugariarekin.

Sokoa enpresatik Herrikoa elkartera

Zuzendari nagusi bezala jardun zuen Nobliak Sokoan 2008an erretreta hartu zuen arte.

Ez zen bere egitasmo bakarra izan. Beste batzuekin batera, 1980an Herrikoa sortu zuen, Ipar Euskal Herriko garapen ekonomikoaren aldeko sozietatea.

Sektore ezberdinetan jarduten duten ekintzaileak aurrezki/kreditu sistemaren bidez sostengatzen ditu elkarteak

Egun crowfunding izenarekin ezagutzen den sistemaren aitzindaria izan zen elkarte horren lehendakari izan zen Noblia 1989 arte.

Finean, Patxi Nobliak Euskal Herriko bizi politiko, ekonomiko eta kulturalaren gorabehera guztiak ezagutu ditu. Bizitza osoan zehar Ipar Euskal Herrian ekonomia garatzeko lanari lotua izan zela oroitarazi du 'Mediabask' atariak Patxi Nobliari eskainitako hil oharrean.

 

Otsailean, Bagira dinamikak antolaturiko solasaldietan. (Patxi BELTZAIZ)
Abertzale gisara bere ekarpena modu askotan egin du Nobliak. Berdin ikastolen alde, Euskal Herriko Laborantza Ganbara zein Bakegileen dinamikekin bat eginez.
Euskal erakunde bat sortzeko desmartxa babestu zuen, gizarte zibilaren taupada ekartzen lan eremu guzti horietan.

Joan zen otsailean Bagira dinamikaren eskutik antolaturiko transmisio historikoaren solasaldietan parte hartu zuen Ipar Euskal Herria helburu ekintzaile nekaezina izan zen Noblia.

Goiko argazkian, ezkerrean agertzen da Noblia. Besteak beste, aurten ere joan den Graxi Etxebehererekin -eskuinetik lehenengoa- batera jardun baitzuten saio horretan.

Dolumin mezu anitz

Nobliaren heriotzak samin handia eragin du. Berak utzitako itzal handiaren seinale, eragile eta norbanako askok dolumin oharrak plazaratu dituzte bere heriotzaren berri izan zenetik.

Sare sozialen bidez, besteak beste, Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren, Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoen departamenduko presidentearen, Bixente Etcheçaharreta eskualde kontseilari sozialistare edota Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiaren omenaldi mezuak errezibitu ditu, baita EH Bai eta EAJ-PNB alderdi politikoena ere. Lurraldearen alde eginiko lana txalotu dute guziek.