INFO

“The great white whale” filmak irabazi du Mendi Film Jaialdiaren hamaseigarren ekitaldia

Michael Dillon zuzendariaren ekoizpena Sari Nagusiarekin egin da; hortaz gain, australiarrak zuzendari onenaren saria jaso du. Hamar egunez, Bilbo mendiaren eta abenturaren epizentroa bihurtu da.

Sari nagusia irabazi duen "The great white whale" filmaren fotograma. (MENDI FILM)

Abenduaren lehen egunetan Bizkaiko hiriburuan atmosfera berezia sortzen da. Zehazki esanda, Mendi Film Jaialdiak sortzen du. Mendia, abentura eta naturarekin harremana dituzten edukiak dira protagonistak; batez mendiko ekimen horretako lehian izaten diren edukiak.

Nazioarteko zinemaldi horretan 51 film lehiatu dira sail ofizialean. Eta Bilbon zehar arnastu den atmosfera berezi horri amaiera eman zitzaion larunbat iluntzean sari banaketa ekitaldiarekin.

Sari Nagusia, hots, zinemaldiko inportanteena sona handiko zuzendari baten lanak eraman du. Michael Dilloni buruz ari gatzaizkizue. Bada, australiarraren “”The great white whale” izan da Mendi Film Jaialdiaren hamaseigarren ekitaldiko pelikula onena. Bederen, horrela erabaki zuen Eliza Kurbaska, Michael Pause, Patricia Ayala, Nerea Alberdi eta Juantxo Zeberiok osatutako epaimahaiak. Pelikula honek Australiako mendi garaiena eta bakartiena, Ozeano Barean dagoen Big Ben, igo nahi duten mendizale eta marinelen inspirazioz betetako istorioa kontatzen du.

Ohi den legez, aitortza garrantzitsuena izan da; alabaina, beste batzuk banatu ziren Euskalduna Jauregian eginiko sari banaketa ekitaldian. Eta aurreratu behar dugu Dillonek bigarren sari bat jaso zuela: zuzendari onenarena. Hori gutxi ez, eta australiarra Mendi Film Jaialdiko Sari Nagusia bitan irabazten duen lehen zuzendaria bihurtu da.

Egitarau oparoa

Beste sari batzuei dagokienez, gidoi onenaren saria Roberto Zazzararen “Carne et Ossa” lanak irabazi du. Eta argazkilari onenarena: Bertrand Delapierren “La Ligne de l´angle” pelikulak.

Nick Rozen eta Zachary Barr-en “Ressistance climbing” izan da epaimahaiaren saria jaso duena. Soinu banda onena “Rope” filman (Eiko Ishibashi konpositorea) entzuteko aukera izan. Eta “Rope” aipatu dugunez, esan behar dugu sari bikoitza izan duela; izan ere, mendiko pelikula onena izendatu dute. Ekoizpen japoniarraren zuzendaria Moe Wada da.

Bestalde, Mikel Landaren “Noizko basoa” lanak irabazi du euskarazko film onenaren saria. Eskaladarena: “Elevated” pelikulak. Kultura eta Natura film onena, berriz, “Carne et Ossa”-rentzat izan da. Irakurtzen den bezala, film horrek bi sari jaso ditu. Kirol eta Abentura film onena: David Arnaud-en “Wild waters”.

Azken bi sariak. Lehena, film labur onena, Lutz Stautnerren “Crying glacier”. Eta bigarrena, epaimahaiaren aipamen berezia, Keila Cepedaren “Chimborazo”.

Pelikula sarituak igandean zehar non-stop eran ikusgai izango dira. Horiek guztiak izan dira Mendi Film Jaialdiaren hamaseigarren ekitaldiak izan dituen protagonistak nagusiak. Bide batez aipatu behar dugu mendiko kultura sustatzen duen ekimen honek egitarau oparoa izan duela hamar egunez: hitzaldiak, master class-ak, mahai-inguruak, erakusketak…