INFO

‘Antzerkiaren labirintoan’ eman du Ander Lipusek, memoriak eta teoriak marratutako mapa bakana

Ander Lipusek (Markina-Xemein, 1971) bi liburukitan banatutako ‘Antzerkiaren labirintoan’ lana aurkeztu du. Euskal antzerkiaren garai oso bat josi du batetik, eta antzerkilari nahiz antzerkizaleentzat altxor den gida teoriko bat osatu du bestetik.

Ander Lipus, Ganbila bildumara eman dituen ale berriekin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

‘Antzerkiaren labirintoan’ izena eman dio Ander Lipus aktore eta antzerki zuzendariak astearte honetan Donostiako Kaxilda liburu-dendan aurkeztu duen obra erdibituari. Euskal antzerkigintzaren azken 50 urteetako (1971-2021) erradiografia bat osatu du memoriari tiraka eta teoriaz lagundu du bilaketa artistiko baten kontakizuna. Memoria eta teoriaren trazuekin, mapa bat marraztu du, lagunduko duena irakurlea labirintoan sartzen.

Susa argitaletxeak Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera ontzen duen Ganbila antzerki liburuen bildumara batu da Lipusen lan berria, bi liburukietan banatuta: ‘Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora koadernoa’ eta ‘Antzerkiaren labirintoan II. Artedrama baten bila’. Duela bost urte hasi zen lana idazten, eta 600 orrirekin itxi du azkenean. Baina, egiaz, askoz lehenago hasi zuen markinarrak hau guztia.

Donostian egindako aurkezpenera ekarri du hemezortzi urte zitueneko oroitzapen bat. Aitak, erdi marmarrez, Stanislavskiren liburu bat oparitu zion, semea Madrilgo William Layton antzerki eskolara joateko tematu zenean. «Ez nekien ezer antzerkiaz, gauza bitxia zen niretzat, are gehiago antzerki liburu bat. Denborarekin jakin nuen zein zen Stanislavski eta, harrezkero, beti izan dut ikerketarako eta maisu handiak irakurtzeko gogoa eta beharra», adierazi du.

Har horrek eraman du Lipus, nolabait, «aspaldiko gogo bat» betetzera: herrestan egindako bidea errepasatu eta idaztera, eskuzabal, euskal kulturari emateko. Lehenengo liburukian, memoria ariketa bat egin du, baina ez nolanahikoa, izan ere, «Ander Lipus euskal teatroaren garai oso baten metafora da, euskal teatroaren parte handi batek azken ia hiru hamarkadetan izan duen bilakaeraren adierazle bikaina», dakar EHAZEren sar hitzak.

Hala, autobiografiatik kontakizun kolektibora egiten duen bidaia horren hasieran ezagutzera emango ditu Stanislavski bera, Baliko antzerki maskara edo Eugenio Barba, baina apika hasiko da «bidea herritartzen» eta agertuko dira Joseba Sarrionandia, Jorge Oteiza edo Dejabu panpin laborategia. «Ni naiz laberinto horren aitzakia, baina aitzakia hori baliatu dut gure kultur mundua kontatzeko», zehaztu du aktoreak.

Zortzi eskutara atondutako Mina Espazio periferikoa, Antzerkiola Imaginarioaren sortzezko sormen-eztanda eta urtzera egingo zuen akabera, «dena» –antzeztu, pentsatu, formatu– euskaraz egin daitekeela erakutsiko zuen Artedrama; hori guztia, eta ez hori bakarrik, dakar Lipusen lanaren lehen atalak.

Gida bat, aritu eta zaleentzat

‘Artedrama baten bila’ liburukiak, Ander Lipusek garai eta komunikabide ezberdinetan idatzitakoak jasotzen ditu batetik, memoria errebisatzeko tentazioei uxa eginez, garaiko haserreak, gogoak eta tripetako minak ziren bezala erakutsiz.

Bestalde, markinarrak aktore eta antzerki zuzendari gisa bideak ikasi dituenak «gida» modura murtxikatuta agertzen dira. Tresna bat da, «corpus teoriko bat» Lipusen esanetan, antzerkilari eta antzerkizaleentzako, egiteko nahiz ulertzeko lagunduko duena, arituz nahiz maisu-maistrei entzunaz osatutako aterki teoriko batez bildua.