Binakako finalerako azken txartela banatuko da Galarretan larunbat honetan
Ansa II.a-Martirena dagoeneko sailkatuta daude eta Urriza-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV.aren arteko irabazleak izango dira euren aurkariak.
Binakako erremonte txapelketa heldu da bere azken txanpara eta larunbat honetan jakingo dute Ansa II.a-Martirenak zeintzuk izango diren euren arerioak abenduaren 30eko finalean; Urriza-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV.ak jokatuko duten partidako irabazleak. Azaroaren 4an txapelketa ireki zuen partida izan zen hau, eta orduan urdinak erraz nagusitu ziren, baina jokoan gora egin dute nabarmen eta partida orekatua espero da.
Javier Urrizak Binakako final berri baterako txartela bilatuko du. Azpirozek lagunduta, lehen bi partidak galdu eta gero kanpoan geratzeko arrisku bizian izan ziren, baina finalerdietara heltzea lortu zuten eta orain oso arriskutsuak dira.
«Ibilbide argia daramagu behetik gora. Zoritxarrez azken txapelketetan gertatu ohi zaidan zerbait da. Gero eta gehiago kostatzen zait lehiaketa erritmoan sartzea eta, egia esan, lehen partida, hain zuzen ere Aldabe eta Barrenetxea IV.aren aurkakoa, gure aldetik txarrena izan zen. Xabierrek eta biok ez genuen gure maila eman eta oso erraz irabazi ziguten. Bigarren partidak detaileengatik ihes egin zigun eta aurrera egin dugu. Ligaxkako azken bi partidetan itxura hobea eman dugu».
Aurrelari iruindarrak bere ibilbidean zehar final ugari jokatu dituen arren, ez du inoiz ilusiorik galtzen. «Gogotsu eta ilusioz gainezka gaude. Oso finalerdi garrantzitsua da, inoiz erraza ez den Binakakoaren final batean sartzeko aukera emango ligukeena. Zaila da horrelako txapelketen finaletan sartzea. Behetik gora, ea finalerdia gaindi dezakegun».
Aldabe eta Barrenetxearen aurka jokatzeak duen zailtasuna ondo baino hobeto ezagutzen du. «Joko askorekin daude biak. Finalerako txartela, Ansa eta Martirenaren aurka, aurkariaren merituagatik ez zuten lortu, txapelketa bikaina egiten ari baitira. Oso erregularrak izan dira eta erasoko bi pilotari dira, oso arriskutsuak. Ezin zaie defendatuz irabazi, abiadura handia ematen baitiote pilotari. Erasora pasatzen saiatu behar dugu, haiek gustura egon ez daitezen».
Jokoaren ekimena eramatea izango da lehen helburua, hortaz. «Beti esaten dut zuk kolpatu edo kolpatu egiten zaituztela. Lehenengo ematen duenak bi aldiz ematen du. Endikak sakearekin asko menderatzen du eta aldeak markatzen ditu, eta Kemenek nahi bezala ematen dio abiadura pilotari. Azken urtean asko hobetu du defentsan eta oso aurrelari arriskutsua da. Oso bikote ona egiten dute eta, irabazi nahi badiegu, partida bikaina jokatu beharko dugu».
Azpirozekin bikote indartsua osatzen du eta Urrizak aginte ahotsa eramaten du. «Xabi oso pilotari ausarta da, oso autoexijentea da bere buruarekin eta lasaitzen saiatzen naiz. Partida guztietan zuloetatik pasa behar da eta bien artean sendoak izatea lortzen badugu bikote oso arriskutsua gara. Oso gustura jokatzen dut berarekin. Berme handiko atzelaria da, kantxa asko estaltzen duena. Ondo egiten badugu, oso zaila izango da irabiatzea».
Arriskatu beharra
Endika Barrenetxeak ere ez da berria horrelako partidetan eta oso argi dauka, bi bikote hauek elkarren aurka jokatu zuten partidak ezer gutxirako balioko diela finalerdian.
«Urrizak txapelketak ez ditu sasoi betean hasten. Behetik gora joaten da, eskarmentu handia du eta finalerdian Urriza hobe bat ikusiko dugu. Azken partidetan hobekuntza nabaria izan dute Urrizak eta Azpirozek, baina guk partida gure aldera eramaten saiatu behar dugu».
Atzelari hernaniarraren ustez, «beldurrik gabe sartu behar dugu partidara. Ausartak izan behar dugu. Ligaxkan beldurrik gabe aritu ginen, baina orain zailagoa izango da presioa antzematen baita. Horregatik izan behar dugu ausartak».
Txapelketan zehar bikoterik erregularrena izan da eurena. «Ansak eta Martirenak gora behera gehiago izan dituzte. Ongi kudeatu ditugu nerbioak eta agian presio hori gehien nabaritu genuen unea azken partidan izan zen. Kemenek nabaritu zuen presioa eta nire lana izango da bera lasaitzen. Azken partida ongi etorri zaigu larunbatean arriskatu egin behar dugula jakiteko», azaldu zuen.
Barrenetxeak esperientzia handia du eta Aldaberentzat laguntza izango da. «Pilotari bakoitza ezberdina da eta bakoitzak jakin behar du presioa eramaten. Aldaberekin, Goikoetxearekin baino lan gutxiago dut erremontari ezberdinak direlako».
Aurkarien indarguneak ongi ezagutzen ditu hernaniarrak. «Oso bikote sendoa osatzen dute, nahiz eta kantxan batzuetan ez ulertuak izaten dituzten eta hori aprobetxatu behar dugu. Azpirozek zabaletik ongi ateratzen du, baina hori arriskutsua ere bada ez baduzu gurutzatzen asmatzen».
Binakako txapela jantzi izan du behin baino gehiagotan Barrenetxeak, baina beretzat Banakakoa baino zailagoa izan da emaitza onak lortzea. Hernaniarraren ustez atzelarientzako Binakakoa zailagoa da. «Jokoan gutxiago sartzen gara edo behintzat tantoa amaitzeko aukera gutxiago izaten dugu. Intzidentzia gutxiago dugu jokoan. Aurrelaria atzera etor daiteke, errebotatu, aurrean tantoak amaitu… niretzat hori zailagoa da eta horrek eragina du atzelarientzat».
ETB-k zuzenean emango duen jaialdian (15.30), bigarren mailako finalerdia ere jokatuko dute eta kasu honetan Loitegi-Eskudero eta Urriza-Azpiroz ariko dira finalerako txartelaren lehian.