INFO
Interview
Ane Olaeta Larrauri
Duran Maquinaria Ensino taldeko joko antolatzailea

«Unibertsitateko garaiak nire profesionaltasuna lantzen irakatsi dit»

«Aspaldi ez nuela elkarrizketa bat euskeraz egiten!», dio telefonoaren beste aldetik. Irribarretsu, baina serio hala egokitzen denean, Gernikatik Kaliforniara eta handik Lugorako bidea egin du Ane Olaeta (Gernika, 1999) antolatzaile bizkaitarrak, pixkanaka sendotzen ari den ibilbide bati ekinaz.

Ane Olaeta. (@ENSINO)

Azaroaren amaiera aldera egin zitzaion Ane Olaeta Larrauri saskibaloi jokalariari elkarrizketa eta, tamalez, egunerokotasunak gain hartu dio joko antolatzaile gernikarraren berbei. 2016ko urtarrilaren 7an, Mario Lopez entrenatzailearen eskutik, artean 17 urte bete gabe zituen jokalariak Emakumeen Ligan debuta egin zuen Ane Olaetak, hain ondo ezagutzen duen Maloste kiroldegian. Partida hura galdu egin zuten, baina jokatu zituen 11 minutu horiek «esperientzia ahaztezina» izan zirela dio, telefonoaren bestaldean.

Baina egia da Ane Olaeta Larrauri, 1,63 metro neurtzen dituen joko antolatzaile bizi honen historia, ez dela Gernikan iltzatu. Saskibaloia ardatz edo ia aitzakia moduan hartuta, AEBetan osatu zituen unibertsitate ikasketak eta NCAAko gorengo dibisioan jokatzea eta titular izatea lortu zuen: bost urte batez beste ia 35 minutu jokatzen CBU –California Baptist University– unibertsitate txikian. Ez zuen ‘Martxoko Eroaldian’ jokatzeko modurik izan, nahiz eta bere taldeak Aneren azkenaurreko denboraldiko partida guztiak irabazi –Western Athletic Conference (WAC) delakoa NCAA II-tik lehenengo mailara pasa berria zen artean eta lehiaketaren arautegiak ez zion uzten Liga Unibertsitarioko lehiaketa nagusia jokatzen uzten WAC-eko garaileari–. Klubeko saskiratzaile eta asistentzia emaile onena izateaz gain, alor akademikoan ere gernikarrak izena irabazi zuen Kalifornia aldean eta unibertsitatea amaitu ostean, Lugoko Ensino taldean, jende gaztea eta hazteko gosez amorratzen dagoen talde batera joatea hobetsi du.

Hauxe du bere bigarren urtea Lugon eta lehenengo lau partidak galdu arren, denboraldiari buelta ematen hasi zen Aneren taldea Gasteizen Araskiri irabazi eta gero, Aneren beraren puntu zaparrada batekin. Azken asteetan Blanca Millan izarra ere berreskuratu dute eta erosoago dabil orain antolatzaile bizkaitarra, hainbeste maite duen jokoa banatzeko lanetan buru belarri murgilduta, puntuak zeinek sartu baduelako alboan.

NCAAn ere zure bizitokiaren berri «Gernika-Lumo; Basque Country» jarri arazi zenien CBUko webguneak zure profila egiten zutenei. Zer moduz Lugon bigarren urtea?

Lugon oso ondo! Zer ikusi asko duen erdigunea duen hiri txiki bat da eta oso ondo, batez ere iazko urtean egokitzen ekin eta gero. Kalifornian, bai! Han ere kosta zitzaidan hara egitea, baina etxean bezala sentitu nintzen azkenerako. Eta noski, Euskal Herria zer zen lehenengotik azaldu nien hara iritsi nintzenean eta pentsa, ‘Amazonen’ bitartez ikurrina ere lortu zuten! (Barreak)

Eta kirol arloari dagokionez?

Ondo. Hasierako lau partidak galdu genituen, egia da,  baina Gernika, Estudiantes, Valentzia eta Perfumerias Avenida ziren aurkariak, pentsa! Horrez gain, Emakumeen Ligako talde handienek izan ezik, gehienek aldaketa mordo bat egin ohi ditugu urte batetik bestera. Gure kasuan, adibidez, iaztik hona lau bat jokalari baino ez gaude errepikatzen dugunak. Gizonen taldeak normalean askoz egonkorragoak izan ohi dira.

Nire bigarren urtea izatera, erosoago sentitzen naiz. Esan bezala, taldea asko aldatu bada ere, entrenatzailea, Antonio Pernas, iazko bera da, eta ondorioz elkar hobeto ezagutzen dugu jokatzeko modua zehazteko orduan.

0-4 hasi baginen ere, hurrengo bost jardunaldietatik lau eraman genituen –uneotan 6-6 da beren balantzea–. Batetik, aurkariak ez ziren lehenengo jardunaldietakoak bezain gogorrak eta bestetik, taldea bera ere elkarrekin jokatzen ohituz joan da. Pertsonalki, NCAAko ibilbidea amaitu nuenean, nire agenteak aipatu zidan bazegoela Lugon jokatzeko aukera, batez ere jende gazte asko ari zirelako fitxatzen azken urteetan eta minutuak izan nitzakeelako. Hori zen nire helburua, behin saskibaloi «profesionalera» saltoa ematen hasita: minutuak izatea eta ikasten joateko aukera izatea lehenengo momentutik eta nik uste asmatzen ari naizela.

«Liberal Arts» delakoetan unibertsitateko lizentziatura lortu zenuen eta ikasle fina ere bazinela erakutsi zenuen partidako 35 minutu jokatuta. Langile saiatu izate horrek balio dizu orain jokalari profesional zarela?

Hasteko, Haurren Irakaskuntzara zuzenduta daude nire ikasketak eta hemen ari gara orain, ikasketa hauek balioztatzeko ministerioarekin borrokan (barreak). AEBetan hemen baino askoz erraztasun handiagoak jartzen dizkiote kirolariari ikasketak eta goi mailako kirola uztartu nahi baditu. Esan gabe doa sakrifizioa eta lan gogorra eskatzen dituela alor bietan maila ematea, baina poztekoa da, eginbehar biak betetzeko behar den diziplina eta balantze... oreka hori izaten lagundu didalako esperientzia honek.

Eta bestalde, profesional izan aurretik bertatik profesionaltasuna lantzen erakutsi dit, helburuak lortzeko egin behar den lanaz jabetzen naizelako.Esan behar zorte apur bat izan nuela CBU-ra iritsi nintzenean. Ordura bitartean antolatzaile titularra zena graduatu berria zen eta entrenatzaileak antolatzaile titular bat behar zuen talderako. Hainbat ikusi gintuen lanean eta bistan denez, nire jokoa gustatu zitzaion gehien. Asko esaten da hemengo jokoa taktikoagoa dela eta taldeari gehiago begiratzen diona, baina egia da neurri baten horrela dela, nahiz eta han errekurtso fisiko eta tekniko handiak dituzten jokalariak dauden. Nire lehenengo begirada taldekidea aurkitzeko da eta gero pentsatzen dut saskira bota dezakedan. Era berean, han ia jokalari bakoitzarentzat entrenatzaile pertsonalizatu bat dago eta gimnasioko lanaz gain, errekurtso tekniko pila bat ikasten joateko modua ere egin nuen bost urte horietan.

Zure lehengo aukera pasea dela diozu, baina Blanca Millan falta izan den urtebetean zuk ere hor lagundu behar izan duzu. Adibidez, Celta edo Araskiren aurka saskira begira sekulako lana egin duzu aurten.

Blancak belauna txikitu zuenean lur jota geratu ginen eta hauxe galdetu zigun entrenatzaileak lehenengo entrenamendu hartan: «Orain nork sartu behar ditu Blancak sartzen zituen puntu horiek?» Ez da erraza, bera zelako erreferente nagusiena [elkarrizketa egin eta astebetera itzuli zen]. Orain Imani Tate ere badaukagu puntuak sartzeko, eta iaz berriz, Alba Prieto [egun IDK Euskotrenen ari den eskolta] edo Laura Aliaga [Kutxabank Araskiko hegalekoa]. Baina ez zen erraza izan.

Nire puntuak... Badakizu hau bolada kontua dela. Aurrenekoa bota eta sartzen baduzu taldekideek bilatzen zaituzte, konfiantza hartzen duzu... Bolada ona aprobetxatzea da kontua, azkenean.

2016an debuta egin zenuen Lointek Gernikarekin, oraindik 17 urte bete gabe zenituela eta orain 24 urte dituzu. Asko aldatu da Ane Olaeta ordutik hona?

Gernikan jokatzea niretzat beti izango da berezia eta aurten ere denboraldia hantxe hasi genuen. Ni beti izango naiz Malosten hazi zen neskato hura eta, era berean, 2016ko urtarrilaren 7an galdu bagenuen ere, nire debuteko eguna ez zait sekula ahaztuko. Esperientzia hura nirekin eramango dut beti, baina bai dudala gogoan jokatu nituen 11 minutu haiek nire bizitzako luzeenak izan zirela! (barrez) Exijentzia fisikoa oso handikoa zen Emakumeen Ligan jokatzea eta noski, artean heldu gabe nengoen eta NCAAn egin ditudan urteetan fisikoki asko hobetu dut.

Esaterako, Kalifornian nengoela, eta gure unibertsitatea ez zen Duke, edo UCONN edo halakoren bat, egunero 45 minutu pesak egiten genituen. Horrez gain, noiznahi joan gintezkeen edo gimnasiora edo kantxako entrenamendua egitera prestatzaile indibidual batekin.

Unibertsitatean zenbiltzaneko jokaldi onenen sorta askotan uztaipean saskiari bizkarra emanda, «beheko zutoineko» jokaldiak egiten ikusten zaitugu, eta horrez gain, ezkertia izanagatik eskuinez ere barneraldi asko amaitu ditzakezu. Han ikasitako trikimailuak dira ala hemen ere bazenituen?

Esan bezala, teknika indibiduala asko lantzen da han eta halako trikimailuak han hasi nintzen erabiltzen, neurri handi baten fisikoki garatzen joan ahala. Hau da, ez naiz «tanketa» bat baina 1,63 metro neurtu arren, jokalari sendoa naiz eta saskira indartsu sartuz gero badakit abantaila atera dezakedala.

Ezkertia izatearen kontu hori, berriz, hemen ikasitakoa da (barrez). Saskibaloia jolasten hasi nintzenean nire aurreneko entrenatzailea bera zen ezkertia eta, imitazioz, ni ere ezkerrez hasi nintzen baloiari boteak ematen, saskira jaurtitzen... Bestela, idazteko edo edozertarako, eskuina erabiltzen dut, baina tira, agian beste abantailatxo bat da.

Azken batean, Emakumeen Liga oraindik ez da profesionala [2023ko hitzarmena elkarrizketa hau egin eta egun gutxira sinatu zuten Jokalarien Sindikatuak, Kluben Elkarteak eta FEB Federazioak] eta gauza askoren artean, asko nabarmentzen da hemen staff teknikoa AEBtan baino askoz murritzagoa dela eta entrenamendu indibidualerako aukera eskaintzeko askoz errekurtso gutxiago dituztela.

Arlo profesionalean dagoen alde hori gauza gehiagotan ere igarri behar da, nahitaez.

Noski. Entrenatzaileen soldatak, bidaietarako baldintzak. Jokalariek 8 hilabetez kobratzea edo urte osoko kontratuak sinatzearen aldea oso handia da. Bestalde, taldekideak baditut orain unibertsitate ikasketak burutzen ari direnak, baina nik izan nituenak baino askoz zailtasun handiagoak dauzkate bidean. Badirudi Emakumeen Saskibaloi Ligak, futbolekoak bezala, profesional izateko bidea egin nahi duela, baina falta de oraindik.

Helburu konkreturik baduzu zeuk, edo taldeak?

Erronka polita jarri digu ligak hain hasiera zailarekin (barrez). Blanca berreskuratuko dugu, gure erreferentzia nagusia. Gure helburua ez da besterik hazten joatea eta ahalik eta goren iristea baino. Jende gaztea gara, eta Bea Sanchez, gure «ama» –34 urte ditu Kutxabank Araskiko jokalari ohiak– (barrez). Ezaugarri askotarikoak ditugu eta hazteko asko geratzen zaigu. Noraino? Ikusiko dugu. Eta ni ere, berdin. Liga honek asko motibatzen nau eta Lugon oso gustura nago hazten jarraitzeko.