INFO

Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelen aurkako boikota aldarrikatu dute Donostian

Jende mordoa bildu da larunbat honetan Donostiako erdigunean Palestinari elkartasuna adieraztekoa eta Israelen aurkako boikota aldarrikatzeko. Gazako herritarren aurkako «genozidioa» salatu dute.

Donostian egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Palestinari elkartasuna adierazteko hamarka lagun bildu dira larunbat honetan Donostiako erdigunean. Bildutakoek Israelen aurkako boikota aldarrikatu dute baita ere.

Donostiako BDZ nodoak azaldu duenez, bi hilabete igaro dira Israelen erasoa hasi zenetik, eta 20.000 palestinar baino gehiago hil dira dagoeneko. Izugarrikeria honen aurrean, elkarretaratzean parte hartu duten lagunek «Palestinako herriaren aurkako genozidioa» salatu dute, «astakeria» honen aurka agertu dira, eta erasoa gelditzeko eskatu dute. Era berean, elkartasuna modu «aktibo« batean adierazteko deia egin dute.

Gernika-Palestina herri ekimena

Bestetik, Gernika-Palestina herri ekimenak Elkartasun Aktiboa izeneko iniziatiba aurkeztuko du datorren asteazkenean Bilboko La Bolsa eraikineko ganbaran izango den agerraldian. Bertan izango dira Eneko Gerrikabeitia (Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundea) Agus Hernan (Gernika-Palestina herri ekimena) eta palestinar ordezkari bat.

Herri ekimenak gutxienez 20.000 pertsona bildu nahi ditu bi ardatz nagusi izango dituen kanpainan parte har dezaten: Benjamin Netanyahu nazioarteko epaitegien aurrean eramateko; eta Gazako herritarrei Mundubat GKE-ren bitartez laguntzeko. 

Herritarrek Palestinako bandera denda, etxe, ikastetxe, auto edota enpresetan jartzeko deia ere egingo dute.