Urriza eta Azpiroz izango dira Ansa II.a eta Martirenaren aurkariak Binakako finalean
Bi nafarrek Aldabe eta Barrenetxea IV.a menderatu dituzte hirugarren jokoan erabaki den ordu eta erdiko finalerdi gogorrean (15-14, 11-15 eta 8-1). Ez zioten hasiera ona eman lehiaketari, baina hobetzen joan dira asteak igaro ahala eta moralez beteta iritsiko dira txapelen borrokara.
Javi Urriza eta Xabier Azpiroz izango dira Ansa II.a eta Martirenaren aurkariak datorren larunbatean Erremonteko Binakako Txapelketaren finalean. Bi nafarrek ez zioten hasiera ona eman lehiaketari, baina hobetzen joan dira asteak igaro ahala eta moralez beteta iritsiko dira txapelen borrokara.
Aldabe eta Barrenetxearen kontrako finalerdia oso gogorra izan da, ia ordu eta erdikoa, eta lehen bi jokoak oso parekatuak izan dira. Aurrenekoan gorriak izan dira abantailak hartu dituztenak. Urrizak ongi mugitu du pilota eta bost tantoko tartea ireki dute 9-4an.
Baina Aldabe eta Barrenetxea ez zeuden amore emateko, eta lanari esker emaitza parekatzea lortu dute. Atzelari hernaniarrak sekulako defentsa erakutsi du tanto askotan, eta konfiantza gehiegirekin jokatu ez arren, Aldabek ere sinatu ditu tanto ederrak.
Horrela iritsi da jokoa 13-13ra lehenik eta 14-14kora ondoren, eta azkenean Urriza izan da pilota bikain moztuta jokoa gorrien alde erabaki duena.
Bigarren jokoan hobeto sartu dira urdinak. Kemen Aldabek urduritasunak ahaztu ditu eta tanto sorta bikaina amaitu du aurrean. Atzetik ederki lagundu dio Barrenetxeak eta hasiera-hasieratik hartu dute abantaila markagailuan.
Sei tantokoa zen tartea 5-11n, eta urdinak apur bat inguratu diren arren, gehiegi sufritu gabe itxi ahal izan dute jokoa: 11-15.
Bi joko horiek ikusita ikusmina zegoen Galarretan hirugarren eta azken seterako, baina zoritxarrez hor ez da kolorerik egon. Hasiera-hasieratik Javi Urrizak argi utzi nahi izan du berak erabaki behar zuela dema, eta baita lortu ere.
Mota guztietako tantoak sinatuz 8-1 gailendu dira gorriak, datorren larunbatean finala jokatzeko txartela eskuratuz.