INFO
Interview
Ane Arbillaga eta Beñat Larrinaga
Deustuko unibertsitateko irakasle eta ikerlariak

«Taldekideen komentarioek eragin handia dute argaltzeko presioan»

‘Argaltzeko presioa eta elikadura nahasmenduak edukitzeko arriskua emakume arraunlarietan’ ikerketa plazaratu dute Ane Arbillagak (Pasai Donibane, 1986) eta Beñat Larrinagak (Bilbo, 1991), azken honen doktore tesitik abiatuta. Atera duten argazkian «zoom» eginda, gehiago sakondu nahi dute.

Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga, Deustuko unibertsitateko irakasle eta ikerlariak. (Jon URBE | FOKU)

This browser does not support the audio element.


«Betaurreko sanitarioak dituzten nutrizionista eta psikologoen» figura aldarrikatzen dute Ane Arbillaga eta Beñat Larrinaga ikertzaile eta arraunlari ohiek. «Errendimendua zenbaki sinpleetan ikusteaz gain, gorputz forma bat eta pisu bat ikusteaz gain, beste dimentsio biopsikosozialei ere aditzea. Zein den pertsona horrek dauzkan arazoak gorputzaren irudiarekiko, ze joera arrisku ikusi daitezkeen jarrera askotan», dio Arbillagak, fisioterapeuta ere badenak.

Emakume arraunlariek izan dezaketen argaltzeko presioa ikertu dute, Euskotren liga, ETE liga eta Galiziako ligako 208 arraunlariekin galdetegi bat osatuta, emakumezkoen fitxa guztien %46. Laginarekin aseta agertu dira. Psikologo eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako adituek ere lagundu dute ikerketan. «Oso emaitza mamitsua lortu dugu; ikusi dugu arraunlarien artean sare potente bat dagoela eta bazeukatela parte hartzeko gogoa, eta horrekin eskertuta gaude», diote, NAIZi eskainitako elkarrizketan.  

Errendimenduaren izenean «hainbat astakeria» egiten dira. «Oso datu esanguratsua eman dugu, baina sekulako zuhurtziarekin esan nahi dugun zerbait da, ez da katastrofista ikuspegitik hartu behar, alarma egoeratik baizik. Sintomak edukitzeak ez du esan nahi elikadura nahasmen diagnostiko batera iritsiko zarenik, baina arriskua areagotu dezake», dio Arbillagak.

Biok arraunlariak izan zarete. Susmo bat bazenuten, gertutik ikusi duzuelako edo zuen gorputzetan ere nabari izan duzuelako?

Ane Arbillaga (A.A.): Aldageletan ikusi eta bizi izan genituen hainbat bizipen. Nik neuk ez nuen inolako arazorik izan, baina oso gertutik izan genituen hainbat kasu; gehienbat zaintza falta oso nabarmen batetik abiaturikoak. Zentzugabekeria zantzu asko zituzten jarrerak. Agian osasun profesionala naizelako edo prebentziotik jorratzeko daukadan joeragatik, ikusten nituen jokaera batzuk niretzat sinestezinak zirenak, eta oso normalizatuta zeudenak. Horrekin, egia esan, buruhauste asko izan nituen: esan, ez esan; salatu, ez salatu... Bizipen oso potenteetatik abiatuta, hipotesiari forma eman nahi izan genion.

Beñat Larrinaga (B.L.): Entrenatzaileek txikitatik pisatu gaituzte, kontrolak eraman, nagusiagoa zarenean antropometria apur bat zehatzagoak... Kontu batzuk izan daitezke ohitura osasuntsuak, baina hain osasuntsuak ez ziren jarrerak ere ikusi ditut: pisatze baten aurretik ez jatea, entrenamendua gosaldu gabe, ordubetez korrika egitea pisaketa baten aurretik eta gero entrenatzera joan eta gutxi jan... Gauza horiek guztiak, arraun munduan normaltzat hartzen direnak eta, are gehiago, arraunlarien artean ere sustatu egiten direnak. Ohartu behar gara ez direla normalak. Prestatzaile fisiko edo entrenatzaileek arraunlariak hezi ere egin behar dituzte. Eta jarrera hauek saihestea ohitura bihurtu behar dugu, txokolatezko palmerak ez jatea ohitura bihurtu dugun moduan.

Nutrizionistaren figura berandu sartu da arraunean?

A.A.: Bai. Arraunak daukan arazo nagusia baliabide falta da. Klub bakoitzak ahal duena egiten du, dauzkan babesle eta dituen dirulaguntzekin. Ez da lupa beraien gainean jarri behar, ez mediku eta ez entrenatzailearen gainean. Bakoitzak ahal duena egiten du. Hortik, klub bakoitzak erabakitzen du baliabideak nora bideratu: askotan entrenatzaile on baten aurrekontua hain da handia, non beste gauza batzuk alde batera utzi behar diren, eta, kasu hauetan, nutrizionistaren figura ez da lehenesten. Gaur egun gero eta gehiago, hobetzen ari d, poliki-poliki, profesionalizatzeko bide horretan. Nutrizionistaren figura gero eta presenteago dago, eta horrek agian bermatu dezake beste tratamendu bat.

«Oso gertutik bizi izan genituen hainbat kasu; gehienbat zaintza falta oso nabarmen batetik abiaturikoak»

Susmo bati zenbakia jarri diozue. Zenbatekoa da eragina portzentajeetan, esan ahal baldin bada?

A.A.: Zenbakiei errezeloa diegu, zenbaki soil batean azalpen oso bat laburtzea ez dugu ondo ikusten. Esan genezake arazoa larria dela, erdia baino gehiago, heren bat baino gutxiago; horrek ez du esan nahi kopuru horren barruan arraunlari guztiek arazo bera eduki dezaketenik. Ezta gutxiago ere. Ez da diagnostikorako egiten den azterketa bat. Egin duguna da arriskurik badagoen edo ez detektatu, jokaera desegokiak eta osasungarriak ez direnak badaudela frogatu, eta diagnostikotik oso urrun geratzen den hurbilketa bat egin; baina mahai gainean arazoak daudela azaleratzen duen zenbaki bat da.

Ohartarazpen baten moduko zerbait da, jarrera desegoki horiei buelta emateko?

B.L.: Egin behar duguna da azterketa sakon bat arraunlari bakoitzaren inguruan; nire gomendioa da klub bakoitzean hau sustatzea, elkarrizketarako gune seguru bat sortzea, nutrizionistarekin, taldekidearekin, entrenatzailearekin, kirolari bakoitzak sentitzen duen presioa adierazteko.

Argaltzeko presioan eragina duten faktore garrantzitsu izan daitezke taldekideen arteko komentarioak.

A.A.: Galdetegiak ea presioa nondik datorren galdetzen du eta gero faktore edo item batzuk batera neurtzen ditu. Kasu honetan, uniformeak eta taldekideen presioak garrantzi handia omen daukate. Eta Beñatek eta nik onartzen dugu hori guk egin dugula arraunlari gisa, taldekideen artean komentarioak oso ohikoak direla. Hor zabaltzen da mingarria den zerbait eta guk autokritika eta hausnarketa planteatzen ditugu.

B.L.: Harritu gintuen taldearen eragina hain indartsua izateak, arrauna talde kirol bat izanda. Bakoitzaren pisuak besteengan eragina dauka errendimenduan. Orain gehiago identifikatzen dira. Nahi duguna da arraunlariak gehiago kontzientziatu, batez ere egiten diren komentarioek, gainontzeko taldekideengan, zer-nolako eragina izan dezaketen ohartarazteko.

A.A.: Arraun egiteko jantziarena, monoarena da orain arte kontuan hartzen ez zen beste elementu bat. Faktore estetiko eta presio mediatiko horrek badauka eragina. Zergatik saskibaloikoak ez dira kezkatzen? Ba agian beraien jantziak ez duelako kezka gehigarri hori ematen.

«Diagnostikotik oso urrun geratzen den hurbilpen bat da, baina mahai gainean arazoak daudela azaleratzen duen zenbaki bat da»

Esan ohi da traineruak pisu gutxiagorekin arinago joan beharko zukeela eta horretarako egiten direla pisaketak, hala da?

B.L.: Deustuko unibertsitateko ikerketa taldeko kide bat, Patxi Leon, dabil honen inguruan ikertzen, baina traineruaren inguruko guztia aztertuta, nik ez dut aurkitu oraindik artikulu zientifikorik esaten duena trainerua zenbat kiloko batez bestekora prestatuta dagoen. Ez dakigu zenbat kilorentzat dagoen prestatuta: esaten da 74 kilorentzat, saiatzen dira gizonezkoetan tarte horretako batez bestekoak erabiltzen, baina emakumezkoetan ez dakigu, eta mediak askoz ere baxuagoak dira.

A.A.: Arazo nagusia da gizonezkoetan teoria horri zentzu bat eman zaiola eta horri heltzen diola prestatzaileen ehuneko oso handi batek, baina hori emakumeen kiroletara nola eramaten den, hor dago benetan jakin beharreko datua. Ze egia da, pisu gutxiagorekin ontziak azkarrago joan beharko luke, betiere indarra lantzen baduzu eta daukazun pisu hori indar mailarekiko efektiboa denean. Eta azalera txikiagoa izanda, egia da erresistentzia baxuagoa dela, baina oreka eta flotagarritasun mailaren balantzak handiagoak dira hondoratze maila hori igo egiten baduzu. Alkimia moduko bat da. Misterio asko dago eta misterio horren izenean hartzen diren erabakiak emakumeen arraunean, askotan azkarregi hartutako erabakiak dira, eta beti gizonen prismatik eginak.

Euskotren ligako lau traineru, estropada baten hasieran. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gizonezkoetan ere errepikatuko dira portaera hauek, ala?

A.A.: Gizonezkoek errendimendu maila modu askoz handiagoan hauteman dezakete, presio mediatikoa, pertsonala, lehiakortasun maila postu bat lortzeko... Gizonezkoetan egin izan bagenu, agian datuak okerragoak izan zitezkeen. Baina uste bat da. Gainazaleko datu bat atera dugu eta orain ikertzen jarraitu nahiko genuke; horretarako baliabide bila gabiltza.

Nabarmendu nahiko zenuketen beste zerbait ba al dago?

B.L.: Zenbat eta autoestimu altuagoa izan eta zure gorputzarekin erosoago egon, orduan eta arrisku gutxiago dago elikadura nahasmendua izateko. Horregatik garrantzitsua da taldekideekin hitz egitea, gune babestu horiek sortzea... Eta hemen psikologoen ekarpena oso baliotsua izan daiteke.

«Garrantzitsua da taldekideekin hitz egitea, gune babestu horiek sortzea... Eta hemen psikologoen ekarpena oso baliotsua izan daiteke»

A.A.: Beste arrisku faktore bat autoexijentzia fisikoa da: entrenatzeko joera maila altuan edukitzea edo zure burua gai ikustea fisikoki oso maila altuan entrenatzeko. Hori ere arraunak eskatzen duen beste gauza normalizatu bat da, astean behin deskantsua edukitzea eta, asteburuak barne, entrenamendu exijenteak, oso denboraldi luzea den prozesuan. Hau ere oso zabalduta dago. Ez dakigu ondorioa den edo egon beharreko zerbait. Gure garaian egiten genituen astakeriak gogoratu ditut.

Beñat, aipatzen zenuen arraunlariei txikitatik ezarri ohi zaien presioak ondorioak ekar ditzakeela luzaroan, eta zaindu egin behar direla.

B.L.: Tesia hasi nuenean, banekien osasun arloa sartu behar nuela. Jende gaztea asko zaindu behar dugu, kontuan hartuta jubeniletatik lehiatu ahal direla goi-mailako txapelketetan. Etorri izan zaizkit arrauna jada utzita daukaten lagunak, esanez oraindik elikadurarekin harreman  ez osasuntsu batzuk dauzkatela, arraunlari zirenean barneratu zituztenak.