INFO

Unai Laso hasi da Joseba Ezkurdia hartu ezinik dabilen konfiantza berreskuratzen (10-22)

Aurkariek oso gutxi behartuta, aspalidko partidarik erosoena eta borobilena jokatu du Bizkarreta-Gerendaingoak eta lehiakortasunik gabe aritu diren arbizuarra eta Tolosa harrapatu dituzte sailkapenean (22-10)

Ezkurdia baino askoz eraginkorrago aritu da Laso erasoan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Fisikoaz harago, aldarteak ere sekulako garrantzia du esku pilota profesionalean, are gehiago Binakakoa bezalako txapelketa luze batean eta Astelenako Eguberri eguneko partidak argi utzi du, Unai Laso pixkanaka bere konfiantzaren depositua betetzen ari den bitartean, Joseba Ezkurdiak berea bete ezinik dabilela azkenaldi luze honetan. Iazko Lau eta Erdiko txapela jantzi zuenetik arbizuarraren bertsiorik onena ikusi ezinik jarraitzen dugu, gaur, tarteka ale oso ederrak utzi dituen arren, apenas estutu du Bizkarreta-Gerendaingoa eta honek aukera baliatu itzuli zenetik osatutako partidarik borobilena egiteko, denera 10 tanto amaitu eta apenas bi pilota galduta.

Atzean ere, Xabi Tolosak oso partida hasiera itxaropentsua osatu badu ere, batez ere ezkerrez pilota ondo atzeratuz, aurrean behar bezalako laguntzarik gabe, pixkanaka behetik gora egin duen Aranguren baten mendean izan da amaierarako, etsiak eta eskuin belaunean kolpe handi xamar bat hartuta.

Partidaren giltza, ordea, aurreko koadroetan izan dela esan genezake, Unai Laso Joseba Ezkurdia baino gehiago izan baita, egindakoetan eta baita galdutakoetan ere. Normalean horren fidagarria izaten den ezker gantxoaren termometroak ere ez du gaurkoan arbizuarrarekin funtzionatu, Aspeko bikotearen lehen hiru tantoetatik bi gisa honetan lortu dituzten arren, berehala amildu dira eta euren burua markagailuan atzetik ikusi dutenean. Gauza da, partidaren lehen erdi horretan Lasok eta Arangurenek ere ez dutela beste munduko ezer egin beharrik izan partida euren aldera ekartzeko. Esaterako, 10-4 aurreratzeko, 4 tanto baino ez dituzte bukatu Baikokoek, Ezkurdiak huts egindako sei pilotekin.

Erasoan baino, defentsan batere sendotasunik gabe aritu da arbizuarra tarte horretan, misterio handirik gabeko pilotak eraman gabe utzita eta bere buruarengan konfiantza osoa errotik galduta. Azken bi partidak garrantzi handikoak ziren bikotearentzat Arrasate eta Eibarren, printzipioz euren ligako bi bikoteren aurka eta Uarkapen, oso atzetik hasita, Artola eta Imaz estutzera heldu baziren, gaurkoan erraz antzean eman dute amore. Partida osoan lehen atsedenaldiaren aurretik baino ez dituzte bi tanto segidan egin eta horrela ezinezkoa da puntuak batzea.

Erreakziorik gabe

Bigarren erdian etsiak goitik behera hartu ditu Ezkurdia eta Tolosa, nahiz eta tarteka, 15-8koan oinak lauren gainean zituela jotako boleatzarra bezalako ale ederrak utzi eta Laso eta Aranguren asko hazi dira. Donostian Altunak zabalean kilimak bilatu bazizkion, gaur gorriek oso gutxi estutu dituzte eta Bizkarreta-Gerendaingoak, molestiak molestia, etekina atera dio, bere egindako tantoen zakua betez.

Sake luzeekin, sake-errematean oso eraginkor aritu da, denera zazpi tanto amaitu ditu airez eta etxera gustura joateko moduan da, aspaldiko partidarik eroso eta borobilena jokatuta.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Tolosa: 10

Laso-Aranguren: 22

Pilotakadak: 405. Iraupena: 56,05 minutu.  Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-10, 4-10, 4-11, 6-11, 6-12, 7-12, 7-15, 8-15, 8-16, 9-16, 9-21, 10-21, 10-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 2 Lasok. Egindakoak: 6 Ezkurdiak, 0 Tolosak, 10 Lasok eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 2 Lasok eta 2 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera guztiak aspaldi agortuta, giro bikaina Eibarko Artelenan. Lehen sakea gorri.